Ormazabalek 25 urte bete ditu EHUrekin elkarlanean, ingeniaritza industriara hurbiltzen
Ormazabal Gelak 25 urte bete ditu unibertsitatearen eta enpresaren arteko lankidetzaren erreferente gisa, ikasleak benetako ingeniaritza eta teknologia proiektuetara hurbilduz
2001ean sortu zenetik, 160 ikasle baino gehiagoren prestakuntzan, 15 proiekturen garapenean eta ia 60 profesional enpresan txertatzean lagundu du
Ospakizunak EHUko ordezkariak, ikasleak, ikasle ohiak eta Ormazabaleko arduradunak bildu ditu Euskadiko Parke Teknologikoko Zamudio/Derio Campusean, enpresaren egoitzan, mende laurdena bete duen lankidetza-eredu baten balioa nabarmentzeko
Ormazabalek, sare elektrikorako irtenbide teknologikoetan espezializatutako enpresak, gaur Ormazabal Gelaren 25. urteurrena ospatu du. Unibertsitatearen eta enpresaren arteko lankidetza-ekimen aitzindari honek, 2001ean sortu zenetik, prestakuntza praktikoa, ezagutza-transferentzia eta industria-sektorerako talentuaren garapena sustatzen lagundu du.
Ormazabalen egoitzan egin den ekitaldian, Euskadiko Parke Teknologikoko Zamudio/Derio Campusean, Gotzone Barandika EHUko Transferentzia eta Nazioartekotzearen arloko errektoreordeak, Charles Pinto Bilboko Ingeniaritza Eskolako zuzendariak eta ekimenari lotutako beste ordezkari akademiko batzuek parte hartu dute.
Ormazabalen izenean, Javier Ormazabal Ormazabaleko presidentea, Jorge González enpresako CEOa, Emmanuel Orio Giza Kapitaleko zuzendaria eta Milagros García Marketin zuzendaria bertaratu dira, erakundeko beste ordezkari batzuekin batera.
Prestakuntzatik talentua erakartzera
Euskal Herriko Unibertsitateko (EHU) Bilboko Ingeniaritza Eskolako instalazioetan kokatuta, Ormazabal Gela ikasleei errealitate teknologiko eta industriala gerturatzeko helburuarekin sortu zen, enpresaren erronka eta beharrei lotutako aplikazio praktikoko proiektuen bidez.
25 urte hauetan zehar, Gela talentu kualifikatua enpresara erakartzeko bide nagusietako bat bihurtu da, baita gaur egun erakundeko hainbat arlotan lanean ari diren profesionalak identifikatzeko, erakartzeko eta garatzeko espazio ere. Horrek, gainera, enpresaren gaitasun teknologiko eta industrialak indartzen lagundu du. Horren isla dira Ormazabalen lanean hasi diren ia 60 ikasleak eta martxan jarri diren 15 proiektuak.
Era berean, ikasleei benetako proiektuekin lehen harremana izateko aukera eskaini die, haien garapen profesionala azkartuz eta enplegagarritasuna hobetuz.
«Ormazabal Gela unibertsitatearen eta enpresaren arteko lankidetzak gizarte osoarentzat balioa sortzeko duen gaitasunaren adibiderik onenetakoa da. Azken 25 urteotan elkarrekin lan egin dugu ezagutza sustatzeko, bokazio teknologikoak bultzatzeko eta talentuak gure inguruan garapen profesionalerako aukerak aurki ditzan errazteko», adierazi du Javier Ormazabalek, Ormazabaleko presidenteak.
Bestalde, Gotzone Barandika EHUko Transferentzia eta Nazioartekotzearen arloko errektoreordeak nabarmendu duenez, «Ormazabal Gelaren ibilbideak argi erakusten du mundu akademikoaren eta enpresa-eremuaren arteko lankidetzak duen potentzial handia ikasleen prestakuntza aberasteko eta etorkizuneko erronka teknologiko eta sozialei elkarrekin erantzuteko».
Inguruan benetako eragina duen lankidetza
Ormazabal Gelaren ibilbideak lankidetza publiko-pribatuaren ahalmena erakusten du, aukerak sortzeko eta Euskadiko berrikuntza-ekosistema indartzeko. Irakasleen, ikasleen eta Ormazabaleko profesionalen arteko elkarlanari esker, industriaren benetako erronken inguruan ikasteko eta ezagutza partekatzeko gune bat sortu da.
Gelaren bidez, enpresarentzat estrategikoki garrantzitsuak diren hainbat diziplinarekin lotutako ekimenak garatzen dira; horien artean, sare elektrikorako ingeniaritza-irtenbide pertsonalizatuen garapena.
Bere dimentsio akademikotik harago, espazio honek ingeniarien belaunaldi ezberdinen arteko topagune gisa jarduten du, ezagutzaren trukea sustatzen du eta EHUren eta Ormazabalen arteko epe luzeko harremana sendotzen du.
Ezagutza partekatuaren 25 urteei omenaldia
Topaketa aukera paregabea izan da ekimen hau sendotzen lagundu duten pertsona guztien lana aitortzeko. Era berean, jardunaldian Ormazabal Gelatik igaro ondoren enpresan lanean hasi diren ikasle ohiek ere parte hartu dute, ekimen honen lorpen nagusietako bati aurpegia jarriz: ezagutza eta esperientzia praktikoa ibilbide luzeko aukera profesional bihurtzea.