Musika Gelak orain arteko Denboraldi inklusibo eta zabalena aurkezten du
Euskadiko Orkestraren hezkuntza- eta gizarte-zikloa indartsu dator 24/25 Denboraldi honetan eta inoiz baino jarduera gehiagorekin: 70 baino gehiago. Eta, batez ere, inoiz baino inklusiboagoa izango da, jarduera horietako askotan bere planteamendu transbertsal eta beharrezkoenean txertatu baitu: orkestra inklusio sozialaren ibilgailu izatea hainbat formaturen bidez eta gizartearen egituratzaile kantuaren bidez
Zikloak lau ekoizpen propio estreinatuko ditu: ‘Ilargiari kantari’, ‘Musika tantak’, ‘Logelan logale’ eta ‘Misterioa’, aste honetan hasiko den ikuskizuna 3.300 ikasleren bisitarekin. Lehen produkzio honek Musika Familian kontzertua ere izango du, larunbat honetan, urriak 19, 12:00etan, Miramonen, eta sarrerak salgai daude
Orkestraren programazioan aspaldidanik erabat sustraituta dagoen hezkuntza-ziklo hau herritarrei, oro har, eta gazteei, bereziki, musika gerturatzeko helburuarekin jaio zen. Aurten, inoiz baino gehiago, zikloak arreta berezia eskaintzen dio gizarteko sektore zaurgarrienari.
Kolektibo zaurgarrien inklusioa eta kulturarako irisgarritasuna sustatzeko helburuarekin, ekintza ugari txertatu dira Musika Gelaren ziklo berrian. Alde batetik, aurten aurkeztuko diren ekoizpen propio batzuk alderdi hori modu integral eta transbertsalean txertatzeko ideiarekin sortu dira. Bestetik, Euskadiko Orkestrak FEVASekin duela hamarkada bat baino gehiagotik partekatzen dituen musika-tailer inklusiboak Denboraldi honetan zabaldu egin dira, eta orain ekimen zentralago, sendoago eta zabalago batean bihurtu dira, Musikazaleak izenarekin bataiatua. Eta, azkenik, Musika Gela Europako ARTIS+ proiektuaren eta Gertu Kultura programatzaile-sarearen parte da urte honetatik aurrera. Ekimen horien helburua da pertsona zaurgarrien kulturarako irisgarritasuna hobetzea.
Inklusioa, Denboraldi honetako produkzioen ardatz egituratzailea
Musika Gelaren baitan aurkeztuko diren lau ekoizpen propioetatik bik kulturarako irisgarritasuna eta kolektibo zaurgarrien ikusgarritasuna bilatzen dute bereziki: Musika tantak eta Misterioa.
Musika tantak inklusioaren eta aniztasunaren egitasmoa izango da. Gaitasun desberdinak dituzten musikariek kontzertu bat eskainiko dute eta orkestrako musikariekin partekatuko dute eszenatokia. Ikuskizunak sorpresazko errepertorioa izango du, artista berrientzat eta gure musikarientzat esperientzia kitzikagarri eta berritzailea izango dena.
Bestetik, Misterioak formatu berritzaile bat dakar Musika Familian kontzerturako: saio lasaia. Saio hauek elkarbizitza inklusiborako ateak irekitzen dituzte, non familia guztiek besaulki-patioa partekatzen duten, desgaitasunen bat duten kideak dituzten familiak zein halako kiderik ez dutenak. Elkarteek astegunetan antolatzen dituzten jardueretatik kanpo desgaitasunen bat duten pertsonek gehien nahi dutenarekin banaka parte har dezaten sustatzeko modu bat da, gainerako pertsonek beren portaera epaitzeko beldurrik gabe.
