Eusko Jaurlaritzak ‘Industria Plana – Euskadi 2030’ aurkeztu du, etorkizuneko belaunaldientzat kalitate handiko lanpostuak sortzeko oinarriak finkatzen dituen ibilbide-orria

“Industria indartsua eta lehiakorra garatzen jarraitu behar dugu, eta hori ezinbesteko baldintza da Herrialde gisa eta ongizatean hazteko”, azpimarratu du Imanol Pradalesek
“Plan honen berritasun nagusia proiektu eraldatzaileak dira, lehentasun estrategikoak errealitate bihurtzen dituztenak. Herrialde mailako lankidetzarako aukerak dira, industria-sare berria sortzeko”, adierazi du Mikel Jauregi Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasuneko sailburuak
Planak 20 proiektu eraldatzaile proposatzen ditu, eta 2028ra arte 3.900 milioi euro inbertituko ditu Eusko Jaurlaritzak, Euskadiko industria-sarea eraldatzeko



“Plan honek oinarriak ezartzen ditu Euskadi, ahal dugun neurrian, protagonista izan dadin Europak hasitako bidean. Europako berrindustrializazioan lurralde liderretako bat izateko oinarri nahikoak ditugu”. Hala definitu du Imanol Pradales Lehendakariak Mungiako Arteche familia-enpresaren laborategi elektrikoan aurkeztu den ‘Euskadi 2030 Industria Plana’.
Lehendakariarekin batera izan dira Mikel Jauregi Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasuneko sailburua, Noël d’Anjou Ogasun eta Finantzetako sailburua eta Juan Ignacio Pérez Iglesias Zientzia, Unibertsitate eta Berrikuntzako sailburua. Eusko Jaurlaritzaren industria-eraldaketarako eta etorkizuneko belaunaldientzako kalitate handiko lanpostuak sortzeko ildo estrategikoak gidatuko dituen dokumentuaren funtsezko ekintzak zehaztu ditu Pradalesek. “Industria indartsua eta lehiakorra garatzen jarraitu behar dugu, eta hori ezinbesteko baldintza da Herrialde gisa eta ongizatean hazteko”, azaldu du Pradalesek.



