CIC biomaGUNE, biomaterialen arloko ikerketaren eta garapenaren garrantzia

Albisteak, Gipuzkoa

Eider Mendoza Gipuzkoako diputatu nagusiak eta Ane Insausti Ekonomia Sustapeneko eta Proiektu Estrategikoetako diputatuak zentroko instalazioak bisitatu dituzte

CIC biomaGUNEren proiektu berritzaileenei eta azpiegitura aurreratuenei buruzko azalpenak arretaz jarraitu dituzte foru-ordezkariek

Eider Mendoza Gipuzkoako diputatu nagusiak eta Ane Insausti Ekonomia Sustapeneko eta Proiektu Estrategikoetako diputatuak CIC biomaGUNE Biomaterialen Ikerketa Kooperatiboko Zentroko instalazioak bisitatu dituzte, Basque Research and Technology Allianceko (BRTA) kide den Donostiako zentroan egiten ari den mugako ikerketa bertatik bertara ezagutzeko.

Aitziber López Cortajarenak, Ikerbasque irakasle eta zentroko zuzendari zientifikoak, ongietorria eman die foru-ordezkariei, eta programatutako bisitan lagundu die, biomaterialen diseinuan, prestakuntzan eta karakterizazioan egiten den lana erakusteko prozesu biologikoak aztertu eta diagnostiko- eta terapia-metodoak garatzeko helburuarekin. Cortajarena irakasleak azpimarratu du garrantzitsua dela “ezagutzera ematea Zientzia eta Teknologiako Euskal Sareko zentroetan egiten den lana eta azpiegiturak, baita funtsezko ikerkuntza indartzea ere, horri esker aurrera egin baita bioteknologiaren, biomaterialen, diagnostikoaren eta terapia aurreratuen arloan”.

Mendozak eta Insaustik bertatik bertara ezagutu dute nazioartean aitortza duten zentroko hainbat ikerkuntza-talderen lana. Ikerkuntzarako azpiegitura paregabea du zentroak, nanomedikuntzako, biomaterialetako eta irudi molekularreko instalazio aurreratuenekin hornitua baitago.

Lehenik eta behin, Fernando López Gallego Ikerbasque irakasleak Biokatalisi Heterogeneoko laborategia erakutsi die diputatuei. Laborategi horretan, besteak beste, “hondakin-uretan dauden mikroplastiko eta nanoplastikoen degradazio-prozesuak lantzen dituzte, entzima edo katalizatzaile biologikoen bidez”, eta irtenbide teknologikoak bilatzen dituzte plastikoaren industriarako, “eredu zirkular eta jasangarriagoak lortzeko, non plastikoak jatorri biologikoko materialez eginda baitaude, eta ez petrolioaren deribatuez, modu eraginkorrean birzikla daitezen”.

Jarraian, Mendozak eta Insaustik bioinprimagailua bisitatu dute, zentroko bi taldek beren lanerako erabiltzen dutena. Dorleta Jimenez de Aberasturi Ikerbasque ikerlariak azaldu duenez, Material Hibrido Biofuntzionalen taldeak inprimagailu hori erabiltzen du “arteria erreal baten berezko pultsazioak imitatzen dituzten eredu arterial estimulatuak eraikitzeko, gaixotasun kardiobaskularren eta bihotz-biriketakoen ikerketan aurrera egiteko”. Bestalde, Clara García Astrain doktoreak azaldu duenez, Bionanoplasmonika taldeak tumore-ereduak sortzen ditu, haien aurkako farmakoen eraginkortasuna probatzeko. Horrez gain, tumoreak garatzen dituzte pazienteen tumore-zelulekin.

Jesús Ruiz Cabello Ikerbasque irakasleak, Biomarkatzaile Molekular eta Funtzionalen taldekoak, zentroko Irudi Molekular eta Funtzionaleko Unitatea erakutsi du. Izan ere, Aldundiak unitate hori handitzeko lanak babestu ditu Zientzia eta Teknologiaren Euskal Sareari laguntzak emateko programaren azken bi deialdietan: “Irudi aurreklinikoko ikerkuntzarako Europan dagoen azpiegitura handienetako bat da. Bertan, organismo bizidunen molekulen eta biomaterialen jarraipena egin daiteke modu ez-inbaditzailean, terapia eta diagnostiko berriak garatzeko funtsezkoa”.

Bisitaren ostean, Gipuzkoako diputatu nagusiak hau adierazi du: “Duela hamarkada batzuetatik hona azpiegitura aurreratuen eta talentuaren garapenaren alde Gipuzkoak egindako apustuari esker, gaur egun erreferente gara I+G arloan. Izan ere, Estatuko eta Europako batez bestekoaren oso gainetik dagoen inbertsio-maila daukagu, baita puntako zentroen sare zabal bat ere, eta arlo horretan diharduten 14.000 pertsona. Azaldu duenez, “CIC biomaGUNE zentroak apustu hori ordezkatzen du, eta balio handiko ekarpena egiten du, ezagutza aurreratua sortzen baitu gure osasuna eta bizi-kalitatea hobetzeko eta ekonomia jasangarriago baterantz aurrera egiteko”. Mendozaren hitzetan, “Aldundiak ahalegin hori babesten jarraituko du, bai proiektuak egiteko edo ekipamendu aurreratua erosteko laguntza-deialdien bidez, bai GANTT (terapia aurreratuak) lankidetza-proiektuan eta bestelakoetan lidergoa izanez”.

Partekatu

Beste berri batzuk