Innobasquek 2024ko ekitaldiko emaitzak aurkeztu ditu XVIII. Batzar Nagusia, eta guztiz bat datoz Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzako Euskal Planarekin

Egin da urteroko topaketa, eta bertan bildu dira Innobasqueko entitate bazkideak –administrazioak, enpresak eta hezkuntza, gizarte, zientzia eta teknologia arloetako eragileak-, baita Agentziaren Zuzendaritzako 60 kideak ere, Euskadin berrikuntza bultzatzen duen aliantza publiko-pribatuaren goi ordezkariak guztiak
Innobasqueren erabaki-organo gorena da Batzar Nagusia, eta aurreneko aldiz, erabakigune horretako presidente izan da Imanol Rego, Irizarreko zuzendari nagusia, martxoan Agentziako presidente izendatua izan ondoren
Berrikuntzaren euskal ekosistemaren urteroko hitzorduan aurkeztu dira Agentziako bi entitate bazkidek eginiko azken aurrerapen estrategikoak: Donostia International Physics Center (DIPC) zentroak konputazio kuantikoan eginikoak eta ITP Aero eta Sener konpainiek propultsio espazialean eginikoak
Era berean, Paula Carsí lehen aldiz izan da hizlari Euskadin; Ford Europako Berrikuntzako zuzendari gaztea eta automobilgintzaren sektorean jasangarritasunaren eta berrikuntzaren erreferentea da Carsí
Imanol Pradales lehendakariak, Innobasque, Berrikuntzaren Euskal Agentziako ohorezko presidenteak, itxi du ekitaldia
Innobasquek, Berrikuntzaren Euskal Agentziak, bere XVIII. Batzar Nagusia egin du. Erreferentziazko hitzordu horretan biltzen dira urtero berrikuntzaren euskal ekosistemako eragileak Euskadiko I+G+b jarduerari pultsua hartzeko.
Innobasqueren entitate bazkideetako ordezkariak bertaratu dira ekitaldira, ekosistema bera osatzen duten 908 bazkide, administrazioak, enpresak, hezkuntza, teknologia eta gizarte arloetako eragileak, guztiak ere helburu berarekin: Euskadin berrikuntza bultzatzea esparru guztietatik. Bertan izan dira Innobasqueren Zuzendaritzako kideak ere; berrikuntzaren sektore estrategikoekin loturiko goi mailako 60 profesionalez osaturik dago Zuzendaritza hori.
Imanol Rego, Irizar Taldeko zuzendari nagusia, izan da lehen aldiz Batzar Nagusiko presidentea, martxoan Innobasqueko presidente izendatua izan ondoren.
Erakundeko zuzendari nagusiak, Leire Bilbaok, ireki du batzarra, eta agentziak aurreko urtean eginiko jardueren balantzea egin du, eta 2024 ekitaldiko kontuak eta kudeaketa-txostena eta 2025eko aurrekontua aurkeztu ditu, bertan ziren erakunde bazkideek onartzeko. Gai zerrendako puntu guztiak aho betez onartu dira.
Batzarrean aurkeztutako 2024ko jardueraren emaitzek argi erakusten dute Agentziaren helburu estrategikoak nabarmen bete direla, eta horrek, aldi berean, Euskadiko Zientzia, Teknologia eta Berrikuntza Planaren (ZTBP) hainbat jarraipen- eta eboluzio-adierazle hobetzen lagundu du. Eusko Jaurlaritzak Zientzia, Unibertsitate eta Berrikuntza Sailaren bidez bultzatutako plan horrek bi helburu nagusi ditu: berrikuntzaren euskal sistemak dituen ahulguneak zuzentzea eta 2030era begira Euskadi Europako eskualde aurreratuenen artean kokatzea berrikuntzaren arloan. Innobasquek guztiz bat egiten du helburu horiekin.

Berrikuntzako helburuen alde eginiko ekarpena
Innobasquek sendotu egin du ETE-etan berrikuntza bultzatzeko konpromisoa, hori baita Eusko Jaurlaritzaren planeko helburu nagusietako bat. 2024an, guztira 982 enpresa txikik eta ertainek hartu dute parte berrikuntza bultzatzeko gure jardueretan. Ekimen horien artean nabarmentzekoak izan dira Formakuntza Berrikuntzan programa, Berrikuntzaren Mapa eta Kasu Praktikoen Bankua.
Ildo berean, Innobasquek, SPRI Taldeak eta Eusko Jaurlaritzak elkarrekin bultzatzen duten HAZINNOVA programari esker, 364 enpresak 499 berrikuntza-proiektu gauzatu dituzte azken urtean. HAZINNOVAk 2019an eman zituen lehen urratsak esperientzia pilotu gisa, eta gerozko bost ekitaldietan 1.045 enpresari eman die laguntza eta 2.103 proiektu berritzaile garatzen lagundu du.
