Larratze estentsiboan arrisku sanitarioko eremuak identifikatzeko 250 GPSren sare bat

Albisteak, Araba, Bizkaia

NEIKER zentro teknologikoa proiektu bat zuzentzen ari da Gorbeian orografiak eta baliabide naturalek animalia taldeen arteko harremana laguntzen duten puntu kritikoak identifikatzeko

Ekimenak GPSa erabiltzen du animalien ibilbideak monitorizatzeko. Informazioa arrisku-mapa batean sartzen da, eta horrela sektoreak aukera du gaixotasunak taldeen artean kutsatzeko arriskua aurresateko eta prebenitzeko

Onura publikoko mendietako (OPM) larratze estentsiboko sistemetan, abereek jarduera egokitzen dute paisaiaren arkitektura naturalaren arabera. Maldak, larraguneak eta iturriak egoteak animalien tokialdaketak baldintzatzen ditu, eta horrek dakar ustiategietako animalia taldeak toki beretan elkartzea. Animaliak mendiko gune zehatz batzuetan metatzeak handitu egiten du elkarrekin kontaktuan egoteko probabilitatea, eta, ondorioz, gaixotasunak errazago hedatzen dira abereen artean.

Egoera horri aurre egin nahian, NEIKER Elikadura, mendeko erakundea paisaia-epidemiologian oinarritutako azterketa zuzentzen ari da. Metodologia horrek ahalbidetzen du identifikatzea elkargune modura zer elementu naturalek jokatzen duten eta zer nolako eragina duten animalien osasunean; izan ere, harremanen ereduak eta patogenoen inguruneko iraunkortasun ereduak egituratzen ditu.

Elkarlaneko irtenbidea

Gorbeiako parke naturalean egiten ari dira azterketa, Living Labeko ereduari jarraikiz. Benetako esperimentazio-ingurune horrek aukera ematen du ohiko laborategi batean erreproduzitu ezin diren prozesu ekologikoak atzemateko; adibidez, behiak, ardiak, behorrak eta ahuntzak aldakortasun klimatiko naturalaren pean batera egotea. Lan-esparru horretan, NEIKERez gain, honako hauek ere parte hartzen dute: Arabako eta Bizkaiko foru-aldundiak, abeltzainen elkarteak, Digitanimal enpresa, Gorbeialde landa-garapenerako elkartea eta LURSAIL.

Sektorearekin batera diseinatutako eredu batean oinarritzen da proiektua, eta abeltzainek beraiek partaidetza aktiboa dute bertan, 250 bat GPS gailuz osatutako sarean lortutako datuak ematen baitituzte. Gailuak «animalia lider» deritzenei jartzen zaizkie; hau da, portaera naturalagatik talde osoaren norabidea eta denborak zuzentzen dituzten animaliei.

«Banakoak monitorizatuta talde osoaren ibilbideak fideltasunez berreraiki ditzakegu, eta zuzenean behatuz identifikatu ezin izango genituzkeen harreman-fokuak atzeman ditzakegu», adierazi du Isabel Albizuk (NEIKEReko Baliabide Naturalak Kontserbatzeko saileko ikertzailea).

Puntu kritikoen identifikazioa

Ustiategiek emandako informazio guztia kutsatzeko arrisku-mapa batera eramaten da. Tresna horren bitartez transmisioa gertatzeko probabilitaterik handien duten eremuak identifikatzen dira, hala animalia taldeen artean nola espezieen artean, barne hartzen baitu ingurunea partekatzen duen fauna basatiaren portaera (basurdeak eta orkatzak, adibidez).

Orain arte egindako azterketek erakusten dutenez, paisaiak arrisku sanitarioa determinatzen du. «Adibidez, pistetatik gertu dauden eremu lauek animalia taldeak maizagotan nahastea errazten dute. Halaber, ura duten guneak eta sastrakadiak, animaliek babesleku termiko eta atsedenerako bilatutakoak, funtsezko tokiak dira zenbait gaixotasun kutsatzeko, hala nola behien tuberkulosia eta akainen bitartez transmititutakoak», adierazi du ikertzaileak.

Datuei esker, bai kudeatzaileek bai abeltzainek ebidentzietan oinarritutako prebentzio-erabakiak har ditzakete, hala nola azpiegiturak birdiseinatzea, larratze-presioa murriztea eta igarobide seguruak planifikatzea, betiere One Health ikuspegiranzko bidean, paisaia, fauna eta abeltzaintzako ekoizpena sistema integratu gisa azterturik.

Partekatu

Beste berri batzuk