NEIKERek indartu egin du Europan mahastizaintza jasangarrian duen lidergoa 3 proiektu berrirekin

Albisteak, Araba, Bizkaia

Zentro teknologikoak Europako hiru ekimen berritan parte hartuko du. Ekimenek honako alderdi hauek laguntzea dute ardatz: upeltegien lehiakortasuna, lurraldeko jasangarritasuna eta Arabako Errioxako nazioarteko posizionamendua

INTERREG SUDOE deialdiaren e-Rigation eta POLITA proiektuak, eta AEIk finantzatutako ERA-NET AGroecologyren VINAE ekimena dira, hain zuzen

Mahastizaintzako eta ardogintzako sektoreko jardunbide agronomikoak nahiz egokitzeko estrategiak berrikusi behar dira ezinbestean; izan ere, haren ekoizpenean eragin zuzena dute batez besteko tenperaturen hazkundeak, eurien irregulartasunak eta muturreko meteorologia-fenomenoen maiztasun handiagoak. Horiek horrela, funtsezkoa da irtenbide zientifiko aplikatuak garatzea mahastien jasangarritasuna eta lurzatien erresilientzia bermatzeko.

Klima-aldaketaren eragina nabarmen sumatzen da, besteak beste, Arabako Errioxan, bertan mahastizaintza eskualdeko motor ekonomiko nagusietako bat ez ezik, paisaiaren eta kultur nortasunaren funtsezko pieza ere bada. Azkar eboluzionatzen ari den ingurunearen adierazle dira, beste batzuekin batera, heltze-egutegiaren alterazioak, ardoen profil aromatikoen aldaketak eta estres hidrikoa, eta haien aurrean erantzun koordinatuak eman beharra dago.

Erronkoi heltzeko, NEIKER zentro teknologikoak Europako esparruko hiru proiektu berri lortu ditu. Proiektuok oinarritzat dute ura eraginkortasunez erabiltzea, biodibertsitate erabilgarria sustatzea eta mahastien kudeaketan jardunbide agroekologikoak sartzea.

Hain zuzen, honako proiektu hauek dira: INTERREG SUDOE deialdiaren bi proiektu e-Rigation eta POLITA eta ERA-NET Agroecology deialdiaren proiektu bat VINAE .

Olatz Unamunzaga NEIKEReko zuzendari nagusiaren hitzetan, “europako finantzaketa berriari esker, NEIKERek indartu egin du mahastizaintzaren eta ardogintzaren sektorea eraldatzeko eragile gisa betetzen duen funtsezko eginkizuna, eta uztartzen ditu, hartarako, bikaintasunaren zientzia nahiz transferentzia- eta gertutasun-bokazio sakona. Bere lanaren bitartez lagundu nahi die upeltegien lehiakortasunari, lurraldearen jasangarritasunari eta Arabako Errioxaren nazioarteko posizionamenduari, lurrarekin konektatua eta etorkizunarekin konprometitua dagoen mahastizaintza berritzailearen adibide modura”.

Estazio meteorologikoak mahastietan

Lehen ekimenak e-Rigation du izena, eta NEIKER du buru. Nekazaritza-sektorean uraren erabileraren eraginkortasuna hobetzea du helburu, eta hori lehentasunezko erronka da Europako hego-mendebaldean, han gero eta ur-eskasia handiagoa baitago tenperaturak igotzearen eta prezipitazioak murriztearen ondorioz.

e-Rigation proiektuak uraren erabilera eraginkorrak kudeatzeko ikuspegi berritzailea garatu eta testatuko du (adibidez, ureztatze eraginkorra) estazio meteorologiko birtualen sareetan oinarrituta; horri esker, murriztu ahalko da nekazaritzako jarduerek Sudoe eremuko ur-sisteman duten eragina, eta lagunduko du geroz eta ur-urritasun handiagoa dagoen testuingurura egokitzen. Halaber, ekoizleak gaitzeko eta ur-baliabideen kudeatzaileak sentsibilizatzeko dispositiboa jarriko da martxan. Proiektuaren barruan mahatsondo-lurzatiak monitorizatzea aurreikusten da, aplikazio fitosanitarioekin lotutako ur-erabileraren efizientzia hobetzeko.

