BCBLren laborategiak aurrera egiten du dislexia eta metakognizioaren ikerketan
BCBLko David Soto eta Marie Lallier ikertzaileak aurrerapausoez eta hauek ikaskuntza prozesuetan zein hizkuntza-nahasmenduak goiz identifikatzeko garaian duten inpaktuaz aritu ziren
Vitoria-Gasteizko Carmelitas Sagrado Corazón Ikastetxeak eta Basque Center on Cognition, Brain and Language (BCBL) zentroak Gasteizen 2023-2024 ikasturtean aurrera eramandako azterlanaren emaitzak ezagutzera eman dituzte, zentro donostiarrak 2011z geroztik ikastetxean duen laborategian egindakoa.
Zientzia-instalazio hauetan azken belaunaldiko ekipamendu teknikoa dute, ikastetxeko ikasleetan, batetik, garunaren jarduera elektrikoa eta, bestetik, estimulu bisual zein auditibo jakin batzuen aurrean erantzuteko denbora neurtzeko, besteak beste.
Erdietsitako datuak hizkuntza- zein irakurketa-nahasmenduak, dislexia kasu, diagnostikatzen laguduko duten estrategia hobeak garatzeko mesedegarriak izango dira, baita ikaskuntza hobetzeko ere.
Metakognizioaren eginkizuna ikaskuntzan
David Soto, BCBLko «Kontzientzia» ikerketa taldeko burua, lortutako emaitzak aurkezteko arduradunetako bat izan zen, metakognizioak ikaskuntzan duen zeregina ardatz zuen hitzaldia emanez.
Metakognizioa geure kognizioa eta jokabideari buruz hausnartzeko gaitasunean datza eta akats bat egin dugula onartzeko, zerbait garrantzitsua ahaztu dugula konturatzeko edo geure ezagutzan dugun konfiantzaz jabetzeko balio digu, beste batzuen artean.
Adin goiztiarretan metakognizioak duen eginkizunaren eta gaitasun honek ikaskuntza gidatzeko duen ahalmenaren inguruan ezagutzak areagotzeko, JuniorLabean haurrek ikus-estimuluak identifikatu eta jarduera ondo ala gaizki egiten ari diren epaitu behar duten ordenagailu bidezko atazak darabiltzate BCBLko ikertzaileek.
«Irakurketa eta emozioen antzematearen inguruko ariketen bidez, haur bakoitzaren gaitasun metakognitiboak urtebete beranduagoko ikaskuntza aurresaten duen ebaluatzen dugu. Gure azken xedea metakognizio hau entrenatu daitekeen, eta, hortaz, ikaskuntza hobea sustatu daitekeen jakitea da», azaldu zuen Sotok.
Dislexia goizago hautematea
BCBLko «Neurohezkuntza eta Garapen-Nahasmenduak» ikerketa taldeko buruak, Marie Lallierrek, dislexia bezalako irakurketarako zailtasunak goizago identifikatzeko azterlanean ardaztu zuen bere parte-hartzea.
Dislexia sarri lotzen da hitzak ezagutzeko zailtasun latz eta iraunkorrarekin. Aitzitik, hamarkadetan zehar egindako ikerketek erakutsi dutenaren arabera, dislexia duten pertsonek ez dute arazorik letrak ikusteko garaian, hizkuntzaren soinuak entzuteko garaian baizik.
«JuniorLabean dislexia identifikatzeko era berriak darabiltzagu ikasle txikiekin, bokalak ekoizteko zein soinuak entzuteko moduari erreparatuz, esaterako. Ondoren, emaitza hauek irakurtzeko gaitasunekin erkatuz, irakurketa eta ekoizpen linguistikoaren artean loturarik dagoenetz aztertzen dugu. Orain arte ikusi dugu irakurketa maila kasgarragoa duten haurrak aldaberagoak direla eta bokalak zein herskariak ekoiztean ez direla hain argiak», nabarmendu zuen Lallierrek.
Emaitzen aurkezpenean Nieves Maya ere izan zen, Gasteizko ikastetxeko zuzendaria, zientzia eta hezkuntzaren arteko harremanak estutzen jarraitzeko garrantzia azpimarratu zuena, hizkuntzaren garapenarekin eta ikasle-jardunbidearekin lorturiko galdera giltzarriei erantzuna ematen laguntzeko.
JuniorLabaren inguruan
BCBL eta Carmelitas Sagrado Corazón ikastetxearen arteko harremana 2011n sendotu zen, JuniorLabaren sorrerarekin hain zuzen, hizkuntzarekin loturiko neurokognizio prozesuen azterlan zientifikorako sorturiko laborategia.
Hezkuntzan neurozientza aplikatuaren aurrerapena sustatzea du helburu eta Europa mailan esperientzia aitzindaria dugu hau. JuniorLab umeetan mekanismo kognitiboak ikertzen dituen erreferentzia zentro bilakatu da, eta horretarako neurozientzia ikerlanak aurrera eramateko aproposak diren gelak ditu, azken belaunaldiko teknikaz baliaturik.
BCBLri buruz
Basque Center on Cognition, Brain and Language nazioarteko diziplinarteko ikerketa
zentroa da. Donostian kokatuta dagoen zentro honek, Eusko Jaurlaritzaren laguntzarekin, kognizioa, burmuina eta hizkuntza ikertzen ditu Euskadin zientzia eta ikerketa sustatze aldera. Ikerbasque, Innobasque, Gipuzkoako Aldundia eta Euskal Herriko Unibertsitatea (UPV/EHU) dira haren kideak.