Beren beharretara hobeto egokitzeko asmoz, saio lasaiek ohiko kontzertu bateko errutinak baino toleranteagoak diren baldintzak betetzen dituzte, ohiko protokoloa hain zorrotz jarraitu gabe. Kontzertu-aretoko ateak irekita egongo dira saio osoan zehar, gure publikoa ekitaldi osoan zehar sartu eta irten ahal izateko, nahieran. Aretoa beti argiztatuta egongo da, ilunpean gera ez dadin, eta arreta berezia jarriko da argi distiratsurik, zarata gogorrik eta ezusteko elementu sentsorialik egon ez dadin. Ikus-entzule guztiek jarrera lasaia izango dute ikuskizunean zehar edozein zarata edo mugimenduren aurrean.
Aretotik irten behar izanez gero, sarrerako hall-a espazio alternatibo bat izango da, gure publikoak atseden hartu ahal izateko eta, prest dagoenean, berriz ere ekitaldiarekin bat egin ahal izateko. Eta artistak eta langileak sentsibilizatuta egongo dira inklusio-praktika onenekin.
Musikazaleak
Euskadiko Orkestrak ibilbide luzea darama Musika Gelan inklusioaren alde, FEVAS Plena Inclusión Euskadiren eskutik. Bi erakundeak duela 15 urte hasi ziren elkarlanean, adimen- edo garapen-desgaitasuna duten pertsonen inklusioa eta kulturarako eskubidea sustatzeko. Harrezkero,1.500 pertsona inguruk hartu dute parte hainbat jardueretan, eta horien artean nabarmenenak, Bilbo, Gasteiz eta Donostian egin diren tailerrak eta Miramongo egoitzan egin diren kontzertuak izan dira. Jarduera horiek “Praktika On” izendatu zituen FEAPSek, Adimen ezintasuna dutenen aldeko Elkarteen Espainiar Konfederakuntzak. Soinu Mosaikoa egitasmoak ere lankidetza horretan du sorburua. Ekimen hori Espainiako 14 orkestretara hedatu zen, musika garapen pertsonalerako eta gizarteratzeko tresna bihurtzen duen praktika aitzindari gisa. Ekimen honek CERMI 2018 sari nazionala jaso zuen musikaren bidez desgaitasunaren inklusioa sustatzeagatik.
Denboraldi honetan, proiektu partekatu honek urrats berri eta garrantzitsu bat emango du Musikazaleak ekimenaren aurkezpenarekin. Musikeneko Musika-arloko Bitartekaritza, Kudeaketa eta Zabalkundeko masterreko ikasleen inplikazioa izango du egitasmoak. Yamel Romero musikagile, musikoterapeuta eta musikaren bidez ekipoak eta pertsonak laguntzen eta garatzen espezializatutako sofrologoak ere laguntzen du proiektu honetan. Musikazaleak ekimena adimen- edo garapen-desgaitasuna duten hamabost bat pertsonako hiru talde egonkor osatzean datza (bana Bilbo, Donostia eta Gasteizen). Talde horiek zortzi musika-tailerretan parte hartuko dute ikasturtean zehar. Tailerrei amaiera emateko, kontzertu bat eskainiko da 2025eko ekainean, ikasturtean egindako lana erakusteko. Tailer hauek babesle dituzte Bilboko Juan Crisostomo de Arriaga Kontserbatorioa eta Gasteizko Udal Antzoki Sarea.
Musika Gela inklusioa sustatzen duten proiektu eta sareen baitan
Musika Gela ziklo osoa ARTIS+: Artea, gizarteratzeko ekimenaren parte da. Mugaz gaindiko Europako lankidetza-proiektu honek helburu du kultura-ekipamenduen irisgarritasuna hobetzea bazterketa-arriskuan dauden biztanle-taldeentzat, dela desgaitasunagatik, dela arrazoi sozialengatik.
Proiektu hau 2027ra arte luzatuko da eta honako bazkideak izango ditu, besteak beste: Orchestre National du Capitole de Toulouse, Bartzelonako L’Auditori eta OBC Orkestra eta Paueko Orkestra.
Ildo beretik, Musika Gelaren programazioa Gertu Kulturaren parte da orain, hau da, zaurgarritasun egoeran dauden pertsonek kultura eskura izan dezaten laguntzeko elkartu diren kultura-programatzaileen sarearen parte.
