Euskadiko Parke Teknologikoek jarduerari eutsi zioten 2012.urtean
- Iazko urte amaierako datuek, igoera arinak erakusten dituzte fakturazioan, enpleguan eta enpresa kopuruan.
Euskadiko Parke Teknologikoen Sarea osatzen duten lau parkeek (Arabako Teknologi Parkea, Bizkaiko Zientzia eta Teknologia Parkea, Gipuzkoako Zientzia eta Teknologia Parkea, eta Garaia Berrikuntza Gunea) portaera positiboa izan zuten 2012.urtean zehar, izan ere %4 eta %1 bitarteko igoerak izan baitzituzten fakturazioan, enpleguan eta enpresa kopuruan.
Enpresen atalean, 2012.eko abenduaren 31an lau teknologi parkeotan kokatutako enpresa kopurua 430ekoa izan zen, aurreko urtean baino 6 gehiago (+%1); enpleguari dagokionez, 14.991 lanposturekin itxi zuten urtea parkeek, aurreko urtean baino 543 gehiago (+%4); eta baterako-fakturazioa 3.758 milioi eurotakoa izan zen, 2011.urtean baino 52 milioi euro gehiago (+1%).
2012.urtean, Euskadiko Parke Teknologikoetan kokatutako enpresek 477 milioi euroko gastua egin zuten I+G arloan, fakturazio osoaren %12a; horrenbestez, azken lau urteetako gorako joerari eutsi diote enpresek ikerketa eta garapenaren arloan. I+Gn lan egiten dutenen kopuruak ere gora egiten jarraitzen du, horrela, gaur egun parkeetan lan egiten dutenen %32a dira.
Ikerketa eta Garapenaren arloan, aipatzekoa da Euskadin I+Gan egiten den gastu osoaren %35 Teknologi Parkeetan egiten dela; eta enpresek I+Gan egiten den gastu osoaren %46. Pertsonen arloan berriz, Euskadin I+Gan lan egiten duten pertsona guztien %25aren jarduna Teknologi Parkeetan kokatzen da; eta enpresetan I+G arloan lan egiten duten pertsona guztien %34.
Eraikinei dagokienez, 744 mila metro koadrotik gora daude egun teknologi parkeetan, 563 mila m2 enpresenak dira eta 151 mila m2 parkeenak. Parkeen jabegokoak diren eta enpresa zein zentro teknologikoei alokatutako eraikinen betetze maila %68koa da, aurreko urteetakoa baino apur bat txikiagoa; kontutan hartu behar da Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako parkeetan eraikin berriak egin direla, enpresa berriak hartzeko prestatutako espazioak hain zuzen ere.
Euskadiko Parke Teknologikoen Sarean IKT sektoreak jarraitzen du nagusi izaten, %31 suposatzen duelarik; ondoren I+G %17, Elektronika %13, Biozientziak %10, Aeronautika %9, Ingeniaritza %8, Energia %5, Unibertsitateak %3 eta Automobilgintza %1.
Balorazioa – Euskadiko Parke Teknologikoen Sareko presidente Jose Miguel Corresek positibotzat jo du Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako Teknologi Parkeek eta Garaia Berrikuntza Guneak 2012an izan duen jokabidea; izan ere, Corresen hitzetan “iaz, egoera ekonomiko zailean, argi gelditzen ari da I+G+b funtsezko elementua dela enpresen jarduera eta lehiakortasuna hobetzeko. Zentzu honetan, Teknologi Parkeak Euskadiko jardun ekonomiko eta berritzailearen ardatz nagusietako bat izan dira, dira eta izaten jarraituko dute, orain arte erakutsi duten bezala.”