I+G arloko inbertsioa %5,8 handituko da Euskadin 2026an, eta 2.384 milioira iritsiko da, nahiz eta ziurgabetasun geopolitikoak eta Europako programen trantsizioak egoera zaildu 

Albisteak, Bizkaia

Estimazio hori egin dute Berrikuntzaren Euskal Agentziak eta berrikuntzaren arloko 19 enpresa trakziogilek. Euskadin eta BRTA partzuergoan enpresek I+G arloan egiten duten inbertsioaren %43 biltzen dute 19 konpainia horiek  

Enpresek I+G arloan egingo duten inbertsioa 1.287 milioi eurokoa izango da, eta hazkundea %5,2koa, nahiz eta ziurgabetasun globalak eta euskal industriako funtsezko sektoreen moteltzeak gorakada hori baldintzatu 

Administrazio publikoen finantzaketa 874 milioi eurokoa izango da, %8,5 handiagoa, Eusko Jaurlaritzaren laguntzak izan duen hazkundeari eta Europako Next Generation funtsen exekuzioari esker 

Nazioarteko finantzaketa, aldiz, 160 milioira jaitsiko da (-%4,9). Hauek dira hori baldintzatu duten arrazoi nagusiak: Euskadiko gaitasun zientifiko-teknologikoak eta Europako deialdiak ez hain lerrokatuta egotea; Esparru Programa berriranzko (FP10) trantsizioa; eta I+G arlorako funtsak eskuratzeko lehia gero eta handiagoa izatea  

Euskadik ikerkuntzan eta garapen esperimentalean (I+G) 2026an egingo duen inbertsioa 2.384 milioi eurokoa izango da; hau da, 2025. urterako eginiko estimazioa baino %5,8 handiagoa.  

Innobasquek, Berrikuntzaren Euskal Agentziak zortzigarren aldiz egin duen urteko estimazioaren arabera, enpresek I+G arloan egingo duten inbertsioa 1.287 milioi eurokoa izango da, eta hazkundea, %5,2koa, nahiz eta ziurgabetasun globalak eta euskal industriako funtsezko sektore batzuen moteltzeak baldintzatu egingo duten gorakada hori. Bestalde, administrazio publikoen finantzaketa 874 milioi eurokoa izango da, %8,5 handiagoa, Eusko Jaurlaritzaren laguntzak izan duen hazkundeari eta Europako Next Generation funtsen exekuzioari esker. Aldiz, nazioarteko finantzaketa 160 milioi eurora jaitsiko da (-%4,9). Hauek dira hori baldintzatu duten arrazoi nagusiak: Esparru Programa berriranzko (FP10) trantsizioa; I+G arlorako funtsak eskuratzeko lehia gero eta handiagoa izatea, eta Euskadiko gaitasun zientifiko-teknologikoak eta Europako deialdiak ez hain lerrokatuta egotea.  

Euskadin 2026n I+G arloan egingo den inbertsioaren estimazioa egiteko, Innobasquerekin batera, Ikerketa eta Teknologiarako Euskal Aliantza (BRTA) eta 19 enpresa trakziogile handi aritu dira. Honako hauek, hain zuzen: Aernnova, Arteche, Ayesa, CIE Automotive, Dominion, Faes Farma, Gestamp, Iberdrola, Ingeteam, Inzu Group, Irizar, ITP Aero, Mondragon Korporazioa, Multiverse Computing, Sener, Sidenor, Tubacex, Ulma eta Velatia. Euskal enpresek I+G arloan egiten duten inbertsioaren %43 biltzen dute 19 konpainia horiek. 

Imanol Rego Berrikuntzaren Euskal Agentziako presidenteak eta Leire Bilbao zuzendari nagusiak aurkeztu dute I+G arloko inbertsioaren urteko aurreikuspena, Innobasquek antolatutako lan-mahai batean. Hitzorduan izan ziren, orobat, Eusko Jaurlaritzako Zientzia eta Berrikuntza sailburuordea, Adolfo Morais; Berrikuntzako zuzendaria, Maialen Agirre; Teknologia, Berrikuntza eta Eraldaketa Digitaleko sailburuordea, Jaione Ganzarain; eta Teknologia eta Berrikuntzako zuzendaria, Alberto Fernández.  

Saio hau urteroko hitzordu ezinbestekoa bihurtu da I+G arloko konpainia trakziogileentzat. Bileran, hainbat gai izan zituzten hizpide, besteak beste, berrikuntza arloko inbertsio-aurreikuspenak, eta adimen artifiziala (AA) enpresen I+G prozesuetan izaten ari den eragin eraldatzailea; izan ere, teknologia hori jakintzaren sorkuntza berregituratzen ari da, eta aurkikuntzak azkartzen.  

Enpresen aurreikuspenak ziurgabetasuneko testuinguru global batean 

Analisian parte hartu duten enpresetako zuzendari nagusiek eta I+G arloko eta Berrikuntzako zuzendariek Euskadin I+Gko inbertsioan izan den hazkundeari eta datozen urteetan agenda industriala zehaztuko duten berrikuntzako bektore garrantzitsuenei buruzko beren iritziak eta ikuspegiak partekatu zituzten. 

