GAIKERek nanomaterialek nerbio-sisteman duten eragina aztertzen du

Albisteak, Bizkaia

Europako iCare proiektuak in vitro ereduak eta metodoak garatuko ditu, nanomaterialek nerbio-sisteman duten inpaktua karakterizatu eta aurreikusi ahal izateko

GAIKER Teknologia Zentroak, Basque Research & Technology Alliance, BRTAko kideak, Europako iCare – Integrated Assessment and Advanced Characterisation of Neuro-nanotoxicity proiektuan parte hartzen du. Proiektu horren helburu nagusia nanomaterialek nerbio-sisteman duten eragina karakterizatu eta aurreikusi ahal izango duen sistema integratu bat garatzea da, material horien toxikotasuna prebenitzeko.

Ikerketa horretan, bereizmen handiko irudiak lortzeko metodoak aztertuko dira, zeinak nanomaterialen morfologiaren, konposizio kimikoaren eta erreaktibotasunaren aldaketak ebaluatzeko erabiliko baitira ingurumen- eta biologia-esposizioa imitatzen duten matrize homogeneo konplexuen eraginpean jartzen direnean. Era berean, industriaren esku jarriko diren tresna eta prozedura garrantzitsuak garatuko dira.

iCare: urtarrilean hasi zen, eta 48 hilabeteko iraupena izango du. Zehazki, honako hauetan egingo du lan:

-Bereizmen handiko eta superbereizmen handiko irudiak lortzeko prozedura berriak garatzea.

-Proba toxikologikoak egiteko eta nanotoxikologian gaur egun dauden hutsuneak murrizteko jarraibideak sortzea.

-In vitro eta in vivo proben arteko aldeak murrizteko tresnak eta prozedurak sortzea.

-Datu fidagarriak ematea eta datu horien jakinarazpena hobetzea

-Saiakuntza-prozedura normalizatu eta estandarizatuak sortzea, arau-esparruetan erabiltzeko.

Europar Batasunak HORIZON EUROPE programaren testuinguruan finantzatuta, proiektu horren buru INL nanoteknologiako nazioarteko laborategi iberiarra da, eta nazioartean 10 bazkide gehiagok parte hartzen dute; horien artean, GAIKER. Nanotoxikologian aditua den aldetik, in vitro metodo eta eredu berriak garatzeaz arduratuko da, nanomaterial eta material aurreratuen neurotoxikotasuna aztertzeko, bai giza osasunerako, bai ingurumenerako.

Industrian nanomaterialen erabilerak gora egin du azkenaldian, aplikazio jakin batzuetan propietateek dituzten onurengatik. Handitze horren ondorioz, funtsezkoa da nanopartikulak askatzeak giza osasunean eta ingurumenean izan ditzakeen ondorioei buruzko azterketak egitea, prebentzio-metodo egokiak garatu ahal izateko.

Partekatu

Beste berri batzuk