Aurreko ekitaldian nabarmentzekoa izan da Lanbiderekin batera bultzatutako Lan Mentoring programaren sendotzea ere, ETE-etan belaunaldi aldaketa bideratzeko. Lehen fase pilotuan 60 enpresak hartu zuten parte programa horretan, eta hastapeneko urrats arrakastatsu horien ondoren, zerbitzu egonkorra bihurtu da Euskadiko ETE guztientzat.
Bide berean, Euskadiko I+G+b arloa nazioartera zabaltzeko eta bide horretan aukera gehiago izateko lanean jarraitu du Berrikuntzaren Euskal Agentziak. 2024an, guztira 204 entitatek hartu dute parte atzerrian beren presentzia sendotzeko xedea zuten jardueretan. Enpresei Europako programetan parte hartzen laguntzeko, Enterprise Europe Network sarearen euskal nodoko kide da Innobasque, SPRI, BEAZ, hiru merkataritza ganberak eta Basque Trade and Investment erakundeekin batera.
Azkenik, begirada ekosistema berritzailearen etorkizunean jarririk, Agentziak gero eta lan handiagoa egin du gazteen artean zientziarako eta teknologiarako bokazioak sustatzeko, bereziki nesken artean. 2024an, 315 ikastetxetako 27.500 gaztek hartu dute parte STEAM jardueretan, lurraldeko 100 entitate baino gehiagorekin bideratu dugun lankidetzari esker.
Aliantza publiko-pribatua, euskal berrikuntza sistemaren funtsezko zutabea
Nabarmen geratu da euskal berrikuntza sistema osatzen duten eragileen arteko lankidetza publiko-pribatua funtsezkoa dela berrikuntzaren ekosistemak aurrera egin dezan. Testuinguru horretan, Agentziak sendotu egin du giltzarri diren eragileekin batera egindako lana, eta hitzarmen estrategikoak sinatu ditu Eusko Jaurlaritzarekin, hiru foru aldundiekin, BEAZ eta Garapen erakundeekin, Arabako Koadrilekin eta Gasteizko Udalarekin, berrikuntza lurralde osora hedatzeko eta tokian tokiko ETE-ei zuzenean laguntzeko.
Aliantza horien paraleloan, Euskadin berrikuntzaren errendimendua ebaluatu du Innobasquek, eta hainbat analisi eta txosten egin ditu, zientzia, teknologia eta berrikuntza arloko politika publikoak diseinatzen laguntzeko. Azterlan eta txosten horien artean, nabarmentzekoak izan dira honako hauek: Euskadiko eta hiru lurralde historikoetako I+G+b arloaren egoeraren analisia, Euskadiko berrikuntza-gaitasunaren eta horrek ekonomian bueltan dakarrenaren diagnostikoa, 2030 Zientzia, Teknologia eta Berrikuntza Planaren tarteko monitorizazio eta ebaluazio txostenak eta Euskadin I+G arloan 2024rako egingo den inbertsioaren estimazio-txostena.
Gainera, bat egin dugu Zientzia, Berrikuntza eta Unibertsitate Ministerioaren egiturako CDTI zentroaren PIDI sarearekin. Horri esker, I+G+b arloaren finantzaketa publikoari buruzko aholkularitza zuzena emateko eragileen zorroa handitu dugu.
EHUko Doktoretza Sarearekin ere hitzarmen bat sinatu dugu, doktoregaien artean berrikuntza sustatzeko.
Entitate bazkideek ikerkuntzarako eta berrikuntzarako giharra agertu dute
Alderdi formalen ondoren, ikerkuntzak eta berrikuntzak Euskadin duen garrantzia jarri du balioan Innobasquek, Berrikuntzaren Euskal Agentziak, entitate bazkideek martxan jarritako punta-puntako bi proiekturen bidez.
“Entitate bazkideen ahotsa” gunean, Ricardo Díez, Donostia International Physics Center (DIPC) zentroko zuzendaria, teknologia kuantikoen ikerkuntzan izan diren azken aurrerapenei buruz aritu da, baita teknologia horrek sektore estrategikoetan –energia, medikuntza, material adimentsuak edo komunikazioak– dituen aplikazioei buruz ere. 2025 Kuantikaren Urtea izanik, testuinguru horretan eman du hitzaldia Diezek, eta, besteak beste, Euskadik etorkizunerako esparru estrategiko horretan zer urrats eman duen, eta konputazio kuantikoak zer aukera ekarriko dituen azaldu du. “Zientzia kuantikoak bitxia edo misteriotsua dirudi, eta haren kontzeptuak kontraintuitiboak dira. Fisika kuantikoa erronka kontzeptual ia filosofikoa da, baina, hala ere, zehaztasun handiko diziplina da ”, adierazi du Diezek.
