Irakurle hobeak izateko erritmoarekin irakurtzen ikastea
Madrilgo eskola batean erritmoarekiko sentikortasuna hobetzera zuzendutako trebakuntza esperimentala aurrera eraman dute, honek garunaren gaitasunean eta irakurtzeko errendimenduan eragina duenetz egiaztatuz
5 urteko haurrek hartu dute parte otsailatik maiatzara arte eta emaitzak epe motzera eta luzera ebaluatuko dira, 2025eko urtarrilean, ikasleak Lehen Hezkuntzako lehenengo mailan daudenean
Xede nagusia adin goiztiarretan erritmoan oinarritutako esku-hartze programa musikala benetako ingurunean balioztatzea da, dislexia bezalako irakurmen arazoak ekidin eta murrizteko
BCBL euskal ikerketa zentroko Marie Lallier ikertzailearen proiektua BBVA Fundazioko Becas Leonardo diru-laguntzekin finantzatua dago
Hilabete hauetan CEIP Nuestra Señora de la Fuencisla ikastetxean zera izan dute aztergai: hezkuntza-prozesuetan erritmoan oinarritutako prestakuntza musikal berria txertatzeak aldaketa positiboak eragin ditzakeen garunean, adin goiztiarretako irakurmenaren eskuratzean onurak ekarriz.
Zehatzago esanda, programa honen bitartez, haurrek musikaren erritmoarekiko duten sentikortasuna hobetu eta bere erritmo erregular eta errepikakorrak sistema kognitiboak garatzeko lagungarriak izan daitezkeen egiaztatu nahi dute, hizketa bezalako gertaera auditibo erritmikoekin hobeto sinkronizatze aldera.
Ikerkuntza proiektu honetan Haur Hezkuntzako bi ikasgela osatzen dituzten 5 urteko haur elebakarrek hartzen dute parte. Hauen laguntzaz baliatuta, alderdi linguistikoen ikasketa fase giltzarri batean txertaketa hau egiteak hizkuntzarekin loturiko arazo eta nahasmenduak (dislexia kasu) murriztea ekar dezakeen jakin ahal izango dute.
Marie Lallier, Basque Center on Cognition, Brain and Language (BCBL) neurozientzia kognitiboan espezializatutako euskal ikerkuntza zentroko ikertzailea, proiektu hau zuzentzeko arduraduna da, 2023ko BBVA Fundazioko Leonardo diru-laguntzarekin.
Esku-hartzea ikasgelan
Marie Lallierren taldeak bolondres txiki ororen gaitasun kognitiboak, irakurtzeko trebetasunak eta neuronen sinkronizazioa ebaluatu ondoren, otsail honetan proiektuaren bigarren fasea abian jarri zen: esku-hartze musikal-erritmikoa ikasgelan.
Maiatzara arte, eskolako hiruhileko osoan zehar, ikastetxeko musika irakasleak astean ordubetez programa esperimentala eman die 30 ikasleri, Universidad Complutense de Madrid unibertsitatean irakasle den Arantza Campollo Urkizak Lallieren taldearekin batera diseinatua.
Saioetan, adierazpen, interpretazio eta sormen musikalean oinarrituak, bi hizkuntza nahastu dira: gaztelania eta ingelesa. «Bi hizkuntzen konbinazioa erritmoarekiko sentikortasuna zein sinkronizazio neuronala sustatzeko lagungarria izango delakoan gaude», azaldu du Marie Lallierrek, proiektuaren arduraduna den BCBLko aditua.
Aldi berean, 30 ikaslek osaturiko beste talde batek, kontrol talde bezala hartuko dena, ikastetxeko urteko programazioan zehaztutako ohiko prestakuntza musikala jaso du, programa esperimentalaren eraginkortasunarekin alderatzeko.
