Makina-Erremintak industriari babes ematera deitu du

Jarduera eta kaptazio desparekoak izan dituen urte batean, fakturazioak marka berria ezarri du % 1,66 hazirik, baina eskaerak % 23,11 jaitsi dira
Kezka sortzen dute Europaren ahultasunak eta zalantzek, Txinaren eta AEBren protekzionismo irmoaren aldean
Fabrikazio aurreratuaren eta makina-erreminten sektoreak, 2024. urtean, 2.193,11 milioi euroko fakturazioa lortu du; hau da, % 1,66 handitu da 2023ko datuen aldean eta marka berri bat ezarri du. Jokaleku ekonomiko eta komertziala oso zaila izan arren, fakturazioa 2023ko zifraren apur bat gainetik mantendu ahal izan da, 2022an eta 2023an metatutako eskaera-zorro handiari esker. Bi azpisektore nagusiek, harroketak eta deformazioak, antzeko portaera izan dute fakturazio-zifrari dagokionez: harroketa % 1,33 hazi da, eta deformazioa, aldiz, % 1,62.
Esportazioak % 1,73 egin du gora eta inoizko daturik onena lortu du, 1.639,73 milioi eurokoa izatera iritsi delarik. Ildo horretan harroketak joera gorakorra agertu du, % 1,41 hazi baita. Deformazioa, ordea,
% 5,16 jaitsi da.
Hauek izan dira gure kanpo-salmenten helmuga nagusiak: Mexiko, Estatu Batuak, Txina, Alemania eta Italia. Atzetik Frantzia, Portugal, Turkia, India eta Erresuma Batua datoz. Nabarmentzekoa da Mexiko dagoela lehen postuan; aurrenekoz jarri da esportazioen buruan, 2023ko zifra bikoizturik. Estatu Batuen zifra ere oso altua da, % 8ko hazkundea izan du-eta 2023an lortutakoaren aldean. Txinak % 25 gehitu dio 2023ko zifrari, baina esportazio horiek ilusio bat dira eta ez dute ezkutatzen herrialde horretan amildu egin direla eskaerak. Alemaniak, laugarren postuan, ia berdin mantendu du bere zifra (+% 1) eta bosgarren postuan, Italiak izan du beherakada handiena, 2023an lortutakoaren erdia baino gehiago galdu duelarik. Gogoan izan behar da jarduera handiko urtealdi batzuetatik datorrela herrialde hori, hango gobernuak inbertsio produktiboa sustatzeko bultzatutako programei esker.
Zerrenda horrek ondo islatzen du nola Ipar Amerikak (Mexikok eta AEBk) orekatu duen Europak eta
Asiak hainbat arrazoirengatik agertutako ahulezia.
2024KO ESKAERAK ETA 2025EKO AURREIKUSPENA
Bi urtez hazkunde bizia izan ondoren, 2024an eskaera erregistratuak % 23,11 jaitsi dira 2023an jasotakoen aldean. Barne-merkatuan beherakada % 45ekoa izan da; esportazio-merkatuetan, berriz, % 20 jaitsi dira. Bi azpisektore nagusiak aztertuz gero, harroketak pixka bat hobeto eutsi dio, nahiz eta % 8,8 erori; beherakada handia deformazioak pairatu du, % 40,8 galdurik.
Eskaeretan AEB nabarmentzen da lehenik, eta ondotik datoz Saudi Arabia –munta handiko zifra baitu, nahiz eta operazio berezi baten ondorioz– Alemania, Mexiko eta Italia. Lehen hamar erosleen zerrenda Txinak, Turkiak, Kanadak, Frantziak eta Erresuma Batuak osatzen dute.
Xabier Ortueta, AFM Cluster-en zuzendari nagusia: “Azken 12 hilabeteetan eskaeren dinamikak zorroa txikitu du, eta, horrenbestez, urte amaieran fakturazioak beherakada nabarmena izango duela aurreikusten dugu, nahiz eta izugarria ez izan. Kezkagarria da automobilgintzako inbertsioen blokeo- egoera (lotura handia baitu gure deformazio-azpisektorearekin), eta are kezkagarriagoa gure merkatu nagusien egoera, gaur-gaurkoz urtea oso zaila izango dela eta 2025ean ere kaptazioak behera egingo duela besterik ez baitu aditzera ematen. Gurea bezala krisietan zaildutako sektore batek gogor egin beharko die aurre Europaren ahultasunari (batez ere Alemania, Frantzia eta Italiarena), Txinaren protekzionismoari eta AEBko ziurgabetasunari.
Balantzaren alde onean, sektore batzuek portaera ona izan dute –adibidez, aeroespaziala, trenbideena, defentsa eta energia-sorkuntzaren adar batzuk– eta, hortaz, egoera guztiz konplexu eta lehiakor batean abaguneak eskaintzen jarraituko dute. Beti bezala, ziur horiek aprobetxatzen jakingo dugula”.
EUROPAKO INDUSTRIAREN DEFENTSA
Fabrikazio aurreratuaren eta makina-erremintaren klusterrak ohartarazten du europarrok bidegurutze batean gaudela, eta beharrezkoa dela norabidea aldatzea gure industriak galdutako lidergoa berreskuratzeko.
José Pérez Berdud, AFM Cluster-en presidentea: “Zalantzarik gabe, une kritikoan gaude Europako produkzioaren etorkizunerako. Oso kezkagarria da Europako industriaren ahulezia, neurri handi batean gure erabakien ondoriozkoa. Duela urte asko, gaur egun funtsezkoak direla erakutsi duten hainbat sektoretan lekukoa emateko erabakia hartu genuen; beste toki batzuetara eraman edo baliabideak azpikontratatu, eta ekonomia hartzaileak indartu genituen (elektronika, mikroelektronika eta erdieroaleak, energia biltegiratzea, defentsa, etab.). Gainera, jasangarritasunaren aldeko apustu beharrezkoa zela bide, presaka eta ondorioak ondo kalkulatu gabe hartu genituen zenbait erabaki. Horiek horrela, automobilgintzaren munduan genuen kokaleku nabarmena partez alferrik galtzea lortu dugu azken 6-8 urteetan.
Gaur egun, ikusten dugu gu ahul gauden bitartean gainerako blokeek, Txinak, AEBk eta baita Indiak ere, asko indartu dituztela beren posizioak. Handituz doan lehia basatia merkatu guztietako ohiko dinamika izango da, eta inbertitzen eta arriskatzen jarraitu behar dugu, berritzeko eta gure bezeroei diferentzial bat eskaintzeko.
Europak bere buruari galdetu beharko dio ea benetako interesik duen mundua gidatzeko. Edo, agian, gure etorkizuna berriro gidatu ahal izateko beharrezko diren neurriak hartzeko garaia iritsi da. Erabaki horietako askotan, gure industria beste batzuk gailentzeko diseinatzen ari diren tsunamitik babestea izango da gakoa. Gure balioak errespetatuz, betiere merkataritza justua, benetako lehiakortasuna eta jasangarritasuna defendatuz, produkzio-ekipo modernoetan inbertitu behar dugu, gure produktu bikainen erosketa adimentsua sustatu, eta sektore kritikoetan kokapen industrial sendoak bultzatzearen alde egin. Batzuk aipatu dira jada eta makina-erreminta, zalantzarik gabe, horietako bat da.
Alderdi horretan, oso begi onez ikusten dugu Eusko Jaurlaritzak Industriaren Defentsarako Ekintza Taldearekin egin duen lehen urratsa, eta halako ekimenak estatura eta Europara ere heda daitezela eskatzen dugu”.