Lehendakariak ekoizpen- eta berrikuntza-gaitasuna duen osasun-industria indartzearen aldeko apustua egin du

Albisteak, Bizkaia

Iñigo Urkulluk Oncomatryx enpresa biofarmazeutikoa bisitatu du, tumore inbaditzaileei erasotzeko tratamendu pertsonalizatuak garatzen dituena

Osakidetzak, Onkologikoaren bidez, metastasia duen minbiziari buruzko saiakuntza kliniko batean parte hartuko du, Oncomatryx-ek planteatutakoa, hain zuzen

Iñigo Urkullu Lehendakariak, Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko sailburu Arantxa Tapiarekin eta Osasuneko sailburu Gotzone Sagarduirekin batera, Oncomatryx enpresa biofarmazeutikoa bisitatu du gaur goizean. Enpresa horrek tratamendu pertsonalizatuak garatzen ditu tumore inbaditzaileak erasotzeko, eta ezaguna da detekzio goiztiarrerako testengatik.

Lehendakariak, bere hitzaldian, ikerketa zientifikoa zein ikerketa eta garapeneko inbertsioa areagotzearen garrantzia azpimarratu du, kasu honetan, Osasunean, “lehentasunezko eremu batean”. Osasuna da RIS 3 Euskadi Espezializazio Adimenduneko Estrategiaren zutabeetako bat. “Gure helburua da osasun-industria indartzea, ekoizpen- eta berrikuntza-gaitasuna izan dezan. Sektore horretan erreferentziazko herrialdea izan nahi dugu”, adierazi du.

LANKIDETZA PUBLIKO-PRIBATUA

Eusko Jaurlaritza 2012tik ari da Oncomatryxekin lankidetzan, eta lankidetza hori urtero gauzatu da I+Gko, inbertsioetako edo ekintzailetzako programa publikoen bidez. “Horrek esan nahi du, besteak beste, Oncomatryxek egiturazko eta epe luzeko apustua egin duela ikerketan eta garapenean inbertitzeko. Babes- eta lankidetza-ildo horri jarraituko diogu”, adierazi du Lehendakariak.

Hamarkada bateko lankidetza-ibilbide horren ondorioz, Gobernuak Oncomatryxeko kapitalean parte hartu du Arrisku Kapitalaren bidez. Zentzu horretan, Iñigo Urkulluk azpimarratu du harreman publiko-pribatua ezin hobea dela kasu honetan, “gaur egun, kapitalaren parte gara eta Administrazio Kontseiluan ordezkari bat dugu”, gaineratu du.

“Lankidetza hori fruituak ematen hasi da”, nabarmendu du.

SAIAKUNTZA KLINIKOAK

Oncomatryxek iragan udaberrian lizentzia bat lortu zuen minbiziaren tratamendurako botika propio bat kontuan har dezan Txinako nazioarteko enpresa batek sendagaiaren fase aurrekliniko batean. Sendagaien Amerikako Agentziak eta Sendagaien Espainiako Agentziak Oncomatryxek planteatutako saiakuntza klinikoak baimendu dituzte. Metastasiarekin egindako minbiziaren saiakuntza kliniko horietarako oniritzia lortu du, eta minbiziaren aurkako antigorputza frogatuko du Espainiako eta Ameriketako Estatu Batuetako zortzi ospitaletan.

Lehendakariak nabarmendu du Osakidetza, Onkologikoaren bidez, entsegu kliniko horren parte izango dela, Europan tumorea inguratzen duten zelulei erasotzen dien antigorputz bat erabiliko den lehena. Urkulluk azaldu duenez, onkologiaren arloan lan egiten duten Osakidetzako profesionalak dagoeneko elkarlanean ari dira bi urtez luzatuko diren saiakuntza kliniko horietan parte hartzeko baldintzak betetzen dituzten Euskadi osoko pazienteak identifikatzeko.

ONCOMATRYX

Oncomatryx enpresa bioteknologikoa da, tumore inbaditzaileak erasotzeko tratamendu pertsonalizatuak garatzen dituena. Enpresa hau ezaguna da fase inbaditzaileetan tumoreak goiz detektatzeko egiten dituen testengatik, hala nola pankreakoa edo bularrekoa. Hainbat ospitalerekin lankidetzan garatuak, tumore lokalizatuetatik bereizteko aukera ematen dute, paziente bakoitzarentzako tratamendurik egokienarekin lagunduz. Oncomatryxek estroma peritumoralaren arloan oinarritzen du bere ikerketa medikoa, eta horri lotu zaio tumorearen aurkako tratamenduen eraginkortasunik eza.

Partekatu

Beste berri batzuk