Euskara lehen sektoreko zientziaren inguruko dibulgazioa egiteko zubi

Albisteak, Araba, Bizkaia

NEIKER teknologia-zentroak sektoreari buruzko lanak aintzatesten dituen NEIKER saria banatuko du berriro, CAF-Elhuyar sarien barnean, eta, hala, euskarazko zientziarekiko konpromisoa indartzen du

Edizio honetan, kategoria berri bat gehitu da: argazkilaritza zientifikoa, ezagutza komunikatzeko moduak zabaltzen dituena

NEIKER zentro teknologikoak, lehen sektorean ardaztutako euskarazko dibulgazio zientifikoa saritzen duen NEIKER sariaren bederatzigarren edizioa antolatu du. NEIKER saria CAF-Elhuyar sarien barruan kokatzen da. CAF-Elhuyar sariak Euskarazko zientziaren eta teknologiaren arloan erreferentziazko ekimena da, eta ezagutza euskal gizarteari hurbiltzea du helburu.

NEIKER zentroak aurten ere babesle gisa parte hartuko du sariketan, eta horren bidez ikerketa aplikatuan euskara sustatzearekin eta ezagutzaren transferentziarekin duen konpromisoa berresten du. Testuinguru horretan, arlo estrategikoekin, hala nola nekazaritzarekin, abeltzaintzarekin, basogintzarekin eta ingurumenarekin, lotutako dibulgazio-artikulu onenari emango zaio NEIKER saria.

2.000 euro, oroigarri bat eta Elhuyar aldizkarirako urtebeteko harpidetza jasoko ditu saridunak. Horrez gain, sari hori bateragarria da beste kategorietan emandako sariekin.

Argazkilaritza, ezagutza komunikatzeko

Edizio honetan, «Begi berriz kontatzeko» izango da CAF-Elhuyar sarien leloa, eta ezagutza komunikatzeko moduak zabaltzen dituen argazkilaritza zientifikoari eskainitako kategoria berri bat gehitu da. Modalitate hori lehendik zeuden kategoriei gehitu zaie, dibulgaziozko artikuluak, orokorrak zein ikerketa propioetan oinarritutakoak, eta idatzizko edo audio-formatuko kazetaritza zientifikoko lanak saritzen dituztenak.

Argazkilaritzako atal berria bi azpikategoriatan banatu da: bata, helduei zuzendua, eta bestea, 14 eta 18 urte bitarteko gazteei. Horrekin, aukera berriak sortu nahi dira belaunaldi gazteenek dibulgazioan parte har dezaten, beren begirada pertsonalaren bidez.

Proposamenak aurkezteko epea 2025eko ekainaren 1ean amaituko da. Oinarriak eta informazio guztia eskuragarri daude lehiaketaren webgune ofizialean: https://www.elhuyar.eus/eu/caf-elhuyar-sariak

NEIKER-Elhuyar lankidetza

NEIKER teknologia-zentroak Elhuyar Fundazioarekin lankidetza-hitzarmena egin zuen 2016. urtean, ikerkuntzan euskararen erabilera sustatzeko, eta, hain zuzen, horren emaitza da CAF-Elhuyar sarietan parte hartzea. Sariaz gain, akordio horrek aurreikusten du nekazaritza-sektoreko hiztegi espezializatu bat elkarrekin egitea eta, era berean, ikerketa gazteenei hurbiltzen dien Zientzia Azokan parte hartzea.

Partekatu

Beste berri batzuk