“Lehen iraultza kuantikoak energiaren, medikuntzaren, biokimikaren eta optoelektronikaren eremuak garatu zituen; orain, bigarren iraultzaren oinarria da propietate intrintsiko-kuantikoen kontrolak aukera teknologiko berriak irekitzen dituela konputazioan, komunikazioan, sentsorikan eta metrologian”, zehaztu du adituak.
Berrikuntzaren esparru horretan aurkeztu da MERLIn proiektua ere (Motor Eragilea eta Berrerabilgarria Nazioarteko Jaurtitzaileentzat), sektore aeroespazialeko proiektu aurreratuenetako bat. ITP Aero eta Sener dira ekimen horren bultzatzaileak, Espainiako Pangea Aerospace eta Aenium Engineering startup-ekin batera. Aliantza teknologiko horren xedea da hamar aldiz berrerabil daitekeen propultsio espazialeko sistema bat garatzea, era horretara kostuak murrizteko, orbitako hondakinak ahalik eta gehien gutxitzeko eta Espainian industria lehiakorragoa sendotzeko. MERLIn proiektuak Plan Teknologiko Espazialaren deialdian bigarren diru-laguntza handiena jaso du: 11,6 milioi euroko aurrekontua, guztira.
“Proiektu honek aukera ematen du Euskadin sektore aeroespaziala indartzeko eta gure enpresak eremu horretan kokatzeko datorren hamarkadara begira”, nabarmendu du Daniel Hernández ITP Aeroko Aerodinamika ataleko arduradunak. Garatutako motorrak soluzio “disruptibo” eta “jasangarri” bat ematen du, hobekuntza teknikoetan oinarritua, jaurtiketen errendimendua eta eraginkortasuna % 10 eta % 15 artean hobetzea ahalbidetzen dutenak ”.
Horrez gain, Paula Carsí Ford Europa konpainiako Berrikuntza zuzendariaren hitzaldia ere izan da Innobasque, Berrikuntzaren Euskal Agentziaren Batzar Nagusian. Carsí lehen aldiz aritu da Euskadin, eraldaketa industrialari eta ekosistemei buruzko bere ikuspegi inspiratzailea azaltzen. 30 urte besterik ez ditu ingeniari aeroespazial gazte honek, baina automobilgintzaren Europako sektorearen berrikuntza gidatzen du, ikuspegi bateratzaile eta jasangarri batetik. “Berrikuntza, industriaren eraldaketa kultural eta teknologikorako motorra” hitzaldian, Carsík une honi egin dio erreferentzia, denbora laburrean aldaketa sakonak izan baitira. Kontzeptutik bertatik, “mugikortasunaz ari gara orain”, balio katera, prozesuetara eta, nola ez, produktuetara: “gurpildun txapak fabrikatzetik gailu digitaletara igaro gara”. Hori guztia aurreikusi ezin den testuinguru geopolitiko batean, “erabakiak hartzeko oztopoa” baita. Ildo horretan, zuzendariak esan du berrikuntza dela “ziurgabetasun horretan nabigatzeko bidea”.
Imanol Pradales lehendakaria Legebiltzarreko saioan zen gaur, baina haren mezuak itxi du urteroko hitzorduaren XVIII. ekitaldia. Bere esku-hartzean, Euskadiko eredu sozial eta ekonomikoaren oinarrizko zutabetzat jo du berrikuntza. “Enrico Letta eta Mario Draghik berriki egindako txostenak argi uzten du Europaren autonomia estrategikoa bermatzeko eta Estatu Batuekiko eta Txinarekiko arrakala murrizteko, berrikuntza dela giltzarrietako bat”.
“Liderren taldea oraindik ere distantzia pixka batera” dagoela onartu badu ere, konfiantza agertu du gaurkoa bezalako topaketak lagungarri izango direla “norabide zuzenean” aurrera egiteko. Lehendakariak oroitu du hala Eusko Jaurlaritzak nola Berrikuntzaren Euskal Agentziak helburu bera dutela: berrikuntzaren esparruan Euskadi Europako herrialde liderren artean kokatzea, eta, alde horretatik, “esku onetan” gaudela adierazi du, “esparru honetan Innobasquek erakusten baitigu bidea”.
Mezua amaitzeko, lankidetza publiko-pribatuaren garrantzia azpimarratu du Imanol Pradalesek. “Innobasquek jakin du erakundeen eta enpresa pribatuen lana uztartzen eta berrikuntzaren zerbitzura jartzen. Besteen aldean bereizten gaituen egiteko modu baten eredu egokia da. Bide horri jarraitu behar diogu eta elkarlanean jarraitu behar dugu, parean ditugun erronkei aurre egiteko”.