Lehendakariak Fabrikazio Aurreratuaren eta Digitalaren 23.kongresua inauguratu du

Albisteak, Gipuzkoa

Urriaren 25etik 27ra bitartean, Euskadiko Parke Teknologikoko Donostia Campusean digitalizazioan, fabrikazio aditiboan, aeronautikan, automobilgintzan, robotikan, startupetan edo talentu-erakarpenean adituak diren pertsonak egongo dira

Beste behin ere, fabrikazio aurreratuaren eta digitalaren hiriburu bihurtu da Donostia, AFM Clusterren eskutik. Fabrikazio Aurreratuaren eta Digitalaren 23. Kongresua inauguratu da gaur. Hiru egunez, fabrikazio- teknologia abangoardistenekin zerikusia duten gaietako adituak Donostiara gerturatu dira, hitzaldiak, aurkezpenak, eztabaidak, B2B bilerak eta erakusketa-arloa bateratzen dituen topaketa batera.

Jose Perez Berdud AFM Clusterreko presidenteak adierazi duenez, ordezkatzen duen sektorea “munduko eraldaketa handien konponbidearen ezinbesteko zatia da”, eta kongresuak manufakturaren sektorearen erronkei buruzko begirada luze baina zehatza eman nahi du.

Lehendakariak bere hitzaldian nabarmendu duenez, “fabrikazio aurreratuko teknologiak funtsezkoak dira edozein herrialdetako garapen industrialerako”. Gaineratu duenez, “ezin da industria lehiakorrik egon, ezta eraldaketa ekonomikorik ere, abangoardiako aktibo eta ekipamendu teknologikorik gabe. ”

Iñaki Gabilondo, kazetari esanguratsua eta komunikatzailea, eta Pedro Etxenike, Egoera solidoko fisikan espezializatutako zientzialaria, izan dira hizlariak, eta etorkizunari eta aurrerapen teknologikoek etorkizuneko gizarteari planteatzen dizkioten erronkei buruz hitz egin dute. Hitzaldiaren ondoren, Adimen Artifizialak industrian duen eraginei buruzko saio bat egin da. Bertan, Enrique Dans IE Business School / IE University-ko Berrikuntza irakaslea eta MICROSOFTeko adituak izan dira protagonistak.

Jardunaldian zehar, bertaratutakoek teknologia disruptiboei buruzko hitzaldiez ere gozatu ahal izan dute, hala nola 5G edo Zibersegurtasun Industriala, robotika eta automatizazioa edo digitalizazioa, ABB, SIEMENS, TELEFÓNICA eta IBM bezalako enpresetako adituen eskutik.

Bestalde, biltzar zientifiko-teknikoak ponentziak izango ditu, zentro teknologikoen, unibertsitateen eta enpresen I+G+Bko hainbat proiekturen emaitzak eta aplikazio potentzialak aurkezteko; publiko objektiboago bati zuzenduak, problematika konplexuen konponketaren xehetasun zehatzak ezagutzeko gogoz.

23CMH-ko programa bikoitzari segurtasun kongresua gehitu zaio 2023an, baita eztabaida eta aurkezpen ugari, mahai-inguruak eta B2B topaketak ere, networkinga sustatzeko eta hitzordu honetarako espero diren 450 parte-hartzaileen artean lankidetza aukera berriak sortzeko helburuarekin.

Biltzarrak Gipuzkoako Foru Aldundiaren, Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen, Iraunkortasun eta Ingurumen Sailaren eta SPRI Taldearen babesa du.

Klausura

Kongresuaren amaiera ekitaldian, urriaren 27an, bost sari banatuko dira: bata, fabrikazio aurreratuaren eta digitalaren sektorearekin lotutako ikasketen amaierako proiektu onenari; bestea, euskaraz aurkeztutako ponentzia onenari; poster formatuan aurkeztutako ponentzia onenari; laugarrena komunitate zientifiko-teknikoak aurkeztutako komunikazio onenari; eta bosgarrena, enpresa batek aurkeztutako ponentzia berritzaileenari.

Bestalde, Xavier Marcetek, estrategia, berrikuntza eta erakundeen eraldaketaren arloko aholkulariak, lidergoaren eta talentuaren kudeaketaren garrantziari buruzko ponentziarekin itxiko du kongresua.

Partekatu

Beste berri batzuk