Euskadiko Parke Teknologikoak Gipuzkoan hedatzen jarraitzen dute, Hernaniko Campuseko Galarretako eraikin berriaren esleipenarekin

Albisteak, Gipuzkoa

Proiektua urtarrilerako egongo da amaituta, eta 2024an eraikitzen hastea aurreikusten da

Eraikin berriak 10.000 m2-ko eraikigarritasuna izango du, eta eraikuntza 2026aren hasieran amaitzea aurreikusi da

Eraikin berriaren eraikuntzan Eraikuntza jasangarriaren, ekodiseinuaren eta ekonomia zirkularraren printzipioak aplikatuko dira

Jarduketa horri esker, gainera, Gipuzkoako parkeen hazkunde-beharrari erantzun ahal izango zaio, gaur egun haietako eraikinak % 95ean okupatuta baitaude

Euskadiko Parke Teknologikoek esleitu dituzte Hernaniko Campuseko (Galarreta) eraikin berriaren proiektuaren idazketa eta zuzendaritza fakultatiboa. Proiektuaren idazketa aurten amaituko da, eta eraikuntza-lanek 24 hilabete iraungo dutela aurreikusten da. Eraikin berria biribilgune nagusiaren ondoan egongo da, Hernaniko Campuseko sarreran -ikuspen handieneko leku batean-, eta zerbitzu publiko guztietatik gertu. Enpresa esleipenduna IDOM Consulting Engineering Architecture S.A.U. da.

Eraikin berria 6.045 m2-ko lursail baten gainean eraikiko da, eta bulego, laborategi edo I+G zentroetarako erabiliko da. Lurzatiaren eraikigarritasuna 10.000 m2-koa da, eta eraikinaren gehieneko altuera 19 m-koa. Eraikinaren kostu zenbatetsia 18,2 milioi eurokoa da.

Euskadiko Parke Teknologikoek Hernaniko Campusaren aldeko apustu instituzionala indartu dute esleipen horrekin; izan ere, Couth enpresaren instalazio berriak ezartzeko akordioarekin ezarri zen lehen mugarria. Aurtengo uztailean amaituko da enpresa horren eraikinaren eraikuntza. Gainera, Gipuzkoan espazio berrien eskaerari erantzuteko urrats garrantzitsua da, okupazioa handia baita –eraikinen % 100etik hurbil–.

Obren hasiera 2024an

Galarretako eraikin berriaren obrak 2024an hastea aurreikusi da, eta gehienez ere 24 hilabeteko egikaritze epea izango dute. Eraikuntza bat etorriko da Euskadiko Parke Teknologikoen Plan Estrategikoan ezarritako Parke Berdearen eta Smart Parkearen helburuekin, eta eduki birziklatua duten materialak obran jartzeko konpromisoa jasoko du, obraren guztizkoaren % 40 material horretakoa izango dela bermatzeko.

Eraikina, urtean zehar egin beharreko lanetan intsolazioa, lurzoruaren kalitatea edo landarediaren etapa guztiak eta maldak bezalako faktoreak kontuan hartuko dituzten berdegunez inguratuta egongo da, klimara egokitutako espezie autoktonoekin. Berdeguneetan, materia organikoa berriro sartzeko soluzioak eta euri-urak biltzeko eta berrerabiltzeko sistemak sartuko dira.

Partekatu

Beste berri batzuk