Euskadiko Parke Teknologikoak 40 urte ospatu ditu Bizkaian eta Zamudio/Derio Campusaren hedapena iragarri du, bere tamaina bikoizteraino

Albisteak

Imanol Pradales Lehendakariak, Zamudio/Derio Campusean 1,2 milioi metro karratu gehitzeko aukera emango duen Mantuliz (Derio) bisitatu du gaur

“Duela 40 urte bezala, begirada altxatu behar dugu, ziurgabetasunari ekintzaz erantzun, eta apustua areagotu. Etorkizunari lekua egin behar diogu. Baita gure enpresa- eta teknologia-sarearen dinamismoari ere, sare hau eraldatzeko ahaleginean”, ziurtatu du Lehendakariak

Gaur egun, Zamudio/Derio Campusaren okupazio-maila % 97koa da, eta 265 enpresa daude instalatuta.

Lehendakariak azpimarratu duenez, Euskadiko Parke Teknologikoak “hazteko aukera izan behar du, herri gisa hazten laguntzeko. Mundu osoko beste ekintzailetza polo eta ekosistema batzuekin konektatzen jarraitzeko, eta gure harrobiari aukerak eskaintzeko”

Euskadiko Parke Teknologikoak gaur egun Zamudio/Derio Campusa dena sortu zeneko 40. urteurreneko ekitaldi ofiziala egin du gaur arratsaldean, bere tamaina ia bikoiztera eramango duen hedapen fase berriari begira

Derioko udalerrian, Mantuliz eremurantz egingo den hazkundearen berri eman du Imanol Pradales Lehendakariak, Mikel Jauregi Eusko Jaurlaritzako Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasunaren sailburuarekin, Ainara Basurko Bizkaiko Foru Aldundiko Ekonomia Sustatzeko diputatuarekin, Jaione Ganzarain Euskadiko Parke Teknologikoko presidentearekin eta Itziar Epalza Euskadiko Parke Teknologikoko zuzendari nagusiarekin, Esther Apraiz Derioko alkatearekin eta Lander Aretxabaleta Zamudioko alkatearekin batera bertara egindako bisitan.

Imanol Pradales Lehendakariak nabarmendu du parke teknologikoak eraldaketarako eta hazkunderako tresna izan direla Euskadirentzat: ekonomia etorkizuneko sektoreetara bideratuz, enplegu kualifikatua eta aukera berriak sortuz, eta ezagutza eta teknologia sortuz eta transferituz. “Duela 40 urte bezala, begirada altxatu behar dugu, ziurgabetasunari ekintzaz erantzun, eta apustua areagotu. Etorkizunari lekua egin behar diogu. Baita gure enpresa eta teknologia sarearen dinamismoari ere, eraldaketa horretan buru-belarri sartuta”, adierazi du.

Gainera, Pradalesek azpimarratu du Euskadiko Parke Teknologikoak hazteko aukera izan behar duela, “herrialde gisa hazten laguntzeko. Mundu osoko beste ekintzailetza polo eta ekosistema batzuekin konektatzen jarraitzeko, eta gure harrobiari aukerak eskaintzeko”.

2025eko ekitaldiko jarduera datuen arabera, Zamudio/Derio Campusean 265 enpresa daude dagoeneko, eta egunero 12.000 pertsonak egiten dute lan horietan. Okupazio-indizea % 97koa da, proiektu teknologikoak sortzeko erreferentziazko leku gisa finkatu den espazioan. Okupazio maila handi horren ondorioz, beharrezkoa da Campusa handitzeko prozesua bizkortzea.

Mantulizko lursailak gehitzeak (1,2 milioi metro karratuko azalera) Zamudio/Derio Campusaren espazioa ia bikoiztea ekarriko luke, izan ere gaur egun 1,1 milioi metro karratu ditu Zamudioko udalerrian eta 730.000 Deriokoan.

Campusak jarduera nabarmena biltzen du sektore hauetan: IRABAZI (gaur egun bultzatzaileak diren industria sektoreak), hala nola Fabrikazio Aurreratua eta Energia, eta HAZI (etorkizunerako potentzial bultzatzailea duten sektoreak), hala nola Aeroespaziala, Biosanitarioa edo Eusko Jaurlaritzaren Euskadi 2030 Industria Planean jasotako Soluzio Digital Aurreratuak.

Guztira, Euskadiko Parke Teknologikoaren Bizkaiko Campusetan –Zamudio/Derio, Abanto, Leioa eta Bilbo– 297 enpresa daude, 2025eko ekitaldiko jarduera datuen arabera, eta horietan 13.000 pertsona inguruk egiten dute lan egunero. Guztien artean 5.900 milioi euro inguru fakturatu zituzten.

Mantulizerantz hedatzeko eragiketa, Industria Planeko lidergo publikoko “Lurzoruen Erreserba Estrategikoa” Proiektu Eraldatzailearen barruan (Euskadi 2030), instalatutako enpresen jardueraren hazkundeari eta haien espazio eskaerari emandako erantzunik egokiena da, bai eta proiektu estrategikoak erakartzeko espazioak erreserbatu beharrari emandakoa ere.

Lehen enpresen ezarpenerako aurreikusten den denbora-muga 2030. urtetik aurrera doa.

Euskadiko Parke Teknologikoaren hedapen integrala

Gaur egindako iragarpenaz gain, Euskadiko Parke Teknologikoa modu paraleloan ari da lanean bere instalazioak lurralde osoan zabaltzeko. Bizkaiaren kasuan, eragiketarik nabarmenenak Bilbo Campusarekin du zerikusia, bertan, duela gutxi sartu den eta Idom, Mondragon, Vicomtech eta Ikerlanekin bat egiten duen Lantek proiektuarekin Zorrotzaurreko Ipar Punta amaitu da. Hiri Campus aitzindari hori teknologia digital aurreratuak garatzeko erreferentziazko gunea izango da: adimen artifiziala, datuen analitika eta zibersegurtasuna.

Beste proiektu batzuk ere martxan daude, Donostia Campusa, adibidez, Illunberanzko hedapenarekin eta nazioartean erreferentzia izango den Biozientzien sarea sendotuz. Bestalde, Gasteiz Campusean 900.000 metro karratu gehitzea aurreikusten da neurri handiko proiektuak erakartzea errazteko.

Oro har, Euskadiko Parke Teknologikoa etengabe hazi da azken urteotan. Gaur egun, 692 enpresa biltzen ditu bere Campusetan, eta horietan 24.000 pertsonak baino gehiagok egiten dute lan –7.700 profesionalek egiten dute lan I+Gn–, eta guztien artean 9.257 milioi euro fakturatu zituzten 2025ean, aurreko urtean baino % 12,3 gehiago.

Gainera, I+Gra bideratutako baterako inbertsioa % 30 hazi da, 2024an 660 milioi euro izatetik 2025ean 854 milioi euro izatera igarota, eta Industria-Euskadi 2030 Planeko HAZI eta IRABAZI sektoreetako enpresek gaur egun fakturazio osoaren % 76a hartzen dute.

Partekatu

Beste berri batzuk