Industria Plan berriak 3.900 milioi euroko inbertsio publikoa jasoko du, eta inbertsio pribatuko 12.000 milioi euro bideratuko dira. Horrela, guztira 15.900 milioi publiko-pribatu mobilizatuko dira legegintzaldi honetan, Euskadiko industria-sarea eraldatzeko.
Industria Planak egungo sektore eragileetan (automobilgintzako osagaiak, mugikortasun jasangarria, fabrikazio aurreratua, energia, metalurgia) eta etorkizunekoetan (sektore aeroespaziala, biosanitarioa, soluzio digital aurreratuak, sare adimendunak eta biltegiratzea, erregai berriztagarriak) inbertitzea lehenesten du. I+G+b alorrean, digitalizazioan eta energia-azpiegitura berrietan egindako inbertsioa ere indartu egingo da. Planak 15 lehentasun estrategiko ditu, eta hauek dira nabarmentzekoak: enpresa-errotzea, atzerriko inbertsioa erakartzea, talentu berria garatzea, emakumeak industriara erakartzea, deskarbonizazioa, ETEen tamaina handitzea eta AAren erabilera bultzatzea.
Proiektu eraldatzaileak
Planak jasotzen dituen hogei proiektu eraldatzaileak —10 Eusko Jaurlaritza buru dela, eta 10 ekoizpen-sarearen ordezkari diren enpresak buru direla— hiru ardatz nagusiren inguruan egituratzen dira: industria gehiago, industria hobea eta emisio gutxiago. Halaber, Europako lehentasun estrategikoei erantzuten die: berrikuntza, deskarbonizazioa, autonomia estrategikoa eta desburokratizazioa, hala kontinentearen berrindustrializazio-prozesuari laguntzeko.
Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasuneko sailburuaren hitzetan, “Plan honen berritasun nagusia proiektu eraldatzaileak dira, lehentasun estrategikoak errealitate bihurtzen dituztenak. Herrialde mailako lankidetzarako aukerak dira, industria-sare berria sortzeko; negozio-planen arabera arautuko dira, eta emaitzak eskatuko dira”.
“Ziurgabetasunaren aurrean, Herrialde gisa ditugun ziurtasunetan izan behar dugu konfiantza: industriaren eta lankidetzaren aldeko apustua, elkarlana. Orain da unea eta guri dagokigu”, amaitu du Jauregik.
Ikuspegi integrala eta estrategia partekatua
Lehendakariak nabarmendu du, halaber, egungo ezegonkortasun- eta ziurgabetasun-egoeran, “gure etorkizuna, zalantzarik gabe, industriak eta Europak ardazten dutela”. “Erabaki ausartak hartzeko garaia da, mundu aztoratu honetan, Europak berreskura dezan galdutako pisua berreskuratu eta ziurtatu dezan gure autonomia estrategikoa bi norabidetan: lehiakortasuna eta segurtasun integrala”, apustu egin du Pradalesek.
Testuinguru horretan, Plan berria bat dator Europako Batzordearen ‘Clean Industrial Deal’ekin, eta “Euskadin ditugun bi erronketan jartzen du arreta”, azaldu du Pradalesek. “Alde batetik —esan du—, energia-kontsumo handiko industrietan: premiazko laguntza behar dute deskarbonizatzeko, elektrifikatzeko eta kostu handiei, lehia global desleialari eta lehiakortasunari kalte egiten dioten erregulazio konplexuei aurre egiteko. Bestetik, teknologia garbien sektorean: etorkizuneko lehiakortasunaren muina dira eta eraldaketa industrialerako beharrezkoak”.


“Ikuspegi integraleko eta estrategia partekatuko” plan honen helburua da, Lehendakariak azpimarratu duenez, “Euskadik behar duen eraldaketa industrialerako ibilbide-orria proposatzea”. “Horretarako —adierazi du—, Euskadiren gaitasun guztiak aktibatu eta lerrokatu behar ditugu, eraldaketa ekonomikoa eta lehiakortasuna bultzatu, gure industria defendatu eta kalitatezko enplegua bermatu. Bizkor jardun behar dugu, gure indarguneei eta ahalmen industrial eta zientifiko-teknologikoari etekina ateratzeko. Erronka horretan dugu gure etorkizuna”.
Industria Plana 2030eko Zientzia, Teknologia eta Berrikuntza Planarekin (ZTBP) eta Euskal Finantza Aliantzaren etorkizuneko Inbertsio Planarekin koordinatuta garatuko da, “ez dago garapen industrialik kapitalizazio teknologikorik gabe” sinetsita.
Planak gobernantza-sistema aitzindaria izango du, eta hauek osatuko dute: Industriaren Euskal Kontseiluak, Planaren Batzorde Estrategikoak eta Kudeaketa Teknikoko Bulego batek, SPRI Taldearen bidez: 17 kluster industrialen parte-hartze aktiboa eta BRTA – Basque Research & Technology Alliance aliantza du, eta horrek Euskadiko 17 zentro teknologiko eta ikerketa kooperatiboko zentroak biltzen ditu.
Aurkeztutako dokumentua Eusko Jaurlaritzak egin du, erakunde publikoen, kluster industrialen, enpresa erakundeen, enpresa erreferenteen eta Europako Batzordearen laguntzarekin. Hemendik aurrera sozializazio-prozesua abiatuko da hainbat gizarte-, ekonomia- eta enpresa-eragilerekin, plana aberasteko eta proiektu eraldatzaileak sortzeko. Behin betiko bertsioa Gobernu Kontseiluan onartuko dute eta uda ostean Legebiltzarrera bidaliko dute.