Ia 100 espezie desberdinetako 5.000 zuhaitz baino gehiago ditu Bizkaiko Zientzia eta Teknologia Parkeak

Bizkaia

  • Espezie guztiak biltzen dituen liburua berrargitaratu du Parkeak, espezie bakoitzaren ezaugarri eta jatorriarekin.
  • Argitalpena bost ibilbidetan egituratuta dago, guztira 6 kilometro inguru, Parkearen zuhaiztia ezagutzeko gidaliburu bilakatuz.
  • Ibilbideetako bat, BTEK, Teknologiaren Interpretazio Zentroaren inguruan dago eta bertan egiten diren Bioteknologia Tailerretan erabiltzen dute.

Bizkaiko Zientzia eta Teknologia Parkeak, 5.000tik gora zuhaitz ditu, Zamudio eta Derioko udalerrietan hartzen dituen 213 hektareatan zehar banatuta, ingurumenaren aldetik balio handiko esparrua osatuz. 91 espezie desberdinetako zuhaizti hau katalogatu eta liburu batetan bildu du Parkeak; espezie bakoitzak fitxa bat du, non bakoitzaren jatorri, hosto eta fruituei buruzko informazioa jasotzen den.

Zuhaitzik gehienek jatorri europarra duten arren, Amerika, Afrika eta Asia kontinenteetako arbolak ere ugariak dira parkean; Ozeaniako espezierik ere aurki dezakegu bertan. Bitxikerien artean, azpimarratzekoak dira Araucaria Araucana – Txileko Pinua, Hego-Amerikako herrialde horretan jatorria duena eta Acacia Melanoxylon – Akazia Australiarra, Ozeaniako herrialde horretakoa jatorriz. Bitxikeriekin batera, besteak beste, haritz, pago, pinu, gorosti, ereinotz, hurritz, artea eta astigarrak osatzen dute parkeko zuhaiztia. Aipatzekoa da, astigar espezieko 7 mota desberdinetako arbolak daudela bertan, pixkanaka espezie horretako bilduma osatuz doalarik.

Zuhaitzen liburua, guztira 6 kilometroko luzeera duten bost ibilbidetan egituratuta dago:

  • Lehen ibilbidea: 101 eraikinaren inguruan dago eta 23 espeziek osatzen dute.
  • Bigarren ibilbidea: Egun Parkean dagoen bide-gorriaren ibilbide bera da, 28 espeziez osatua. Espezie mota desberdin gehien dituen ibilbidea da.
  • Hirugarren ibilbidea: 201 – 226 bitartean dauden eraikinak inguratzen dituen ibilbidea da, 407 eraikinerarte iristen dena. 20 espezieren deskribapena egiten da ibilbide honetan.
  • Laugarren ibilbidea: BTEK, Teknologiaren Interpretazio Zentroaren inguruan dagoen ibilbidea da, 18 espeziek osatzen dute, Parkeak dituen zuhaitzik gazteenak. BTEKek ikasleekin egiten dituen Bioteknologia Tailerretan erabiltzen du ibilbide hau, Parkeko zuhaitz-espezieen identifikazio Unitatean hain zuzen ere. Bertan, Euskadiko bertoko espezieen identifikazio genetikoa egiten da, DNA sekuentziak eta polena erabiliz.
  • Bostgarren ibilbidea: 810 eraikinetan hasi eta 600 eta 700 zenbakidun eraikinak inguratzen dituena da, guztien artean luzeena da eta 18 espeziez osatuta dago.

2002.urtean argitaratu zuen Bizkaiko Teknologia Parkeak lehen Zuhaitzen Liburua, garai hartan zeuden 78 espezieak hiru ibilbidetan bilduz. Hamar urteren buruan, espezieen zerrenda eguneratu, epe honetan landatutako espezie berriak gehituz, eta ibilbide berriak definitu dira. Parkearen zuhaiztia ezagutzeko gidaliburua da, paper ekologikoan inprimatua; argitalpen honek FECYT, Zientzia eta Teknologiarako espainiar Fundazioaren diru-laguntza jaso du. Bizkaiko Zientzia eta Teknologia Parkea SPRI Taldearen baitan dago (Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismo Sailaren elkate publikoen taldea, euskal enpresa ehunari laguntzeaz arduratzen dena).

Partekatu

Beste berri batzuk