Minbizia tratatzeko antigorputz bi-espezifiko berriek ERC Proof of Concept erakundearen finantzaketa jasotzen dute
Europako Ikerketa Kontseiluak (ERC, ingelesezko siglak) Proof of Concept laguntza eman dio CIC bioGUNEri BiParatopic proiektua finantzatzeko
Ekimen berritzaile honen helburua antigorputz bi-espezifikoak garatzea da, minbiziaren tratamenduan terapia immunologikoak iraultzeko gai direnak, batez ere egungo tratamenduei erantzuten ez dieten pazienteei zuzenduta
Europako Ikerketa Kontseiluak Proof of Concept laguntza eman dio BRTAko kide den CIC bioGUNE zentroari antigorputz bi-espezifikoak garatzeko, minbiziaren tratamenduan terapia immunologikoak iraultzeko gai direnak. Ikerbasque ikertzailea, Jesús Jiménez Barbero, CIC bioGUNEko zuzendari zientifikoa eta Glikobiologia Kimikoko taldeko burua, eta June Ereño Orbea, Minbiziaren Glikoimmunologiako Laborategiko burua, dira ikerketa honen buru.
Bispecific Bi-paratopic Antibodies for the Treatment of Cancer izenarekin, immunoterapia onkologikoaren erronka nagusietako bati heltzen dio ikerketak. Kontrol-puntu immunologikoen inhibitzaileekin lortutako aurrerapenak gorabehera, biriketako minbizi ez-txikia duten pazienteen % 70ek baino gehiagok (NSCLC, ingelesezko sigletan) ez diote erantzuten PD-1/PD-L1 inhibitzearen moduko tratamenduei. Erresistentzia horren funtsezko mekanismoetako bat tumore-zeluletan azido sialikoko glizanoen gainadierazpena da. Glizanoek immunitate-sistemaren funtzioa oztopatzen dute, Siglec hartzaileekin bat egiten baitute zelula immunitarioetan, eta haien erantzuna blokeatzen dute.
Biriketako minbizi ez-txikia (NSCLC) tratatzen zailenetako eta oldarkorrenetako bat da, eta munduan minbiziak eragindako heriotza-kausa nagusietako bat izaten jarraitzen du. Testuinguru horretan, CIC bioGUNEko taldeak, ERC Proof of Concept bekaren laguntzarekin, kontrol-puntu immunologikoko hargailu beraren (checkpoint) bi epitoporen gainean jarduten duten antigorputz bi-espezifikoen diseinuan lan egiten du, haien funtzio immunosupresorea blokeatuz. Estrategia horrek sistema immunologikoa suspertzeko eta egungo tratamenduen mugak gainditzeko ahalmena du, terapia konbentzionalekiko erresistenteak diren pazienteentzat alternatiba terapeutiko berriak eskainiz.
Proiektuak antigorputz horien ingeniaritza, egiturazko karakterizazioa eta balidazio funtzionala barne hartzen ditu, bai eta NSCLC ereduetako azterketa aurreklinikoak ere, haien eraginkortasuna ebaluatzeko. Gainera, ERC Proof of Concept bekak garapen horren potentzial komertziala aztertzea ahalbidetuko du, antigorputz bi-espezifikoak klinikara eramateko helburuarekin. Ikerketa-taldeak patenteak eskatzeko eta farmazia-enpresekin lankidetzan aritzeko ere lan egingo du, teknologia merkatura transferituko dela ziurtatzeko.
Ekimen horrekin, CIC bioGUNEk urrats garrantzitsua eman du onkologia-ikerketan, eta ikuspegi berriak zabaldu ditu ohiko tratamenduekiko erresistenteak diren minbizia duten pazienteen tratamendurako, bereziki biriketako minbizi ez-txikia eta beste tumore batzuk dituztenen tratamendurako.
Europako Ikerketa Kontseiluak (ERC PoC) finantzatutako ERC Proof of Concept edo Kontzeptu Proba proiektuak gaur egun ERC proiektuak dituzten eta beren ikerketa-lanaren ahalmen komertziala aztertu nahi duten ikertzaileentzat dira. Proiektu horiek ERCk finantzatutako proiektuetan zehar sortu zen ideia baten kontzeptuaren proba ezartzera bideratuta daude. 150.000 euroko finantzaketa, batez ere, ikerketaren emaitzak produktu komertzial bihurtzeko jardueretara bideratzen da.