Larratze adimenduna: esnearen sektorearen eskari berrientzako erantzun digitala
NEIKER zentro teknologikoa LARRESNE talde eragileko kide da. Talde horrek helburu du abeltzaintzaren digitalizazioa bultzatu, abere taldeen kudeaketa hobetu eta produktuen trazabilitatea indartzea
Ekimenak RUMI txertatzen du. Denbora errealeko monitorizazio-sistema horrek aziendaren jarduna erregistratzen du, eta larratzearen kontrola hobetzen
Ganadutegien eguneroko kudeaketa erraztu nahi duen tresna da, erabakiak hartzen lagunduko duena, datu banakatu fidagarri eta jarraituak eskainita
Nekazaritzako elikagaien sektoreak kontsumo-eskari berriei aurre egin behar die, eta horien arretaguneak jasangarritasuna, animalien ongizatea eta gizarte-erantzukizuna dira. Kontsumitzaileek kalitatea, trazabilitatea eta ingurunearekiko errespetua bermatzen duten elikagaiak bilatzen dituzte, baina egungo ziurtapenek ez dute beti aukera ematen modu objektiboan egiaztatzeko ea animaliak benetan larratzen diren, hau da, zuzenean belarrez elikatzen diren. Egoera horrek agerian uzten du ganadua monitorizatzeko eta larratzea kontrolatzeko gai diren soluzio digitalak garatu behar direla, abeltzainei zein merkatuari informazio fidagarria eskaintzeko.
Testuinguru horretan sortu zen LARRESNE, nekazaritzako elikagaien sektoreko enpresak, zentro teknologikoak eta entitateak biltzen dituen talde eragilea, abeltzaintza sektorearen digitalizazioan aurrera egiteko, azienden kudeaketa hobetzeko eta larratzetik datozen produktuen trazabilitatea indartzeko.
Taldeko kideetako bat da NEIKER zentro teknologikoa, Eusko Jaurlaritzako Elikadura, Landa Garapen, Nekazaritza eta Arrantza Sailaren mendeko entitatea, eta eginkizun nabarmena du ekimenean, baliozkotze zientifikoaz eta ustiategietan aplikatutako soluzio teknologikoen egokitzapenaz arduratzen baita.
Lepoko adimenduna
LARRESNEn proposatutako soluzioen artean RUMI dago, GPSa eta azelerometroa konbinatzen dituen lepoko adimenduna, larratzen ari diren animalien kokapena eta jarduera etengabe erregistratzeko. Gailuak duen eguzki-plakak autonomia ematen dio, eta bateria aldaketak saihesten dira. Beraz, animalien monitorizazioa jarraitua eta fidagarria izango dela ziurtatuko da, baita ustiategi zabaletan edo urrun dauden eremuetan larratzen diren animaliekin ere.
“Gailuak animalien informazioa biltzen du, eta haien jarduna zehaztu daiteke: animalia larratzen, hausnartzen, atseden hartzen edo mugitzen ari den. Informazio hori denbora errealean transmititzen da aplikazio batera, eta horrek lagundu egiten die abeltzainei animalia bakoitzaren jarraipen indibiduala egiten eta haien lanen eguneroko kudeaketaren plangintza egiten”, azaldu du Nerea Mandaluniz NEIKEReko Animalia Ekoizpeneko departamentuko ikertzaileak.
Tresna behi-aziendarako optimizatuta dago, eta LARRESNEn esne-behien aziendarako erabiliko da. Gainera, ardi latxekin probatuko da, teknologia sektore bakoitzaren berezitasunetara egokituta. Behien kasuan, NEIKERek baliozkotu du jada RUMI sistema. Sistemak abeltzainei aukera ematen die araldiari, erditzeari eta osasun eta ongizatean izan ditzaketen aldaketei buruzko berehalako informazioa jasotzeko. Monitorizazio jarraitu horrek aukera ematen dio abeltzainari zereginak antolatzeko eta hainbat gertakariri aurrea hartzeko, eta animalien ongizatea hobetzen laguntzen du. Gainera, larre-esnea ziurtatzeko aukera ematen du, eta horrek trazabilitatea, desberdintzea eta gardentasuna adierazten dizkio kontsumitzaileari.