GAIKERek eta TECNALIAk garraio jasangarrirako funtzio anitzeko material berrien garapenean lan egiten dute

Albisteak, Bizkaia

MATFUN proiektuan, geruza anitzeko materialen teknologia aurreratuak, multifuntzionalak eta jasangarriak ikertzen eta garatzen dira

GAIKER eta TECNALIA zentro teknologikoek, Basque Research & Technology Alliance, BRTAko kideek, MATFUN proiektuan parte hartzen dute. Proiektu horren helburu nagusia aireko eta lurreko garraiorako geruza anitzeko materialen teknologia aurreratuak, multifuntzionalak eta jasangarriak ikertzea eta garatzea da.

Hidrogenoa garraioan erregai fosilak erabiltzearen alternatiba eraginkorra da, oso elementu arina eta ugaria baita, baina hura erabiltzeko funtsezkoa da biltegiratze-sistema on bat izatea. Alde horretatik, MATFUN proiektua lantzen ari da GAIKER. Proiektu horretan funtzio anitzeko egitura polimerikoak garatzen ari da, konposite termoegonkor batekin indartutako hesi-geruza batean (liner) oinarrituta, IV. motako hidrogeno-tangetan aplikatzeko, trenbide-sektorean erabiltzeko suarekiko portaera ona duten egitura polimerikoak lortzeko helburuarekin.

Ikerketa honetan erabiltzen den konposite estrukturala filament winding teknologiarako biskositatean eta erreaktibitatean egokitutako epoxi erretxina jasangarrietan oinarritzen da. Erretxina horiek halogenorik gabeko sugar-atzeratzaileekin formulatzen dira, eta egitura polimerikoaren gainean estaldura intumeszenteak aplikatzen dira. Hala, suaren kontrako bi estrategia horien konbinazioari esker, trenbide-sektoreak eskatzen duen sute-sailkapena lor daiteke. Gainera, egiturei sentsore ez-inbaditzaileak gehituko zaizkie, haien bizitza baliagarrian depositua monitorizatzeko.

Bestalde, andelak osatzen dituzten tangetako liner termoplastikoek hidrogenoarentzat dituzten hesi-propietateak hobetzeko asmoz, TECNALIA material plastikoa nanogehigarri laminarrekin formulatzen ari da.
MATFUN lau lan-paketetan banatzen da; lehenengoan, sektorean garrantzitsutzat identifikatutako funtzionaltasunak garatzen dira, hala nola sentsorizazioa, H2rekiko iragazkortasuna eta hidrogeno-tangen suarekiko erresistentzia. Bigarrenean, biooinarri jasangarriko sistemak garatzen dira; hirugarrenean, RTM termoplastiko eboluzionatuen prozesuak eta filament winding prozesuak aztertzen dira pieza zilindrikoak lortzeko, eta, azkenik, GAIKER buru dela, lau erakusle sortuko dira (battery box baten zati adierazgarria, hidrogeno-tangak, suaren kontrako panel isolatzailea eta eguzki-sabaia), horietako bakoitzerako hautatutako funtzio, material eta fabrikazio-prozesu aurreratuak baliozkotzeko.

Eusko Jaurlaritzak ELKARTEK programaren barruan finantzatzen du eta TECNALIAk koordinatzen du. Ikerketa honen helburua da behar berriei erantzuna ematea materialen garapenean, eta elementu funtzionalak eta horien konbinazioa eta horiekin lotutako integrazio-prozesuak garatzea, CO2 emisioak murrizteko eta, horrela, garraio jasangarriagoa lortzeko.

MATFUN Material aurreratuen I+G+Bko Programa Osagarriaren parte izatera igaro da, eta, beraz, 2025era arte luzatuko du bere jarduera, eta Europako Ekonomia Erkidegoaren, Zientzia eta Berrikuntza Ministerioaren eta Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailaren baterako finantzaketa jasoko du.

Partekatu

Beste berri batzuk