Euskorpus, euskararen corpus digitala aurkeztuko dute Euskadiko Parke Teknologikoko Donostia Campusean

Albisteak, Gipuzkoa

Euskadiko Parke Teknologikoko Donostia Campusean aurkeztu da Euskorpus, Eusko Jaurlaritzak gidatutako eta Imanol Pradales lehendakaria buru duen proiektu estrategikoa. Ekitaldian Ibone Bengoetxea lehendakariordeak eta Mikel Jauregi eta Juan Ignacio Pérez Iglesias sailburuek ere parte hartu dute

Lehendakariak proiektu berri honen berri eman du, euskarazko corpus digitala sortzeko funtsezko tresna izan dadin. Euskorpus abian da dagoeneko, Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasun Sailak bultzatuta, eta Kultura eta Hizkuntza Politika Sailaren eta Zientzia, Unibertsitate eta Berrikuntza Sailaren lankidetza du.

Eusko Jaurlaritzak euskarazko corpus digitala garatzea helburu estrategikoa dela uste du, eta horregatik inplikatu dira hiru arlo horiek batera. Baliabide horri esker, hizkuntza-teknologiek euskaraz ere erantzun ahal izango dute, digitalizazio handiko gizartearen zerbitzuek eskatzen duten kalitate-mailarekin. Euskorpusek ekosistema digitalean euskararen presentzia bermatu nahi du, beste hizkuntzekiko baldintza berdinetan. Hizkuntza-baliabideak “industrializatzeko” proiektua denez, bultzada publikoa funtsezkoa da.

Corpus digitala hiru fasetan garatuko da:

1. Plangintza- eta definizio-fasea: Bertan, corpusaren tipologia, garatu beharreko ereduak eta baliabide horren onuradun izan daitezkeen sektore, zerbitzu eta aplikazio estrategikoak zehazteko bulego tekniko bat sortuko da.

2. Garapen-fasea: euskarazko hizkuntza-corpusak biltzea, kode irekiko oinarrizko ereduak bultzatzea eta azpiegiturak abian jartzea, modu seguruan biltegiratzeko, probak egiteko eta baliozkotzeko.

3. Transferentzia- eta ustiapen-fasea: Corpusak eta garatutako ereduak enpresa-ehunera, gizartera eta datuen Europako plataformetara eramatea bilatuko du, haien erabilera eta aprobetxamendua bultzatuz.

Lehendakariak azpimarratu duenez, “legealdi honetan jauzi kualitatiboa eman behar dugu euskararen presentzian eta erabileran: aisialdian, kirolean, lan-eremuan eta, jakina, ingurune digitalean. Euskorpusekin Adimen Artifizialaren eta hizkuntzaren teknologien potentzial guztia euskararen, gure enpresen eta ikerketaren zerbitzura jartzen dugu. Horretarako, gaitasunak batu eta lankidetza publiko-pribatua sustatzen dugu, corpus digital sendoa eta kalitatezkoa sendotzeko “.

Ekitaldiari amaiera emateko, enpresei dei egin zaie Euskorpora elkartearekin bat egin dezaten, proiektua indartzen eta hedadura handitzen laguntzeko. Aurrerantzean, Eusko Jaurlaritzak lankidetza publiko-pribatutik lan egiten jarraituko du, Euskorpus garatzeko ahaleginak eta baliabideak, ekonomikoak zein operatiboak, koordinatzeko.

Partekatu

Beste berri batzuk