Eusko Jaurlaritzak Euskadiko IoT sare publikoa hedatzeko proiektua aurkeztu du, 2028an 300.000 sentsore baino gehiago sarera konektatuta izateko

Albisteak, Bizkaia

IoT sarea, gauzen Internet, Itelazpik hedatutako haririk gabeko komunikazio-sarea da, eta sentsoreen bidez informazioa biltzeko aukera ematen du, datuetan oinarritutako erabakiak hartzeko

Sareak, egun, %68ko estaldura du, 362 estaldura-punturekin eta legealdi amaierarako, %90eko estaldura lortzea aurreikusten da, 500 estaldura-puntu eta sarera konektatutako 300.000 sentsore baino gehiagorekin

Ubarretxenaren hitzetan, herri proiektu bat da, “IoT sarearen hedapena apustu estrategiko bat da, herritar guztien zerbitzura dagoen sare publikoa da, Euskadi Europa mailan abangoardian kokatzeko”

Maria Ubarretxena Gobernantza, Administrazio Digital eta Autogobernuko sailburuak IoT sarea, gauzen Internet, hedatzeko proiektua aurkeztu du, Xabier Zubiaur Itelazpiko, Eusko Jaurlaritzako Telekomunikazio Sozietate Publikoko, zuzendari nagusiarekin batera.

Itelazpiren komunikazio-sare publiko honek informazioa biltzeko aukera ematen du,  datuetan oinarritutako erabakiak hartzeko. Sarea ondorengo elementuez osatuta dago: sentsoreak – datuak sortzen eta transmititzen dituztenak – antenen sarea –, funtzio bikoitza duena: estaldura ematea eta datuak garraiatzea –, eta softwarea – datuak jaso eta ustiatzeko–.

Itelazpik sare-publiko hori administrazio publikoen eskura jartzen du, estaldura-puntu berriak (antenak) hedatuz, datuak garraiatu ahal izateko, erakundeek jaso ditzaten. Erakunde publikoek, berriz, sentsoreak jartzen dituzte eta softwarea garatzen dute, beren beharren arabera.

Proiektuaren garapena

Itelazpi 2018an hasi zen LoRaWan teknologian oinarritutako IoT sarea hedatzeko estrategia ezartzen. 2020. urtean, hainbat proiektu pilotu abiatu ziren Bilbao Bizkaia eta Gipuzkoako Urak Ur Partzuergoekin, ur-kontagailuen irakurketa digitalizatzeko sentsoreak erabiliz eta 2021. urtean ekin zitzaion sarearen hedapen handiago bati. Gaur egun, sarearen estaldura %68koa da, 362 estaldura-punturekin, eta sarera konektatutako 210.654 sentsorerekin. Horietatik 39 Araban, 176 Bizkaian eta 147 Gipuzkoan.

Legealdi honetan, IoT sare publikoa modu masiboan hedatu nahi da, sare integrala, dentsitate handikoa eta 3 lurraldeen artean orekatua lortzeko helburuarekin. Gauzak horrela, 2028rako, Euskadin sarearen estaldura %90ekoa izatea aurreikusten da, 500 estaldura-puntu eta sarera konektatutako 300.000 sentsore baino gehiagorekin, kudeaketa publikoko prozesuen digitalizazioa eta eraginkortasuna sustatzeko Euskal Administrazioaren maila guztietan, administrazioen eta gizarte osoaren beharrei erantzungo dien komunikazio publikoko azpiegitura baten bidez.

Herri proiektu bat, apustu bat

Maria Ubarretxena sailburuak adierazi du herri-proiektu bat dela, “apustu estrategiko bat, Euskadi Europa mailan abangoardian jartzeko, IoT sarearen hedapenean”. “Estatuan ere erreferentea den sare publiko bat da; estalduraren ehunekoa, sarera konektatutako sentsoreen kopurua eta proiektuaren anbizio eta tamaina kontuan hartzen baditugu”. “Zerbitzu publikorako sare erabat publikoa, kudeaketa eraginkorragoa sustatzea helburu duena, prebentzioaren, jasangarritasunaren eta ingurumenaren kontserbazioaren ikuspegitik ere aurrera egin dezagun, pertsonen bizi-kalitatea hobetzeko” nabarmendu du.

Egungo erabilerak eta erabilera potentzialak

“Helburua, hasieratik, IoT sare publiko bakarra ezartzea izan da, administrazio osoaren zerbitzura; gaur egun, Euskadiko 36 udalerrirekin eta 15 erakunde publikorekin elkarlanean ari gara, hainbat erabilera kasutan; aipagarriena, akaso, ur-kontagailu adimendunen erabilera, Ur Partzuergoen eskutik” azaldu du Xabier Zubiaurrek. “IoT sarean bidez, udalerriei Smart City proiektuak garatzen lagundu nahi diegu” nabarmendu du Itelazpiko zuzendariak.

Proiektura batu diren erakunde eta entitateen artean daude: Foru Aldundiak, Eusko Jaurlaritza bera (Haziren eta Alokabideren bitartez), ur-partzuergoak eta aurretik aipatutako udalerriak.

Ur-kontagailuen digitalizazioak aukera eman du kontagailuen urruneko irakurketa egiteko, baina baita uraren ziklo osoa kontrolatzeko eta balizko ihesak detektatzeko ere.  Egun erabilera berriak garatzen ari dira, hala nola edukiontzien betetze-maila kontrolatzeko;  suteak goiz detektatzeko; abelburuak aurkitu eta larre-eremuak modu birtualean hesitzeko sentsoredun lepokoen bidez edo edukiontzietan suteak detektatzeko. Proiektu horiek guztiek garrantzi handia dute prebentzioaren eta ingurumenaren kontserbazioaren ikuspegitik, are gehiago klima-aldaketaren erronkaren aurrean.

Egungo erabilerez gain, IoT sareak potentzialtasun handia du eta aplikazio ugari ditu, premia zehatzen arabera: industrialdeetara sartzen diren kamioien kontrola; emisio txikiko eremuen kontrola; eraginkortasun energetikorako edota airearen kontrolerako neurriak; argiztapenaren kudeaketa adimenduna; zaborrak biltzeko ibilbideen optimizazioa; trafikoa birbideratzeko, aparkalekuak kontrolatzeko eta erabilera txarrak antzemateko datuen bilketa; uholde-arriskuko eremuen eta elementuen kontrola; sarbide, edukiera eta pertsonen joan-etorrien kontrola (segurtasunaren, turismoaren, merkataritzaren eta abarren ikuspegitik); izurriteen kontrola edo azpiegituren mantenurako neurriak (eskailerak, arrapalak eta igogailuak).

Hori dela-eta, sailburuak IoT sarearen potentzialtasuna nabarmendu du, “hamaika aukera eta erabilera baititu”. Horregatik, Eusko Jaurlaritzak IoT sarera atxikitzeko dei egin die euskal erakunde guztiei, eta bereziki, udalei, eraldaketa digitaleko beren planetan deskribatutako erabilera-ekimenak edo erabilera-kasu berriak txerta ditzaten, Itelazpik Euskadiko sektore publikoaren zerbitzura jarritako azpiegituratik abiatuta, zerbitzu publikoak hobetu, lurraldea modernizatu eta digitalizatu eta datuak euskal gizartearen onerako izango diren erabakiak hartzeko erabiltzeko.

Partekatu

Beste berri batzuk