Osasunerako eta ongizaterako abangoardiako nanoteknologiei buruzko nazioarteko konferentzia Bangkoken
CIC biomaGUNEk nanozientziari buruzko konferentzia bat antolatu du Thailandiako Chulalongkorn Unibertsitatearekin eta CDTIrekin batera, uztailaren 9tik 12ra
Minbiziaren, zahartzearen, gaixotasun neurodegeneratiboen eta abarren tratamendurako nanoteknologietan eta biomaterialetan egindako azken aurrerapenak aurkeztea eta Espainiaren eta Thailandiaren arteko esparru akademiko eta industrialaren arteko zubiak eraikitzea da helburua
Cutting-Edge Nanotechnologies for Good Health and Well-Being nazioarteko konferentziaren antolatzaileetako bat da CIC biomaGUNE. Konferentzia Bangkoken (Thailandia) egingo da 2024ko uztailaren 9tik 12ra. Chulalongkorneko unibertsitatearekin (Thailandia), Espainiaren Bangkokeko enbaxadarekin eta Espainiako Zientzia, Berrikuntza eta Unibertsitate Ministerioaren Garapen Teknologikorako eta Berrikuntzarako Zentroarekin (CDTI) elkarlanean antolatutako ekitaldi honen helburua da minbiziaren, zahartzearen eta osasun-arloko beste problematika batzuen tratamendurako nanoteknologiei eta biomaterialei buruzko ikerketaren emaitza berriak aurkeztea da.
Konferentziak OXIGENATED partzuergoaren azken bilera gisa ere balioko du. EBk finantzatutako Horizonte 2020 proiektu bat da Oxigenated, zeinak minbiziaren aurkako terapia fotodinamikoaren eraginkortasuna hobetzea baitu helburu. Terapia horrek molekula fotosentsibilizatzaileak eta argia erabiltzen ditu oxigeno-espezie erreaktiboak eragiteko. Mundu osoko talde batzuek osatutako partzuergo horrek espero du tumoreei eragin diezaieketen oxigeno-eramaile proteinikoak garatzea eraginkortasun terapeutikoa hobetzeko (informazio gehiago hemen). OXIGENATED partzuergoaren koordinatzailea Sergio Moya da, Biomaterialak eta aplikazio medikoetarako polimeroetan oinarritutako nanosistemak garatzen dituen CIC biomaGUNEko Materia Bigunaren Nanoteknologia Laborategiko ikertzaile nagusia.
Konferentziak ikerketa-arloko ehun profesional baino gehiago eta mundu osoko ikasleak bilduko ditu. “Hitzaldi honek nanoteknologia eta biomaterialen ikerketaren azken aurrerapenak eta emaitzak aurkeztuko ditu, ez bakarrik minbiziaren tratamenduari dagokionez, baita zahartzearen eta herritarren ongizate orokorraren aurkako borrokari dagokionez ere”, azaldu du Sergio Moya nazioarteko batzorde antolatzaileko presidenteak. Konferentziak nazioartean izen handia duten hizlari gonbidatuak izango ditu —besteak beste, Aitziber L. Cortajarena, CIC biomaGUNEko zuzendari zientifikoa eta Ikerbasque irakaslea—, eta beren emaitzak aurkeztuko dituzte zortzi saio tematiko paregabetan.
Garapen Teknologiko Industrialerako Zentroak (CDTI) konferentzian parte hartzeak aukera emango du mundu akademikoaren eta industriaren arteko zubiak eraikitzeko, sinposio baten bidez. Sinposio horretan, lotura industrialak ezarriko dira Thailandiako eta Espainiako ikerketa-zentroen, institutuen, erakundeen eta enpresen artean, eta lankidetza berritzaile eta teknologikorako hainbat aukera aztertuko dira. Ekitaldian, nanomedikuntzan lan egiten duten Thailandiako enpresak eta institutuak bisitatuko dira.