Euskadiko esnetarako behien etorkizuna ziurtatzeko parte-hartze bidezko estrategiak

Albisteak, Araba, Bizkaia

NEIKERek bi jardunaldi antolatu ditu Arkautin, sektorearekiko kodiseinuan eta elikagai-autonomiaren hobekuntzan oinarritutako soluzioen transferentzian sakontzeko 

Topaketa horiek Europako TEDY ekimenaren barnean daude. Ekimen horren helburua da esne-ekoizpena eredu jasangarriago eta erresilienteagoetara aldatzea, printzipio agroekologikoen bidez 

Estrategia hori bat dator Eusko Jaurlaritzaren Esnetarako Behien Plan Sektoriala egiteko prozesuarekin

Euskal Autonomia Erkidegoko esnetarako behien sektoreak bere etorkizuna baldintzatzen duen egiturazko eraldaketa bati egin behar dio aurre. Azken hamarkadan, ganadutegien kopurua % 39 jaitsi da, eta murrizketa horrek batez ere abeletxe txikietan du eragina, eta agerian uzten du belaunaldien arteko erreleboa ziurtatzeko zailtasuna. Aktiboen galera hori gorabehera, guztizko esne-ekoizpena % 8 baino ez da murriztu; aitzitik, behi-errolda % 22 murriztu da, Arrakala horrek baieztatzen du, gaur egun sektorea teknifikazioari esker profesionalizatuagoa eta efizienteagoa den arren, gero eta presio handiagoa dagoela abeltzaintzako jardueraren errentagarritasunean eta jarraitutasunean.

Egoera horren aurrean, NEIKER zentro teknologikoak ezagutza transferitzeko bi jardunaldi antolatu ditu asteotan Arkautiko egoitzan, Europako TEDY (Together for Agroecological Transition in European Dairy Farming) proiektuaren barruan. Ekimen horren helburua da esne-ekoizpena eredu jasangarriago eta erresilienteagoetara aldatzea, printzipio agroekologikoen bidez.

Abeltzaintzako profesionalei, sektoreko teknikariei eta balio-kateko ordezkariei zuzendutako topaketen helburua izan da ekoizpen-efizientzia eta ingurumen- eta gizarte-jasangarritasuna orekatzeko praktikak identifikatzea, eta, hala, EAEko ganadutegien bideragarritasuna indartuko duten tresnak ematea.

«Espazio horiek komunitate zientifikoaren eta esne-sektoreko balio-katean inplikatutako eragile guztien eta, bereziki, ganadutegien eguneroko kudeaketaz arduratzen direnen arteko ezagutza eta esperientzien trukea errazteko diseinatuta daude, soluzio teknologikoek arloko benetako beharrei erantzuteko», azaldu du Roberto Ruiz Animalia Zientziako Saileko ikertzaile eta gaur egun NEIKEReko Lurralde Inpaktuko zuzendaria denak.

Parte-hartze bidezko metodologiak

Lankidetza-ikuspegi horrekin, joan den astean lehen jardunaldia egin zen, Aragoiko Nekazaritza Ikerketa eta Teknologia Zentroarekin (CITA) lankidetzan, Living Lab metodologian arreta jartzeko. Topaketa horretan sektoreko hogei bat eragile bildu ziren, proiektua aurkezteaz gain, erronka nagusiak kontrastatu eta ebaluatzeko, eta EAEko ganadutegien praktika agroekologikoen bideragarritasuna aztertzeko.

Saioan, neurri zehatzak aztertu ziren, hala nola gehigarri naturalak erabiltzea metano enterikoaren emisioak murrizteko, azienda monitorizatzeko gailu teknologikoak erabiltzea edo abere talde bakoitzaren elikadura-efizientzia neurtzeko adierazle berriak abian jartzea.

«Ikuspegi horrek aukera ematen du balio-kateko eragile guztien artean parte-hartze bidezko soluzioak eraikitzeko, eta politika publikoen diseinuan eragiten ere saiatzen da, ezagutza teknikoa sektorearen zuzeneko esperientzia integratuta», adierazi du ikertzaileak.

Soluzio praktikoak bilatzen jarraitu dugu gaur goizean, kalitatezko bazkak egitearen bidezko elikadura-autonomia aztertzera bideratutako bigarren jardunaldian. Topaketa horretan aztertu da nola bihurtu larre propioa «premium elikagai», marjina ekonomikoa hobetzeko, zenbait inputen —ongarriak edota zerealak— kostuen igoeraren aurrean.

Zehazki, saioan zehar, bazka edo bazka-labore motaren araberako mozketa-unerik onena ebaluatzeko teknikak aurkeztu dira, nutrizio-balioaren galerak minimizatzeko, % 20-30ekoak izan baitaitezke bazka gaizki siloratu edo ontzen bada.

Ildo horretan, Ruizek ondorioztatu duenez, «zuzeneko lotura dago bazka propioen kalitatearen eta elikadura pentsu kontzentratuen bidez osatzeko beharren artean, eta, beraz, ekoizpen-kostuen artean, baina baita metano enterikoaren emisioen artean ere. Kalitate handiko bazka propioa ekoiztea da egungo erronken aurrean sektorearen errentagarritasuna ziurtatzeko eta lehiakortasuna indartzeko biderik eraginkorrena».

Euskal Autonomia Erkidegoko sektore-estrategiarekin bat etortzea

Saio horietan eta TEDY proiektu osoan sortutako ezagutza bat dator Eusko Jaurlaritzak sektoreari laguntzeko bultzatutako estrategiarekin, zeina Esne Behien Plan Sektorialean zertzen baita. Agiri estrategiko hori idazteko azken fasean dago, administrazioa eta sektoreko eragileak urtebetez lankidetzan aritu ondotik.

Plan horren helburua da, berrikuntza aplikatua integratuta, Euskal Autonomia Erkidegoko ekoizpen profesionalaren eredua sendotzea.

Partekatu

Beste berri batzuk