Irabazi asmorik gabeko ekimen honen helburua kulturaren bitartez pertsonen bizi-kalitatea hobetzea da. Horretarako, kultura-espazio eta -esperientzia bereziak biltzen ditu prezio oso murritzetan, lehentasunarekin eta kolektibo ezberdinen beharrak entzutean eta behar horiei erantzutean oinarritutako tratu pertsonalizatuarekin. Gertu Kultura Apropa Cultura Saretik dator; sare hori Bartzelonako Auditori musika-zentroan abiarazi zen eta, Katalunian ia bi hamarkadako ibilbidea egin ondoren, erreferentziazko sare inklusiboa da gaur egun, 190 kultura-programatzaile baino gehiagorekin, 1.800 gizarte-erakunde baino gehiagorekin eta 54 udalerri baino gehiagorekin.
ZIKLOAREN PROGRAMAZIO OSOA
Lau ekoizpen propio
Urtez urte, Euskadiko Orkestrak bere hezkuntza-zikloaren baitan estreinatzeko produkzio propioak prestatzeko apustua egiten du, jatorrizko gidoiak erabiliz. Denboraldi honetan lau produkzio propio prestatu ditu orkestrak.
Horietako lehena, Misterioa, pasa den udaberrian estreinatu zen Kursaalen eta egunotan Miramonen aurkeztuko da. Alde batetik, Eskola Kontzertu gisa, urriaren 16tik 24ra, 3.300 ikasleren bisitarekin; eta, bestetik, Musika Familian kontzertu bezala, urriaren 19an, larunbata, 12:00etan, saio lasai formatuan. Denboraldi honetan aurkeztuko diren gainontzeko produkzio propioak honakook izango dira: Ilargiari kantari, Musika tantak eta Logelan logale.
Lau produkzio hauek bi formatutan aurkezten dira, Eskola Kontzertuetan eta Musika Familian kontzertuetan.
Haur Hezkuntza, Lehen Hezkuntza eta Bigarren Hezkuntzako 8.000 ikasle inguruk parte hartuko dute aurtengo Eskola Kontzertuetan. 100 ikastetxe ingurutik datozen ikasleak dira, dozenaka herri ezberdinetakoak: besteak beste, Altzo, Aizarnazabal, Andoain, Donostia, Hernani, Hondarribia, Irun, Oiartzun, Orio, Segura, Tolosa eta Usurbil. Lehendabizikoz, Logelan logalerekin, Gasteizen egingo dira Eskola Kontzertuak. Sail honetako kontzertuek Gipuzkoako Batzar Nagusien, Gipuzkoako Foru Aldundiaren, Donostiako Udalaren Hezkuntza Sailaren, Kursaal Eszenaren eta Gasteizko Udalaren lankidetza dute gaur egun.
Bestalde, ekoizpenak Musika Familian kontzertu formatuan eskainiko dira Donostian eta Gasteizen. Euskadiko Orkestrak haur eta gazteei eskaintzen dizkien jardueren artean, ibilbide luze eta finkatuena duen atala Musika Familian kontzertuena da. Haurrek familiekin gozatzeko kultur aisialdiko eskaintza honek 28 urte daramatza orkestraren egitarauan. Donostian egingo diren Musika Familian kontzertuek El Diario Vascoren babesa dute, eta horietatik Kursaalen egingo dena, Musika tantak, Kursaal Eszenarekin lankidetzan prestatu da. Arabako hiriburuko kontzertuek, bestalde, Gasteizko Udal Antzoki Sarearen lankidetza dute. Ikuskizun guztietarako sarrerek 3 eta 8 euro bitarteko prezioa dute eta euskadikoorkestra.eus webgunearen bidez eros ahal izango dira, ikuskizunen datak hurreratu ahala. Dagokion aretoaren leihatiletan ere egongo dira salgai eta Kursaalen webgunean (kursaal.eus).