Euskadiko Parke Teknologikoek emakumeek zientziaren eta teknologiaren arloan duten lekua ikusarazten laguntzen dute

Albisteak, Araba, Bizkaia, Gipuzkoa, Konpromisoa

Aurten ere bat egingo dute “Emakumeak Zientzian” proiektuarekin, urtero otsailaren 11n egiten den Emakumeak eta Neskatoak Zientzian Nazioarteko Eguna ospatzeko

Euskadiko Parke Teknologikoek konpromiso sozial sendoa dute, eta gazteen eta emakumeen artean bokazio zientifikoak sustatzen dituzte. Otsailaren 11n Nazio Batuek bultzatutako Emakumeak eta Neskatoak Zientzian Nazioarteko Egunaren ospakizunarekin bat etorriz, parkeek hainbat jardueratan hartzen dute parte, emakumeek zientzian egiten duten lana ikusarazteko, jarduera zientifiko-teknikoei esleitutako ohiko rol maskulinoak hausteko eta nesken eta nerabeen artean karrera zientifikoak aukeratzea sustatzeko.

Jarduerak “Emakumeak Zientzian” proiektuaren barruan daude. Proiektu horretan, hogeita lau euskal erakundek euren indarrak batu dituzte, eta ekimenaren helburuekiko konpromisoa berretsi dute.

Ekimen horien artean, nabarmentzekoa da otsailaren 8tik 28ra Intxaurrondoko Kultur Etxean (Donostia),  “Emakumeen mundua aldatu zuten eta aldatzen ari diren emakumeak” erakusketa. Erakusketa horrek gizateriari ezinbesteko ekarpenak egin dizkioten eta gaur egun egiten jarraitzen duten emakumezko erreferenteen ibilbidea ezagutzera ematen du.

Era berean, otsailaren 14an, 16:00etan,  ikastetxeetako irakasleei eta orientazio-langileei zuzendutako STEAM Hezkuntza eta STEM profesionalak izeneko online aurkezpena egingo da. Inspira STEAM aurkeztuko dute, nesken artean bokazio zientifiko-teknologikoa sustatzeko Euskadin aitzindari den proiektua, sentsibilizazio- eta orientazio-ekintzetan oinarritua, Parke Teknologikoetako Campusetako enpresa eta ikerketa-zentroetako ikerketa, zientzia eta teknologiaren munduko emakume profesionalek ematen dutena.

Neskengan bokazio zientifiko-teknologikoak pizteko asmoz, Lehen Hezkuntzako ikasleekin talde-mentoring izeneko teknika erabiltzen duen programa horretan Euskadiko Parke Teknologikoek hartzen dute parte, neskengan STEAM lanbideekiko (Zientzia, Teknologia, Ingeniaritza, Arte eta Matematikaren ingelesezko siglak) interesa sustatzeko.

Nazio Batuen Batzar Nagusiak Emakumeak eta Neskatoak Zientzian izeneko Nazioarteko Eguna izendatu zuen otsailaren 11, emakumeek komunitate zientifikoan eta teknologian betetzen duten funtsezko lekua aintzatesteko. Parkeek gizarte konpromiso handia dute, emakumeak zientzian eta teknologian betetzen duen lekua zabaltzen laguntzen dute eta bokazio zientifiko-teknologikoak sustatzen dituzte. Plan Estrategikoak hartzen duen 2021-2024 aldian, 6.000 ikasle gaztek baino gehiagok parte hartuko dute bokazio zientifiko-teknologikoak bultzatzeko ekimenetan.

Gaur egun, 7.900 emakumek baino gehiagok egiten dute lan Euskadiko Parke Teknologikoek osatzen duten ekosisteman, bertako langile guztien ia % 40a.

Emakumeak Zientzian 2023

“Emakumeak Zientzian” ekimenak, atxikitako ikerketa-erakunde eta -zentroetan lan egiten duten emakume zientifiko eta teknologo guztiak omenduko ditu. Horien artean parkeetako zenbait enpresa eta ikerketa-zentro azpimarratu behar dira: Achúcarro, CIC biomaGUNE, Basque Centre for Climate Change (BC3), Basque Center for Applied Mathematics (BCAM), Basque Center on Cognition, Biofisika Bizkaia Fundazioa, Brain and Language (BCBL), Biodonostia, Ceit, Cidetec, Eureka! Zientzia Museoa, Ikerlan, Tecnun eta Tecnalia.

Emakumeak Zientzian 2023 ekimenaren programazioa otsailaren 8tik 17ra luzatuko da. 50 jarduera eta ezusteko baino gehiago izango dituen programa zabala diseinatu da. Hainbat motatako ikerketa-eremuak barne hartuko ditu, hainbat zentroren batasunari esker, ‘zientzia bada nesken kontua’ dioen mezua ahalik eta jende gehienarengana hel dadin. Edizio berri honetan, eremu geografikoa ere zabaldu da, Bizkaiko erakundeen parte-hartzeari esker, eta, beraz, programa Gipuzkoan eta Bizkaian zabalduko da, hiriburuetan batez ere.

Otsailaren 11ren inguruan, nerabeentzako ingeniaritza eta nanozientzia tailerrak, mahai-inguruak eta ikastetxeentzako ikerketa-zentroetara bisitak antolatuko dira, baita orientazio akademikoarekin lotutako saioa ere, irakasleentzat, etorkizuneko belaunaldientzat erreferente izango diren benetako ereduak aurkezteko helburuarekin.

Berritasun gisa, ‘Eskolara Buelta’ jarduera gehitu zaio eskola-eskaintzari. Jarduera horrek, beren ikasgeletara ikertzaileen in situ bisita eskatzeko aukera ematen die ikastetxeei. Familiek Zientziaren Izarrak tailer esperimentalez gozatu ahal izango dute Eureka! Zientzia Museoan, Altxorraren bila jolas ezagunean oinarritutako Zientziaren Altxorra jolasarekin, edo Ginkana zientifiko dibertigarriez, besteak beste.

Era berean, 55 urtetik gorako emakumeak bezalako kolektibo espezifikoan jarriko da arreta, emakume helduek kulturaren transmisore gisa betetzen duten tokia balioesteko, Esperientziaren indarra jarduerarekin. Bertan, edonon egiteko moduko esperimentu labur eta errazak egingo dira, kultura zientifikoa familietan eta gure inguruneetan ibil dadin. Gainera, Victoria Eugenia Club Aretoan eta Bilboko Bidebarrieta Liburutegian Atzoko eta gaurko Emakume Zientzialariak ekitaldia egingo da jende guztiarentzat. Bertan, hainbat ikerketa-esparrutan lan egiten duten zenbait emakume zientifiko agertokira igoko dira, gauzatzen dituzten ikerketa-proiektuei buruz hitz egiteko eta historiako zenbait emakume zientzialari handi omentzeko, haien bizitza eta ekarpen zientifiko liluragarrien kontakizunaren bidez.

Jardueren egitarau osoa www.emakumeakzientzian.eus webgunean dago ikusgai.

Partekatu

Beste berri batzuk