NEIKER saiakuntzak egiten ari da sojaren eta patataren barietateekin, estentsibo ekologikoen sektoreari bultzada emateko

Ekimen hori bat dator Europako Baserritik Mahaira estrategiarekin, zeinak ezartzen baitu Europako nekazaritza-azaleraren % 25 ekologikoa izan behar dela 2030erako
EAEn 12.688 hektarea bideratzen dira nekazaritza ekologikora, Ekolurraren arabera (Euskadiko Nekazaritza eta Elikadura Ekologikoaren Kontseilua); hark dioenez, 2024an, azalera ekologikoa % 18 hazi da aurreko urtetik. Gorakada horrek sektorea hedatzen ari dela islatzen du, eta laborantza ekologikoko sistemetara egokitutako barietateak ikertzen eta hautatzen jarraitzeko beharra dagoela adierazten du, bat etorririk Europako Baserritik Mahaira estrategiarekin, zeinak ezartzen baitu Europako nekazaritza-azaleraren % 25 ekologikoa izan behar dela 2030erako.
Sojaren kasuan, saiakuntzak Euskoekosoja talde operatiboaren barnean egiten dira (UAGAk koordinatzen du, eta NEIKERek, Ekosal-luz transformazio-enpresak —Zuaitzo, Sojhappy— eta Arabako bi ustiategi ekologikok parte hartzen dute). Ekitaldian, zortzi barietaterekin —tokiko klimarekiko egokitzapena, errendimendua eta alearen kalitatea kontuan hartuta hautatuak— egindako saiakuntzen emaitzak ezagutarazi dira.
“Datuek zenbait desberdintasun erakusten dituzte ekoizpen-portaeran eta haziaren tamainan. Informazio horrekin, soja ekologikoa ekoizteko barietaterik egokienak hautatu ahal izango dira, giza elikagaigintzara bideratzeko, jakien transformazioa barne, esaterako, tofua eta landare-proteina” adierazi du Roberto Ruiz de Arcaute, NEIKEReko Landare Ekoizpen eta Babeseko Saileko teknikariak.
Patataren kasuan, NEIKERek barietate-ebaluazioko saiakuntzen emaitzak aurkeztu ditu; barietate komertzialak eta hobekuntza genetikoko programaren barnean garatu diren klonak konbinatu dituzte. Ekolurrak egiaztatutako lurzatietan egiten dira lanak, eta horietan, besteak beste, alderdi hauek aztertzen dira: errendimendua, tuberkuluaren kalitatea eta gaixotasunekiko erresistentzia.