«Tresna elikatzeko, bereizmen handiko datu meteorologikoak interpolatzeko sistemak (estazio meteorologiko birtualak) garatuko dira Europako hego-mendebaldeko zenbait eremutan; haiei esker, lurzatietako bereizmen handiko datu agroklimatikoak bildu ahalko dira, zeinak beharrezkoak baitira ureztatzeko gomendioak eta fitosanitarioen aplikazio batzuk labore bakoitzaren ezaugarri zehatzetara egokitzeko», azaldu du Gorka Landeras NEIKEReko Ekoizpen eta Landare Babeseko Departamentuko ikertzaileak.

Intsektuak izurriak kontrolatzeko eta tratamendu kimikoak gutxiagotzeko

Bigarren proiektua, POLITA, NEIKER buru duena, mahasti eta sagastietan biodibertsitatea sustatzean datza, agroekosistema hauetan oreka ekologikoa indartzeko helburuarekin. Ekimenak intsektu onuragarriak ugaritu daitezen lagundu nahi du —hala nola polinizatzaileak eta izurrien harrapakari naturalak—, halakoek balio baitute arazo fitosanitarioak era naturalean kontrolatzeko eta laboreak, tratamendu kimikoekiko mendekotasun txikiagoa izanik, osasuntsuago egoteko.

Hartarako, zerrenda, uharte eta pasabide berde txikiak egingo dira, era horretako intsektuentzako aterpe eta elikagai modura. Halaber, kudeaketa era ez horren intentsiboak probatuko dira, ingurunea, lurzorua eta landaredia gehiago errespetatzen dutenak.

Ana Diez NEIKEReko Landare Ekoizpen eta Babes Saileko ikertzailearen esanetan, ekimenaren bitartez helburua da «ekoizpen-eredu orekatu eta egonkorragoa bultzatzea, laboreak bere kasa egoera hobean mantentzea ahalbidetzeko, kanpoko ahalik eta ekarpenik txikienarekin, eta natura aliatutzat hartuta».

Jardunbide agroekologikoak

Hirugarren proiektuak —VinAE— mahasti pilotuen sarea sortu nahi du bost herrialde ekoizletan (Espainia, Frantzia, Italia, Portugal eta Turkia) nekazaritzako ingurumen arloko jardunbide jasangarriak saiatu eta hobetu ditzaten, hala nola izurrien presioa era naturalean murrizteko gaitasuna duten landare-estalkiak ezartzea, mikroorganismoen komunitate sintetikoetan oinarritutako bioinokuloak erabiltzea eta lurzoru osasuntsu natiboak transplantatzea biodibertsitate edafikoa sustatzeko.

Teknikok ingurumen-alderdiak indartu nahi dituzte (besteak beste, biodibertsitatea, ura erregulatzea eta karbonoa atxikitzea), baina kontuan hartuko dira, orobat, alderdi sozioekonomikoak eta mahatsaren kalitatearen gainean zer eragin duten.

«Parte hartzeko eta batera sortzeko estrategia baten bitartez, jardunbide horien berri emango zaie mahastizaintzaren eta ardogintzaren sektoreko eragileei beraiei, lurralde bakoitzaren berariazko baldintzei egokituta, eta jakintzaren transferentziarako eredu zuzen eta efikazagoa sustatuko da», adierazi du Lur Epelde NEIKEReko Natura Baliabideak Kontserbatzeko Departamentuko ikertzaileak.

Ibilbide finkatua

Europako ekimenok aukera ematen diote NEIKERi goi-mailako lankidetza izateko Europako arloko ikerketa-zentroekin, eta horrek bermatzen du garatzen dituzten irtenbideak eta estrategiak izan daitezen punta-puntakoak eta nazioarteko jardunbide onenen ildokoak.

Gainera, gehituko dira gaur egun zentroan abian diren Europako beste bost proiektuetara (SeaWines, Grape-BreedIswineVitisad-II eta An-Gel); guztiak bideratuta daude klima-aldaketak mahastizaintzara dakartzan erronkei erantzutera, eta nekazaritza jasangarriagorantz aurrera egitera.

Ekimenok abalatu egiten dute NEIKERek mahastizaintzako eta ardogintzako ikerketan bi hamarkada baino gehiagoan izandako esperientzia. Hala, elkarlan estua du sektoreko eragileekin, EAEn eta nazioartean, sortutako jakintza sektoreko profesionalengana irits dadin eta benetako hobekuntzak bihur dadin. Lan-ildo hau Eusko Jaurlaritzaren estrategian sartzen da. Estrategiak nekazaritzako elikagaien eredu berritzailea, jasangarria eta klima-erronka berriei egokitua bultzatzen du.

Partekatu

Beste berri batzuk