Inflazioaren inpaktuak jasangarritasunaren gorakada geldiarazi du, elikagaiak erosteko orduan erabakitzeko faktore gisa

Albisteak, Araba, Bizkaia, Gipuzkoa

Elikadura jasangarriaren aurreko jarrerak polarizatu egin dira: gora egin du bai militanteen baita interesa ez dutenen kopuruak, eta indarra galdu du noizbehinkako erosleak

Elikagaien prezioen igoeraren ondorioz, pertsonak minimizatzen ari dira erosketaren saskia osatzen duten produktuak aukeratzeko orduan jasangarritasunari ematen dioten garrantzia. Inflazioak markatutako egungo testuinguruan, biztanleen erdien baino gehiagoren lehentasuna ahalik eta prezio egokieneko elikagaiak erostea da, eta eskaintza erakargarri baten aurrean daudenean, jasangarria den ala ez kontuan hartu gabe erosten dute produktua. Horrela, 3 pertsonatik 2k diote elikagai mota hori erosten saiatzen direla, baina inflazioak ez diela horretarako aukerarik ematen.

Ondorioak kontsumitzailearen ikerketan eta ezagutzan espezializatutako Across The Shopper aholkularitzak egindako Basque Food Clusterren ‘Elikadura jasangarria’ azterlanaren 2. ediziotik atera dira. Azterlana 2022an esparru berean egindakoaren jarraipena da, eta Gipuzkoako Foru Aldundiko Ekonomia Sustapen, Turismo eta Landa Inguruneko Departamentuak sustatu eta finantzatutako P-CAS proiektuaren barruan dago. Proiektu horrekin, beren jarduerari jasangarritasunaren inguruko araudi- eta merkatu-aldaketek nola eragiten dioten zehazten laguntzen die Clusterrak elikagaigintzako euskal enpresei.

Espainian bizi diren mila pertsona baino gehiagori egindako elkarrizketetan oinarrituta, azterlanak hainbat gai aztertzen ditu, hala nola inflazioak elikagai jasangarriak erosteko erabakietan duen eragina, kontsumitzaile mota desberdinak eta horien beharrak, produktu-kategorien araberako aldeak edo esparru horretan hazteko dauden aukerak.

Laginaren erdiarentzat, “logikoa” da elikagai jasangarri batek prezio handiagoa izatea. Hau da, kontsumitzaileak badaki hori elaboratzeak kostu handiagoak dituela, eta balioa ematen dio. Hala ere, horrelako produktuengatik zenbat gehiago ordaintzeko prest egongo litzatekeen galdetuta, zifra % 5 besterik ez da. Hurbileko, bertako, produktu bat gainerakoak baino % 15 eta % 20 garestiagoa dela kontuan hartuz gero, argi dago merkatuan desoreka gertatzen ari dela, eta ondorioz, balio jasangarriko proposamenarekin merkaturatutako produktu askok ez dituzte nahi diren salmentak lortzen.

Inflazioaren ondorioz, biztanleak elikaduraren gastua estutzen ari dira. Inkestari erantzun dioten pertsonen % 53arentzat, lehentasuna elikagaiak ahalik eta prezio egokienean erostea da, jasangarritasunarekin erlazionatutako alderdiak kontuan hartu gabe. Horrela, 3 pertsonatik 2k diote prezioen igoerak ez diela elikagai mota hori erosteko aukerarik ematen.

Kontsumitzaileen profilak: interesik gabekotik militantera

Pertsonek elikagai jasangarria denarekiko hainbat pertzepzio dituzte, eta horrek produktuaren kategoriaren araberako balorazioak baldintzatzen ditu. Adibidez, esnekietan, gehien baloratzen diren alderdiak ontzia eta animalien ongizatea dira; kontserbetan, arrantza-kuotekiko errespetua eta itsas hondorako kaltegarriak ez diren erauzketa-tekniken erabilera; haragietan, produktua gutxi prozesatuta egotea; eta edarietan, ekoizpena ingurumenarekiko errespetuzkoa izatea eta artisau-prozesu baten bidez gauzatzea.

Millennial belaunaldiarentzat, elikagai jasangarria estandar ekologikoak betetzen dituena (kimikorik gabe ekoiztua eta gehigarririk gabe prozesatua), animalien ongizatea bermatzen duena edo landare-lehengaiekin egina dagoena (plant-based) da. Bestalde, seniorrek –55 urtetik gorakoek– produktu freskoekin, hurbilekoekin eta sasoikoekin erlazionatzen dute jasangarritasuna.

Era berean, ikerketak erosketa jasangarriarekiko hainbat jarrera identifikatzen ditu, eta lau kontsumitzaile-profil sortzen ditu: bat ere interesik ez duena (“Ez du nirekin zerikusirik”), hasi berria dena (“Hasten ari naiz”), aldekoa (“Ahal dudana egiten dut”), eta militantea (“Konprometituta nago”). Horrela, jarrera horien polarizazioa mahai gainean jartzen duen bilakaera egiaztatu da. Duela urtebete, inkestatuen % 7ak ez zuen interesik, eta % 6ak uste zuen konprometituta zegoela. Gaur egun, bi ehunekoak bikoiztu egin dira: laginaren % 15era eta % 11ra  helduz, hurrenez hurren.

Kontsumo arduratsurako oztopoei dagokienez, aldatu egiten dira kontsumitzailearen tipologiaren arabera. Erosle gazteenentzat (18-35 urte), prezioa da oztopo nagusia. Bestalde, senior segmentuak dio ez dakiela produktu baten alderdi jasangarriak identifikatzen; seme-alabak dituzten familiek, berriz, erosketa azkarrak egiten dituzte establezimendu bakar batean, eta produktu jasangarrien aukera guztiak erosketa-gune berean erostea ezinezkoa dela ziurtatzen dute. Beraz, produktuen lehiakortasuna hobetzea, komunikazioa eta etiketatzeak sinplifikatzea, eta aukera jasangarriak zabaltzea eta establezimendu handietan ezartzea hazkunderako aukera handiak dira enpresentzat.

BASQUE FOOD CLUSTER

BASQUE FOOD CLUSTERek euskal elikaduraren balio-kate osoko enpresen lehiakortasuna hobetzeko egiten du lan. 130 konpainia, erakunde eta entitate baino gehiagok osatutako sozietate-oinarriarekin, horien artean azpisektore bakoitzeko enpresa liderrak, erakundea Euskadiko elikaduraren erreferentziazko eragile eta enpresa-egituraren eta erakundeen arteko solaskide nagusi gisa finkatu da. Bere helburu estrategikoen artean, merkatuaren garapenean, berrikuntza teknologikoan eta ez-teknologikoan, ezagutzan eta kontsumitzaileekiko harremanean balio handiko proiektu partekatuen lankidetza eta garapena sustatuz eta dinamizatuz sektoreko enpresei laguntzea nabarmentzen da, bai eta talentua erakartzea eta leialtzea ere.

Partekatu

Beste berri batzuk