Euskadiko Teknologi Parkeetako hiru enpresa saritu dituzte APTEren “Berrikuntza Zigiluarekin”
Donostiako Teknologi Elkartegian kokatutako Inasmet-Tecnalia enpresak “Berrikuntzaren Zigilua 2009” Lehen Saria irabazi du I+G-ko Azpiegitura Modalitatean. Zigilu horren bidez saritu nahi izan da enpresa ugari hartzen dituen Inasmet-Tecnalia zentroak garatu duen lana eta teknologiak sortzeko daukan gaitasuna. Materialen, eraldaketa prozesuen eta ingurumenarekiko egokitzapenaren I+G+B-ren garapena da enpresaren jarduera nagusia.
I+G-ko Azpiegituren modalitate berean, Bizkaiko Teknologi Elkartegian kokatutako Neiker-Teknalia, Nekazaritza, Ikerketa eta Garapenerako Euskal Institutuak “Berrikuntzaren Zigilua 2009” Akzesita lortu du, nekazaritza, abeltzaintza, basozaintza eta ingurumenaren esparruetan egindako ikerketa eta garapenagatik. Neiker-Tecnalia enpresak esparru hauetako jarduerak gauzatzen ditu: landare produkzioa eta babesa, bioteknologia, animalien produkzioa eta osasuna, ekosistemak eta ekoteknologiak eta nekazaritzako elikagaien eta ingurumenaren analisia.
Enerlim Albia enpresak, berriz, “2009 Berrikuntzaren Zigilua” Akzesita lortu du Enpresa Onenaren Modalitatean, enpresa arteko lankidetzaren esparruan eginiko lanagatik. Bizkaiko Teknologi Elkartegian kokatuta dagoen Energia eta Ingurumenaren sektoreko enpresa bat da; azken urteetan Ardatz Bertikaleko Aire-sorgailu mini-eoliko berri bat garatu du eta hainbat hitzarmen lortu ditu produktua Frantzian, Alemanian, Kolonbian eta Argentinan merkaturatzeko. Gainera, produkzio enpresa baten sorkuntza sustatu du eta akordio bat lortu du harekin lankidetzarako eta teknologia transferitzeko.
Espainiako Teknologi eta Zientzia Elkartegien Elkarteak (APTE) ematen du “2009 Berrikuntzaren Zigilua”, Zientzia eta Berrikuntza Ministerioaren laguntzarekin. Enpresa arteko lankidetza eta I+G-ko azpiegiturak saritzea da helburua, horri esker osagai berritzaile garrantzitsua duten merkataritza harremanak sortzen baitira. Batetik, Teknologi Elkartegi batean kokatutako I+G-ko azpiegitura saritzen da, beti ere aplikazio asko egin baditu enpresa sarearentzat. Bestetik, I+G–ko azpiegiturekin lankidetza kopuru handiena lortu duen (elkartegian bertan edo handik kanpora) Teknologi Elkartegi batean kokatutako enpresa saritzen da, baldin eta garapen horiek enpresako jardueran sartu baditu. Beraz, bi alderdi baloratzen dira gehienbat: aplika daitekeen ezagutza garatzea eta I+G-n eginiko inbertsio pribatua.
“2009 Berrikuntza Zigilua” sari-banaketa gaur (azaroak 12) izan da Bartzelonan, APTEren Nazioarteko VIII. Biltzarraren itxiera ekitaldian. Biltzar horretan parte hartu dute Euskadiko Teknologi Elkartegien Sareko presidenteak (Francisco Berjón) eta Arabako, Bizkaiko eta Donostiako Teknologi Elkartegietako zuzendariek (Jose Manuel Nogales, Txaber Ouro eta Lucio Hernando hurrenez hurren).