Kartilagoko zenbait zelula hezur-zelula nola bihur daitezkeen argitu dute
EHUk eta CIC biomaGUNEk egin duten ikerketa batean, etorkizunean hezurren garapenari eta medikuntza birsortzaileari buruzko ikerketak bidera ditzaketen mekanismoak identifikatu dituzte
Ander Abarrategi doktoreak Euskal Herriko Unibertsitatean (EHU) eta CIC biomaGUNEn gidatu duen nazioarteko talde batek kartilago-zelula batzuk hezur-zelula bihurtzea eragiten duten mekanismo molekularrak deszifratu ditu.
Zelula amak gorputzeko ia ehun guztietan daude, eta zatitzeko eta zenbait motatako zelula espezializatutan diferentziatzeko gaitasuna dute, baita zelula ama gehiago sortzeko autoberritzekoa ere. Hezur-muineko eta hezur-hazkuntzako plakako (hezur luzeen muturretan dago) zelula amek hezur-ehunak eta ehun kartilaginosoak osatzen dituzten zelulak sortzen dituzte, hurrenez hurren. Hezur luzeak luzetara eratzen eta hazten dira, prozesu baten bidez; prozesu horretan, lehenik kondrozitoak (kartilagoko zelulak) sortzen dira hazkuntza-plakan, zelula horiek heldu egiten dira, eta, gero, osteoblastoek (hezurra osatzen duten zelulak) ordezten dituzte.
“Biologiaren oinarrizko kontzeptuei buruz hausnartzeak, prozesu horiek hobeto ulertzeko aukera emateaz gainera, terapia eraginkorragoak sortzen lagundu diezaguke”, adierazi du Ander Abarrategi doktoreak. Ideia horri jarraikiz, EHUko eta CIC biomaGUNEko ikertzaileak zuzendutako eta Bone Research aldizkarian argitaratutako nazioarteko ikerlan batek frogatu duenez, “garapenean, zenbait zelula kartilaginoso hezur-zelula bihurtzen dira”. Aurkikuntza horrek zalantzan jartzen du hezur-zelulak hezur-muineko zelula ametatik soilik sortzen direlako ustea. Hau da, “eratu berria den hezur bat hezur-muineko zelula ametatik nahiz hezur-zelula bihurtu diren zelula kartilaginosoetatik sortua izan daiteke”, ikertzaileak adierazi duenez.
In vitro eta in vivo tresnak
Ikerketa-taldeak hezurren eratze-prozesua modelizatzeko gai diren in vitro eta in vivo tresnak garatu ditu, eta, horri esker, aukera izan dute kartilagoa hezur bihurtzeko prozesuaren jarraipena egiteko, prozesu hori azaltzeko eta aztertzeko. Hala, kartilagotik hezurrak eratzeko prozesuan parte hartzen duten seinaleztapen-bideei eta mekanismoei buruzko ezagutza berriak eskuratu ahal izan dira. “Azterlan honekin, frogatu da trantsizio hori benetan gertatzen dela, eta, gainera, argitu ahal izan dugu zer mekanismok hartzen duten parte hezur-hazkuntzaren prozesu horretan”.
Horretarako, “modelizaziorako zenbait tresna eta metodo sortu genituen, zeinak lagungarri izan baikenituen kondrozitoetatik (kartilagoko zeluletatik) eratorritako osteoblastoak (hezur-zelulak) sortzea eragiten duten gertaera molekularrak zehazteko eta prozesu horrekin lotutako seinaleztapen-bideak eta transkripzio-faktore nagusiak identifikatzeko”, azaldu du EHUko Biologia Zelularra eta Histologia Saileko ikertzaileak.
Ikerlan honek gako berriak ematen ditu kartilagotik hezur bihurtzeko trantsizio-prozesua ulertzeko, eta hori lagungarri izan liteke etorkizunean hezurren garapenari eta medikuntza birsortzaileari buruzko ikerketak bideratzeko. Batetik, “orain hobeto ezagutzen dugu osifikazio-prozesua, eta, beraz, itu berriak ditugu hezurren konpontze-prozesua hobetzeko”, adierazi du Abarrategik. Bestetik, “prozesu hori zehaztu ondoren, loturarik izan ote lezake hezurretako tumoreen sorrerarekin? Trantsizio akastun batek osteosarkomak edo kondrosarkomak sortzea eragin ote lezake?”, galdetzen dio bere buruari.
Horrek guztiak agerian uzten du, beste behin ere, “oinarrizko ikerketaren garrantzia. Ehunen eratze-prozesuari buruzko oinarrizko kontzeptu biologikoak definitzeak aukera ematen du ikerketarako bide berriak irekitzeko eta terapia berriak garatzeko”, amaitu du.