GAIKERek aurrera jarraitzen du material plastiko konplexuen zikloa ixteko birziklapen kimikoko teknologiak garatuz

NEOPLAST 2 proiektuak, birziklapen kimikoko teknologien bidez, plastiko konplexuen hondakinetatik kalitatezko produktuak lortzeko prozedurak definitzen ditu
Joan den martxoan amaitu zen NEOPLAST 2 proiektua, Basque Research & Technology Alliance, BRTAko kide den GAIKER Zentro Teknologikoak gidatua.
NEOPLAST 2 2023an hasi zen, hondakin plastiko desberdinak kalitate handiko baliabide bihurtzeko birziklapen kimikoko prozesuak garatu, hobetu eta egokitzeko ikerketa egiteko helburuarekin. Hondakin horiek bigarren mailako lehengaien merkatu zorrotzenek eskatzen dituzten zehaztapenak betetzeko gai dira. Ezagutza sortzea zen helburua, industria-ehunak ezagutza eta teknologia eskura izan zitzan, material plastikoen erabilera hobea, iraunkorragoa eta zirkularragoa, egiteko.
Amaierara iritsita, proiektuak lortu du proposatutako helburua. Arrakastaz definitu ditu birziklapen kimikoaren bidez eta gaur egun zabortegira bidaltzen diren plastiko konplexuen hondakin-korronteetatik abiatuta, plastikoaren, kimikaren eta fintzearen industrietan ekoizpen-zikloetan berriro integratzeko behar den kalitatea lortzen duten produktuak garatzeko prozedurak.
Lortutako emaitzen artean, honako hauek nabarmendu behar dira:
Poliester eta poliuretano berriak fabrikatzea ahalbidetzen duten momeroak eta aitzindariak lortzeko produktuen disolbatze- eta arazte-prozesuen konbinazioa.
Pirolisi- eta bereizketa-prozesuak integratzea, poliolefina eta material adsorbatzaile berriak fabrikatzea ahalbidetzen duten hidrokarburo-frakzioak lortzeko.
Gasifikazio-prozesuak garatzea bi etapatan, hondakin plastikoetatik hidrogeno-gasa sortzeko.
Prozesu-bide berriak irekitzea, hala nola biorbirziklapena, mikroorganismoak edo entzimak erabiliz.
Prozesu berriak gaur egun ia birziklatzen ez diren hondakin plastikoen familietara hedatzea, konposite termoegonkorren familietara kasu.
Bestalde, bizi-zikloaren analisiaren azterketaren bidez, garatutako birziklapen kimikoko prozesu berriek ingurumenean duten hobekuntza egiaztatu ahal izan da. Gaur egun plastiko konplexuen hondakinei aplikatzen zaizkien isurketa-praktiken aurrean, pertsonengan zein ingurune naturalean inpaktu negatiboak murriztu direla baieztatu da.
NEOPLAST 2 Eusko Jaurlaritzak finantzatutako proiektua izan da, ELKARTEK funtsezko ikerketa kolaboratiborako laguntza-programan (KK-2023/00060 espedientea). Koordinatzaile gisa jardun duen GAIKER Zentro Teknologikoaz gain, EAEko beste lau agente teknologikok parte hartu dute (UPV/EHUko Ingeniaritza Kimikoa eta Ingeniaritza Kimikoa eta Ingurumena, Tecnalia eta Polymat sailak), haien arrakasta lortzeko eta EAEko ehun industrialak material plastikoen zikloak itxi ahal izatea lortzeko, birziklatze kimikoko teknologiak aplikatuz haien hondakinak tratatzeko eta baliozko produktuak sortzeko.