  • Testuinguru geopolitikoa konplexua izan arren eta industria-sektore funtsezko batzuen moteltzea gertatu arren, I+G arloko inbertsio-aurreikuspenak onak dira.  
  • Berrikuntza elementu estrategikotzat hartzen da oraindik, industriaren eraldaketa teknologiko, energetiko eta digitalari aurre egiteko. 
  • Haien konpainiek I+G arloan egindako inbertsioetan dinamismo nabarmena ikusten dute, batez ere deskarbonizazioaren, digitalizazioaren eta dibertsifikazioaren esparruetan, era horretara sektoreko erronkei aurre egiteko.  
  • Proiekzioen arabera, hazkunde esanguratsuak etorriko dira, lehentasun estrategikoekin –hala nola Eusko Jaurlaritzaren 2030 ZTBP– bat etorriz. 

Guztiek adostasunez nabarmendu zuten adimen artifiziala, digitalizazioa eta trantsizio energetikoa inbertsio-ahaleginaren eta eraldaketa industrialaren ardatz bihurtzen ari direla, eta azpimarratu zuten oso garrantzitsua dela sektore estrategikoen egokitzeko ahalmenari eustea, areago nazioarteko testuinguruan ziurgabetasuna eta lehia bizia nagusi diren honetan. 

Bestalde, zentro teknologikoen eta unibertsitateen arteko lankidetza eta erakundeen babesa “ezinbesteko elementuak” direla nabarmendu zuten enpresetako ordezkariek, “berrikuntzak euskal industriaren produktibitatean eta lehiakortasunean egiazko inpaktua izan dezan bermatzeko”. 

Adimen artifiziala eraldaketa industrialerako motor 

Berrikuntzaren Euskal Agentziaren egoitzan bildutako enpresek nabarmendu zuten adimen artifizialak (AA) ahalmen eraldatzaile handia duela. Batzuk eta besteak fase desberdinetan daude teknologia hori ezartzeko prozesuan, eta jarrerak ere askotarikoak dira, baikortasun erabatekotik zuhurtasunera. 

Testuinguru honetan, argi geratu zen konpainia asko AAren inguruko estrategiak egituratzeko fasean daudela gaur egun. Prozesu hori gauzatze bidean, enpresak gobernantza-egiturak zehazten ari dira, lantalde espezializatuak formatzen eta proiektu pilotuak garatzen, baita jarduera-esparru desberdinetan izan ditzakeen aplikazioak esploratzen eta horretarako erabilera-kasuak martxan jartzen ere. Nolanahi ere, konpainiaren arabera aldeak daude teknologia ezartzeko erritmoan eta sakontasunean. 

Era berean, jardueraren sektoreak baldintzatu egiten du AA ezartzeko aurrerapausoen norainokoa. Esparru batzuk, farmazeutikoa adibidez, oso aurreratuta daude AAren aplikazioan, eta beste batzuk, aeronautikoa adibidez, muga gehiagori aurre egin beharrean dira, sektoreko araudi eta segurtasun baldintza zorrotzen ondorioz. 

Erronka estrategikoak  

Adimen artifizialaz gain, I+G arloko euskal enpresa trakziogileek nabarmendu zuten joko-arau erabat desberdinak dituzten eragileak (gobernuaren babesa duten enpresa txinatarrak) gero eta presio lehiakor handiagoa eragiten ari direla. Sektore batetik bestera aldeak daude: autogintzaren sektorean, adibidez, oso delikatua da momentua, eta, aldiz, energiaren sektorean egoera oso-oso ona da. Merkatuan posizionamendu berriak sortzeko beharra dela eta, sektoreak dibertsifikatzeko prozesu berriak sortzen ari dira, osasunarekin, energiarekin, defentsarekin edo belaunaldi berriko aeronautikarekin loturiko merkatu berrietarantz. Eta horretan guztian, bada baliabide bat —talentua—, egiazko faktore mugatzaile bihurtu dena.  

Topaketan, Zientzia, Unibertsitateak eta Ikerkuntza Saileko ordezkariek Zientzia, Teknologia eta Berrikuntza Plan (ZTBP) berriaren garrantzia azpimarratu zuten, industria-ehunaren lehiakortasuna sendotzeko esparru estrategikoa den heinean.  Plan horretan aurreikusitako ekimenen artean, “Berrikuntza Itsasargiak” programa nabarmendu zuten. Horren xedea da jakintza zientifiko aurreratua eta inpaktu handiko industria-proiektuak uztartzea, besteak beste, adimen artifizialaren, teknologia kuantikoen eta trantsizio energetikoaren esparruetan.  

Industria, Trantsizio Energetikoa eta Jasangarritasun Sailak berretsi zuen Jaurlaritzak aurrerantzean ere industria-proiektu eraldatzaileak babesten eta laguntzen jarraituko duela, bereziki goi teknologia, eragileen arteko lankidetza eta Euskadirako industria-aukera berriak sortzeko gaitasuna uztartzen duten proiektuak.  “AA bezalako teknologien arrakasta ez da teknologiaren beraren ahalmenaren araberakoa soilik; merkatuaren beharrizan errealei erantzuteko duen gaitasunaren araberakoa ere bada (marketpull). Hori dela eta, funtsezkoa da garapen teknologikoa industriaren beharrizanekin sinkronizatzea, eta honelako foroak funtsezkoak dira uztarketa hori sendotzeko”.  

Partekatu

Beste berri batzuk