Jasangarritasuna eta talentuaren erakarpena izan ziren Fabrikazio Aurreratuaren eta Digitalaren 23. Kongresuaren amaierako protagonistak

Albisteak, Gipuzkoa

Eusko Jaurlaritzako Industriako sailburuorde Mikel Amundarainek eta Gipuzkoako Foru Aldundiko Ekonomia Sustapen eta Proiektu Estrategikoetako diputatu Ane Insaustik parte hartu zuten amaiera-ekitaldian

550 pertsonak baino gehiagok izan dute fabrikazio aurreratuko eta digitaleko azken garapenak ezagutzeko aukera

Euskadiko Parke Teknologikoaren Donostia Campusean itxi da Espainian egiten den industria-kongresu garrantzitsuenaren hogeita hirugarren edizioa. Bertan, fabrikazio aurreratuaren eta digitalaren arloko enpresa, zentro teknologiko eta unibertsitateetako 550 pertsonak baino gehiagok hartu dute parte. Hiru egunetan zehar, bertaratuak ponentzia eta eztabaidetan izan dira, industria aurreratuaren arloko azken berrikuntzak aurkezteko.

Amaiera-ekitaldian Kongresuko bost sariak banatu dira. Fabrikazio aurreratuaren eta digitalaren sektorearekin lotutako ikasketen amaierako proiektu onenaren AFM-SIF saria Mikel Magunacelayak jaso du, TECNUN – Nafarroako Unibertsitateko ikasleak, “Doitasun handiko artezteko makinen buruen biraketa-akatsak iragartzeko eredu teorikoa” proiektuagatik. ”

Ponentzia berritzaileenak IBARMIA saritu du, “Makinen konpentsazio termikoa makinaren gorputzek jasaten dituzten deformazioen neurri zuzenetatik abiatuta” izeneko komunikazioagatik. Arrate Olaiz da egilea. Saria Ane Insausti Gipuzkoako Foru Aldundiko Ekonomia Sustapen eta Proiektu Estrategikoetako diputatuak eman du. Kasu honetan, epaimahaiak arazo tekniko konplexu bati aurre egiten dion lan baten aplikazio industriala baloratu du. Makina errealean ezarri aurretik baliozkotze birtuala egitea hartu da bereziki kontuan. Gainera, lanaren komunikazio bikaina aintzat hartu da.

Hirugarren saria, poster formatuan aurkeztutako ponentzia onenarena, Víctor Llamas de Eurecatek jaso du, “Fotónica avanzada para el control de agujas y pletinas para la fabricación con cero errores en la producción textil” izeneko komunikazioagatik. Epaimahaiak lanaren kalitatea, aplikazio industriala eta posterrean erabilitako euskarri grafikoa baloratu ditu.

Bestalde, biltzarrak laugarren sari bat eskaini dio IDEKOko Beñat Iñigori, euskaraz aurkeztutako ponentzia onenari, “Akats bolumetrikoaren karakterizazioa eta tenperatura aldaketen aurreko ziurgabetasun analisia” hitzaldiagatik. Epaimahaiak euskarazko hitz teknikoen erabilera bikaina baloratu du lan konplexu batean, modu atsegin eta ondo egituratuan aurkeztua. Gainera, kalitate handiko eta maila teknologiko handiko ponentzia dela azpimarratu dute. Aldi berean, euskarak gai zientifiko-teknikoak garatzeko duen indarra azpimarratzen du.

Azkenik, komunitate zientifiko-teknikoak aurkeztutako komunikazio onenaren saria Mondragon Unibertsitateko Gorka Ortiz de Zárate Bengoarentzat izan da, “Gemelo digital del proceso de brochado para la fabricación de componentes críticos de aeronáutica y automoción” izeneko lanagatik. Saria Mikel Amundarain Eusko Jaurlaritzako Industria sailburuordeak eman du. Eduki tekniko handiko ponentzia da, eta eredu analitikoak, zenbakizkoak eta mekanikoak aplikatzen dira tresnaren egoeraren monitorizazioa, detekzioa eta iragarpena ebazteko. Hori guztia azalpen argi eta ondo gauzatuta.

Partekatu

Beste berri batzuk