Gorrina eta zurinarekiko mahats erresistenteak mahastizaintza jasangarria bultzatzeko
NEIKER teknologia-zentroak Europako GRAPEBREED4IPM proiektuan parte hartzen du. Proiektuak gaixotasunekiko mahats-barietate erresistenteak erabiltzea bultzatzen du fungizida gutxiago erabil daitezen
Ekimenak honako hauen helburuei laguntzen die: Europako Itun Berdea, Biodibertsitate Estrategia 2030 eta Baserritik Mahaira ekimena
Europako mahastizaintzaren bide-orrian helburu nagusi hauek daude: tratamendu kimikoak gutxitzea, ingurumena zaintzea eta mahatsaren kalitateari eustea. Helburuak betetzea erronka handia da, fungiziden bitartez kontrolatzen baitira zenbait gaixotasun; besteak beste, produktuaren ekoizpenari nahiz kalitateari eragiten dieten gorrina eta zurina. Hori horrela, sektorearentzat lehentasunezkoa da berrikuntzak bultzatzea aukera egon dadin intsumo edo sargai gutxiagorekin landatzeko, eta, aldi berean, mahastian eragina duten gaixotasunen kontrako erresilientzia handitzeko.
Asmo horrekin, NEIKER teknologia-zentroak, Eusko Jaurlaritzaren Elikadura, Landa Garapen, Nekazaritza eta Arrantza Sailaren mendeko erakundeak, Europako GRAPEBREED4IPM proiektuan parte hartzen du. Proiektuaren ardatza da gaixotasunekiko erresistenteak diren mahats-barietateak (DRVak, disease resistant varieties ingelesez) garatu eta sustatzea; hau da, eskualdeko lurzoruaren eta klimaren ezaugarrietara egokitzeko gai diren barietateak.
Hartarako, zenbait hautespen-lerro aztertzen dira, patologien kontrako erresistentzia genetikoa konbinatuta, eta ekoizpen-lurzatietan haien portaera nahiz errendimendua ebaluatzen dira benetako laborantza-egoeretan.
Ildo horretatik, NEIKERek, ardogintzaren sektorerako irtenbide jasangarrietan esperientzia handia izanik, laguntza teknikoa ematen du landare hobetuak hautatzeko, eta bertako mahastizainekin elkarlanean aritzen da barietate egokienak identifikatzeko; hau da, gaixotasunen aurrean portaera onena dutenak eta lurraldeko lurzoru eta klimetara behar bezala egokitzen direnak. «Tokian-tokian egindako lana oinarrizkoa da barietate berrien eraginkortasuna benetako laborantza-egoeretan ebaluatzeko», azaldu du Ana Díez zentroko Landare Ekoizpena eta Babesa Saileko ikertzaileak.
Emaitzak testuinguru zabalagoan jartzeko eta aplikagarritasuna balidatzeko, zentroak OSCAR behatokian parte hartzen du, Frantziako INRAEek eta IFVk bultzatutakoan. Sare horretan bilduta daude Europako zenbait ingurunetako barietate erresistenteak ekoizten dituzten lurzatiak. Sareak informazio teknikoa elkarri trukatzea errazten du, eta laguntzen du askotariko klima- eta lurzoru-ezaugarrietara egokitzen diren kudeaketa-estrategiak hobetzen.
Gainera, barietate berriek mahastiaren ekosisteman zer ondorio dituzten ulertzeko, NEIKERek biodibertsitatea ebaluatzen du DRVak dituzten lurzatietan, bai kudeaketa ekologikorako sistemetan, bai babes kimiko apaleko sistemetan. Hain zuzen ere, honako hau aztertzen dute: ea antropodorik dagoen, mahatsari lotutako mikrobiota, eta, halaber, barietate erresistenteen eta mahastiko ingurune naturalaren arteko interakzioa aztertzea ahalbidetzen duten bestelako adierazle ekologikoak. «Bildutako informazioak balio izango du jardunbide agronomikoak diseinatzeko, haien bitartez laborearen jasangarritasuna susta dadin, ingurumeneko eragina gutxitu dadin eta ekosistemaren oreka naturala lagundu dadin», adierazi du Díezek.