Behin fase hau amaituta, BCBLko adituek esku-hartze musikal-erritmiko honen eragina analizatu eta ebaluatuko dute epe laburrean bi haur-taldeetan. Horretarako, elektroentzefalografia bezalako tresnak baliatuko dituzte, esku-hartzearen aurretik eta ondoren garunaren aktibitatean aldaketa esanguratsuak egon diren behatzeko xedez.
«Ezinbestekoa da elebiduna ez den tokia aukeratzea, Madril kasu honetan, beste hizkuntza batzuen eraginpean egoteak irakurmenaren errendimenduan ekar ditzakeen ondorioak ekidin ahal izateko. Talde esperimentalaren aldetik hizketarekin sinkronizazio neural hobea espero dugu, baita irakurmenaren eskuratzerako gaitasun kognitibo garrantzitsu hobeak ere», azpimarratu du Lallierrek.
Bestalde, 9 hilabete beranduago, 2025eko urtarrilean zehazki, esku-hartzearen epe-luzerako inpaktua ebaluatzeko azken fasea jarriko da martxan, haurrak Lehen Hezkuntzako lehenengo mailan modu formalean irakurtzen ikasten hasten direnean.
Emaitzei dagokienez, batetik, heziketa musikalaren zein abestea edo musika entzutea bezalako jaduera unibertsal eta ludikoen onuren egiaztapena espero da, erritmoa oinarri duten esku-hartze estrategia berriak diseinatzeko. Hauek erabilgarriak izango dira dislexia bezalako irakurmenaren eskuratzean jazo ohi diren zailtasunen esku-hartze goiztiarrerako, zein irakurmenaren garatze tipikoa duten haurren mekanismo neurokognitiboak indartzeko.
Bestetik, eguneroko praktikan aplikatzeko, egiazko ingurunean balioztatutako oinarri zientifikoa duen esku-hartze programa eskuragarri egongo da neurozientzialari, psikologo, hezkuntza orientatzaile eta irakasleentzat.
Erritmoarekin konektatuta
Azterlanak 18 hilabete iraungo du eta BCBLren beste lan batzuk ditu oinarri. Hauen arabera, besteak beste, irakurmenaren eskuratzean lagungarri diren prozesu linguistiko fonologikoak garunaren erritmoaren prozesatzearekin estuki konektatuta daude.
«Azkenengo hamarkadan gure ikertzaile-taldeak erakutsi duenagatik, hizketaren hautemateak sinkronizazioa eragiten du hizketaren erritmoen eta eskuineko hemisferioko garun eremu auditiboetan gertatzen diren oszilazio neuronalen artean. Aipatutako hemisferioak, halaber, prozesu musikaletan hartzen du parte», erantsi du Marie Lallierrek.
Ildo beretik, euskal zentroak aurrera eramandako beste azterketa batzuek zera iradokitzen dute: irakurtzeko zailtasunak dituzten haurren kasuan, dislexia adibidez, musika tresna lagungarria izan daitekeela. Honi esker, baliteke hizketarekin duten sinkronizazio neuronalean murrizketa pairatzen duten haur hauek estrategia orekatzaile eraginkorrak garatzea garunean, ahuldutako sentikortasun erritmikoa arindu eta irakurketa-maila optimizatuz.
«Erritmoaren prozesatzeak, musikala zein linguistikoa, eskuineko hemisferioan jazotzen direnez gero, ez litzateke harritzekoa izango heziketa musikalak transferentzia positiboa izatea, bai hizkuntzaren eskuratzean, bai eskuratze fonologikoan», adierazi du adituak.
Aitzitik, oraindik ezezagunak zaizkigu esku-hartze musikalaren ondoren ikus litezkeen onurekin loturiko mekanismo neurokognitiboak. Ondorioz, esku-hartzeen fokua zehazteko garaian ez dago adostasunik.
BCBLko Marie Lallier ikertzailearen proiektu berriak, BBVA Fundazioak finantzatutako Becas Leonardo 2023 diru-laguntzetako bat jaso zuena, erritmoan jarri du fokua ezagutza gabezia hau argiztatzeko.