Eusko Jaurlaritzak Euskadiko Mugikortasun eta Logistika Klusterra aintzatetsi du laneko bide-segurtasunarekin duen konpromisoagatik
Innovabide sareak 70 bat erakunde eta enpresa biltzen ditu, hainbat sektore eta tamainatakoak, bide-segurtasunarekin konprometituak
Eusko Jaurlaritzako Trafikoko zuzendari Estibaliz Olabarrik Innovabide 2024 aitorpena eman berri dio Euskadiko Mugikortasun eta Logistika Klusterrari, Innovabide sarearekin duen inplikazioagatik eta laneko bide-segurtasuna sustatzeko egindako lanagatik. Era berean, Bridgestone enpresak aipamen berezia jaso zuen, arlo horretan hartutako konpromisoagatik eta jardunbide egokiengatik. Trafiko Zuzendaritzak sustatuta, Sareak sektore eta tamaina guztietako 70 erakunde eta enpresa biltzen ditu, Laneko Bide Segurtasunarekin konprometituta.
Klusterraren izenean, Eduardo Lasa presidenteak jaso zuen saria, eta adierazi zuen bide-segurtasuna bera osatzen duten agenteen artean partekatutako erantzukizuna dela. Horrela, klusterretik, «berrikuntza eta lankidetza, mugikortasun adimentsuagoa, hau da, seguruagoa, efizienteagoa eta jasangarriagoa bultzatzeko bide gisa» nabarmentzen zituen.
Euskadin, hildakoak edo zauri larriak dituzten hiru trafiko-istriputatik bat lan-eremuan gertatzen da. 2023an, mota horretako 988 istripu erregistratu ziren, eta 7 pertsona hil eta beste 40 larri zauritu ziren. Errealitate horri aurre egiteko, Eusko Jaurlaritzak Innovabide Sarea sortu zuen 2017an, kudeaketa aurreratutik bide-segurtasunarekin konprometitutako 70 euskal enpresa biltzen dituena.
Estibaliz Olabarri Trafikoko zuzendariak azpimarratu zuenez, “laneko bide-segurtasunaren etorkizunak berrikuntza, lankidetza eta giza ikuspegien eta ikuspegi teknologikoen integrazioa behar ditu”. Olabarrik Innovabide Sarearen garrantzia azpimarratu zuen, “estrategia zabalago baten parte delako, hau da, Eusko Jaurlaritzaren 2025eko Bide Segurtasun eta Mugikortasun Seguru eta Iraunkorrerako Planaren parte. 2030erako hildako eta larri zauritutako pertsonen kopurua % 50 murriztea helburu duen plana. Helburu globala, Nazio Batuen Garapen Iraunkorreko Helburuetan jasoa eta Bide Segurtasunaren aldeko Euskal Itunean berretsia. Euskal erakunde guztiek, biktimen elkarteek eta beste erakunde batzuek sinatutako Ituna, 2050erako Zero Biktima Ikuspegiarekin ezbehar-tasa murrizteko erronka handiarekin konprometituta daudenak. “