Kezkak eta erronka handiak Makina-Erremintarentzat 2024ko itxiera onaren ondoren

Ekitaldian zailtasun eta gorabehera handiak izan diren arren, produkzioa % 7,7 hazi zen eta esportazioa % 8,5
Eskaerak, ordea, % 23 jaitsi ziren, eta nabarmenago amildu ziren deformazioarentzat, zorro interesgarria izan arren bere bezero nagusiaren ziurgabetasun-egoera sufritzen ari baita
Lehen lauhilekoa aurreikusitakoa baino hobeto abiatu da harroketarako, ez, ordea, deformaziorako, nahiz eta egoera oso konplexua izan eta bi azpisektoreentzat erronka handiak izan
Fabrikazio-teknologia aurreratuen eta makina-erreminten sektoreak jada itxi ditu datuak behin betiko, eta emaitza behin-behineko itxierak aurreratzen zuena baino hobea izan da: fakturazioa % 7,7 hazi da, 2.323,5 milioi eurora iritsita, eta, ildo beretik, esportazioa % 8,5 igo da, 1.749,5 milioi eurora arte. Bietan ala bietan, orain arte lortutako zifrarik altuenak dira. Hala ere, kaptazioan beherakada nabarmena izan da, ziurgabetasun handiaren, sektore batzuen egoeraren eta orotariko gatazken ondorioz.
Datuak azpisektoreen arabera aztertzen baditugu, ikusten dugu deformazioaren fakturazioak gora egin duela, jarduera ahuleko hainbat ekitaldiren ondoren (bestalde, eskaeren beherakada nabarmenagoa izan da sektore horretan). Harroketa, aldiz, apur bat goratu da, eta eskaeren portaera, ezegonkorra izanagatik ere, sendoagoa izan da. Bai erremintek (+% 2,9), bai osagaiek (+% 3,8) datu positiboak izan dituzte urtearen itxieran.
Behin-behineko itxieran aurreratu genuen bezala, gure esportazioen helmuga nagusiak Mexiko, Estatu Batuak, Txina, Alemania eta Italia izan dira. Atzetik Frantzia, Portugal, Turkia, India eta Erresuma Batua etorri dira. Azpimarratzekoa da Mexikoren kasua; izan ere, instalazio handi batzuen ondorioz, lehen aldiz jarri da gure kanpo-salmenten buruan, 2023an erregistratutako kopurua bikoizturik. Estatu Batuetan ere emaitza bikaina izan da: aurreko urtean baino % 8 gehiago. Txinari dagokionez, % 25eko igoera izan du 2023ko datuen aldean. Hala ere, eskaerek merkatu horretan izandako beherakada handiak ameskeria hutsa bihurtzen du zifra hori. Alemaniak, laugarren postuan, esportazio-maila berari eutsi dio ia (+% 1). Uzkurtze handiena Italiak izan du, bosgarren postuan: % 50 baino gehiago amildu da 2023ko zifraren aldean. Gogoan izan behar da jarduera handiko aldi batetik datorrela herrialde hori, hango gobernuak inbertsio produktiboa sustatzeko bultzatutako programei esker.
“2024ko itxierari dagokionez erakusten ditugun fakturazio-zifrak onak dira, baina aurten eskaerekjada gainditu dute 2025eko jarduera txikiagoa izango dela aditzera ematen duen inflexio-puntua.
Nazioartean garai benetan gorabeheratsuak ditugu aurrean: Europako industria enblematiko batzuk ahulezia-uneak bizi dituzte, bereziki, automobilgintzaren sektorean, eta Alemania, Europaren ohiko motor industriala, noraezean dabil.
Bestalde, Txina superpotentzia ekonomiko, industrial eta teknologiko gisa finkatu da. Ezinbesteko hornitzaile bihurtu da, eta lehiakide itzela ia sektore guztietan.
Bien bitartean, Estatu Batuak –azken urteotan gure fabrikatzaileen funtsezko helmuga eta babesleku izan den herrialde bat– merkatuan ditugun interesei mehatxu egiten dien jarrera desafiatzailea ari dira erakusten.
Eta, jokaleku global horretan aktore indartsu berria ari da agertzen, India, munduaren buruan jartzeko norgehiagokan lehiatzeko prest. Konparaziotara merkatu txikiagoa den arren, aukerak eskain ditzake. Espero dezagun Kaxmirko gatazkaren gorakada bide onetik eraman ahal izatea.
Hala eta guztiz ere, iraganean sektoreak ongi jakin du errealitate oso konplexuei aurre egiten, eta oraingoan ere egingo diegu, betiko errezetarekin: talentu konprometitua, azken belaunaldiko berrikuntza, eta teknologia eta sektore zorrotzenetan posizionatzeko gaitasuna”, baieztatu du José Pérez Berdudek, AFM Cluster-eko presidenteak.