Metak eta BCBLk neurozientzia-arloko AA sustatzen lagundu dute
![](https://parke.eus/wp-content/uploads/2025/02/dsc_0064.jpg)
Multinazional teknologikoak eta euskal ikerketa-zentroak elkarrekin lan egin dute Adimen Artifizialeko eredu berriak garatzeko xedez
BCBLko laborategietan bildutako garun-seinaleetatik abiatuta, bide berri bat ireki nahi dute garuneko lesioak dituzten pazienteen komunikazioa berrezartzeko helburuarekin
Milaka pertsonak garuneko lesioak pairatzen dituzte urtero, eta horrek komunikatzeko gaitasunean eragiten die. Merkatuan badira kondizio hori lehengoratzen ahalbidetzen duten neuroprotesiak, baina erabiltzen diren teknikak, hala nola elektroentzefalografia estereotaxikoa eta elektrokortikografia, inbaditzaileak dira eta ebakuntza neurokirurgikoak egitea dakartzate.
Meta multinazional teknologikoa eta Basque Center on Cognition, Brain and Language (BCBL) zentroa lankidetzan aritu dira Adimen Artifizialeko (AA) eredu berriak ikertu eta garatzeko, adibidez, hitz egiteko gaitasuna galdu duten pertsonei hain inbaditzaileak ez diren esku-hartze teknikak eskaini ahal izateko.
Alde batetik, magnetoentzefalografia (MEG) eta elektroentzefalografiari (EEG) esker, neurozientzia-ikerketarako zentroan eskuragarri dauden bi gailu ez-inbaditzaile aurreratuei esker, BCBLk boluntario osasuntsuen garun-jarduera erregistratu zuen, esaldiak idazten zituzten bitartean.
Helburua AA eredu berri bat entrenatzea zen, bildutako garun-seinaleetatik abiatuta perpausak berreraikitzeko gai dena, baita bide berri bat irekitzea ere, garun-konputagailu interfazeek lesio kognitiboak dituzten pazienteen komunikazioa berrezartzeko aukera eman dezaten.
«Garuneko jarduera funts hartuta irudien pertzepzioa zein hizketa deskodetzeko egin dugun aurretiko lanean oinarriturik, burmuineko grabazio ez-inbaditzaileei esker perpausen ekoizpena arrakastaz deskodetu dugu, karaktereen % 80rainoko zehaztasunarekin; beraz, askotan, perpaus osoak soilik garuneko seinaleetatik abiatuta berreraikitzea lortu dugu», azaldu du Metako ikertzaile den Jean-Rémi King-ek.
Hala ere, lehen emaitzak onak izan arren, ikuspegi ez hain inbaditzaile hori eremu klinikoan ezarri ahal izateko erronka garrantzitsuak daude aurretik: deskodetze-errendimendua hobetzea, oraindik ere inperfektua baita, eta MEG teknikaren erabilera erraztea, parte-hartzaileek magnetikoki blindatutako gela batean oso geldi egon behar baitute.
Gainera, ikerketa boluntario osasuntsuekin egin bazen ere, etorkizunean azterlan gehiago egin beharko dira garun-lesioak dituzten pertsonei nola lagun diezaiekeen ikertzeko xedez
Garunak hizkuntza nola osatzen duen ulertzea
Bestalde, Metak eta BCBLk aurrerapenak lortu dituzte giza garunean hizkuntzaren ekoizpena koordinatzen duten mekanismo neuronalak ulertzeari dagokionez.
«Hitz egiten dugun bitartean burmuina aztertzea erronka handia izan da beti neurozientziarentzat, hein batean arazo tekniko soil baten ondorioz: ahoaren eta mihiaren mugimenduek neuroirudi-seinaleekin asko interferitzen dute », nabarmendu du BCBLko Svetlana Pinet ikertzaileak.
Gure burmuinak pentsamenduak ekintza motorren inguruko segida korapilatsu nola bihurtzen dituen aztertzeko, ikerketa-taldeak MEG seinaleak aztertu zituen, parte hartzaileek esaldiak idazten zituzten bitartean. Segundo bakoitzeko burmuinaren 1000 argazki eginez, pentsamenduak hitz, silaba eta banakako hizki bilakatzen diren unea identifikatu ahal izan dute.
«Gure lanak zera azaltzen du: garunak maila abstraktuenetik abiatzen den irudikapen-segida bat sortzen duela, progresiboki ekintza bihurtu arte. Era berean, agerian jartzen du ondoz ondoko hitzak eta ekintzak koherentziaz eta aldi berean adierazteko gai dela. Horretarako, jarduera neuronalak dinamika hierarkiko bati jarraitzen dio, denbora luzez irudikapenak gordetzen dituen mekanismo neuronal berezi bati, hain zuzen, etorkizuneko, egungo eta iraganeko ekintzekin interferitu gabe», gaineratu du Pinetek.
Hizkuntzaren kode neuronala deszifratzeak adimen artifizialaren eta neurozientziaren erronka nagusietako bat izaten jarraitzen du, eta, beraz, arkitektura neuronala eta haren hastapen konputazionalak ulertzeko aurrerapen horiek urrats garrantzitsuak dira arlo horretan.