INNOBASQUE Berrikuntzaren Euskal Agentziak «zientziatik berrikuntzara» transferitzeko kasu praktikoak bilatzen ditu Global Innovation Day 2025erako

Proposamenak aurkezteko epea irekita egongo da irailaren 22ra arte. Hautatutako esperientziak Global Innovation Day 2025 ekitaldiko programa ofizialean jasoko dira, Euskadin zientziak berrikuntzan duen eragina erakusteko adibide aipagarri gisa
Innobasque Berrikuntzaren Euskal Agentziak, aurten ere, Euskadin garatutako berrikuntza-kasu praktikoak aurkezteko deialdia egin du, Euskadi berrikuntza handiko eskualde gisa duen balioa zabaldu eta indartzeko erreferentziazko topaketa den Global Innovation Day ekitaldian parte har dezaten.
Foru horrek urtero euskal ekosistemako enpresa eta eragile gakoak biltzen ditu, eta hamalaugarren edizioa azaroaren 5ean izango da, Donostian. Aurten, “Zientziatik berrikuntzara” lelopean, ekitaldiaren ardatza zientziak, ezagutza berria sortzen duen aldetik, inpaktu nabarmena duten berrikuntzen eragile gisa duen balioa izango da.
Horretarako, hamalaugarren edizio honetako kasu praktikoen deialdiaren xedea da modu argi eta egiaztagarrian ezagutza zientifiko-teknologikoaren eta aplikazio praktikoaren arteko lotura agerian uzten duten esperientzia errealak identifikatzea; balioa sortu duten produktu, zerbitzu, prozesu edo antolamendu-ereduak izan daitezke.
Hautatutako proposamenak 2025eko Global Innovation Day ekitaldiko protagonistak izango dira, eta jardunaldiko programa ofizialean txertatuko dira Euskadin zientziaren eta berrikuntzaren loturaren eredu diren kasu inspiratzaile gisa.
Erakunde interesdunek hautagaitza bakarra edo gehiago aurkeztu ahalko dituzte. Horretarako, Innobasque Berrikuntzaren Euskal Agentziaren webgunean eskura dagoen inprimakia deskargatu.
