Euskal elikadurak deskarbonizaziorako eta zahartze osasungarrirako bide orria marraztu du, proiektu estrategiko berriak diseinatuta

Egindako azterlanek sektorearen ingurumen inpaktua ebaluatzeko eta adinekoen bizi kalitatea hobetuko duten soluzio funtzional berriak garatzeko oinarriak ezartzeko aukera ematen dute
BASQUE FOOD CLUSTERek arrakastaz amaitu ditu euskal elikadura-kateko ikerketa-zentroekin, osasun-eragileekin eta enpresekin lankidetzan egindako FOODATEUS eta FOODICINE proiektuak. Eusko Jaurlaritzak finantzatutako bi ekimen estrategiko dira, eta Euskadi 2030 Zientzia, Teknologia eta Berrikuntza Planaren (ZTBP) barruan daude. Bi proiektuek funtsezko ezagutza sortu dute, eta, horren ondorioz, nekazaritzako elikagaien enpresen ingurumen jasangarritasuna hobetzera eta osasunari eta zahartze aktiboari lotutako produktuak garatzera bideratutako proiektu estrategiko berriak diseinatu dira, sektoreak Euskadi berdeagoaren eta inklusiboagoaren alde egin duen apustua sendotuz.
FOODATEUS: bizi zikloaren analisiaren ebaluazioan oinarritutako eta tokiko datuetatik abiatutako Teknika Erabilgarri Onenen ezarpena, euskal elikadura katearen deskarbonizazioan aurrera egiteko
FOODATEUSek nekazaritzako elikagaien katearen deskarbonizazioan aurrera egiteko muga nagusietako bati heldu dio: produktuen ingurumen inpaktua ebaluatzeko tokiko datuen gabeziari. Gaur egun, euskal enpresek Euskadiko produkzio-sistemen ezaugarri geografikoak, teknologikoak eta denborazkoak behar bezala islatzen ez dituzten Europako datu-baseetara jo behar dute. Egokitzapen falta horrek analisien zehaztasuna murrizten du, eta tokiko errealitatera gutxi egokitzen diren ekintza planak ekar ditzake.
Proiektuaren ardura duen eta BASQUE FOOD CLUSTERek, AZTI ikerketa zentroak eta NEIKER Nekazaritza Ikerketa eta Garapenerako Euskal Erakundeak osatzen duten partzuergoak, EROSKI Taldearekin lankidetzan, muga horien azterketa zehatza egin du, eta Euskadiko nekazaritzako elikagaien funtsezko balio kateak aztertu ditu. Lan horren ondorioz, inpaktuak murriztera, efizientzia hobetzera eta klima-erresilientzia indartzera bideratutako Teknika Erabilgarri Onenen (TEO) inbentario espezifikoa egin da euskal sektorerako.
Emaitza nagusi gisa, euskal nekazaritzako elikagaien sektorerako Bizi Zikloaren Analisiaren (BZA) lehen lurralde-datu basea garatu nahi duen proiektu berria diseinatu da. Mugarri horri esker, ingurumen arloko neurketa zehatzagoa eta jasangarritasuneko tokiko politikekin hobeto lerrokatutako ekintzak egin ahal izango dira.
FOODICINE: elikaduran eta osasunean berritzeko aukera berriak
Bestalde, FOODICINEk elikagai funtzionalen ekosistemaren azterketa sakona egin du zientzia, lege eta merkatu ikuspegitik. BASQUE FOOD CLUSTERek, TECNALIA ikerketa aplikatuko eta garapen teknologikoko zentroak eta Bioaraba osasun ikerketako institutuak garatutako proiektu horren barruan, merkatuan eskuragarri dauden osagai funtzionalak aztertu dira, hala nola probiotikoak, polifenolak, zuntz dietetikoak, estraktu naturalak edo bioerabilgarritasun handiko proteinak, eta horiek txertatzeko ahalmen handia duten produktuen kategorietara nola egokitzen diren ebaluatu da, hala nola esnekietara, ogi eta errotaritzara, zizka-mizketara edo plater prestatuetara, besteak beste.
Elikagaien euskal enpresek osatutako lantalde sektorial baten laguntzarekin, garatu beharreko lehentasunezko produktuak eta horiei lotutako erronka teknologikoak identifikatu dira. Ezagutza horri esker, zahartze osasungarrira bideratutako eta funtzio kognitiboak, digestiboak eta metabolikoak indartzeko elikadura arloko soluzioak formulatzeko oinarri zientifikoak ezarri ahal izan dira.
Emaitza nagusi gisa, bi proiektu estrategiko berri diseinatu eta aurkeztu dira Eusko Jaurlaritzaren Elkartek (ikerketa kolaboratiborako laguntzak) eta Hazitek (enpresen I+Grako laguntza) programetara. Gainera, Elikadura eta Osasun Lantaldeari aktibo eustea erabaki da, eta joerak monitorizatzen eta ildo horretan elkarlaneko berrikuntza sustatzen jarraituko du.
FOODATEUS eta FOODICINEren amaiera ez da azken puntua, sortutako ezagutzan oinarritutako etapa berriaren hasiera baizik. Bi proiektuek elikadura sektorearen bi erronka handiri erantzuten dieten soluzio berrietarako oinarriak ezarri dituzte: ingurumen arloko inpaktua murriztea eta biztanleriaren zahartze osasungarria bultzatzea.