Parke Teknologikoek berdintasunarekiko konpromisoa berretsiko dute Emakumearen Nazioarteko Egunean
Martxoaren 8arekin bat etorriz, Zamudio-Derioko, Donostiako eta Gasteizko campusetan “Mundua aldatu zuten eta aldatzen ari diren emakumeak” erakusketa egongo da ikusgai
Emakumeak zientzian eta teknologian betetzen duen lekua bultzatzea eta ikusaraztea funtsezkoa da Euskadiko Parke Teknologikoen 2024ko Plan Estrategikoan, parkeek planifikatutako ekintza guztietan emakumearen ordezkaritza sustatuz eta enpresetako erantzukizun-postuetan emakumearen ordezkaritza babestuz eta ikusaraziz.
Emakumeen Nazioarteko Eguna dela eta, Martxoaren 8an, Euskadiko Parke Teknologikoek bat egingo dute Emakundek bultzatutako Emakumeak gora! kanpainarekin. Kanpainaren helburu nagusia erabakitzeko eta eragina sortzeko postuetan gizarteak emakume gehiago behar dituela aldarrikatzea da.
Emakumearen presentziak berebiziko garrantzia du Parke enpresetan. Horrela, Euskadiko Parke Teknologikoetan dauden 618 enpresa eta erakundeetatik, 107 enpresak, hau da, guztizkoaren %17k, berdintasun-planak dituzte. Emakumeek zuzendutako enpresen kopuruari dagokionez, 156 dira, hau da, parkeetako enpresen arduradun nagusietatik %25 emakumeak dira.
Enpresa inklusiborako trantsizioa errealitatea da gure campusetan. Gure enpresek errentagarritasuna bilatzen dute, baina beti inguruarekiko eta beraien jarduerekin eta erabakiekin erlazionatutako pertsona eta erakunde guztiekiko erantzukizuna ahaztu gabe. Paradigma-aldaketa horren helburua erakunde inklusiboagoak lortzea dela kontuan izanda, emakumearen presentziak berebiziko garrantzia du.
Euskadiko Parke Teknologikoak bat datoz 2030 Agendarekin eta Nazio Batuek onartutako Garapen Jasangarrirako 17 Helburuekin (GJH). Genero-berdintasuna eta emakumeen ahalduntzea lortzea 17 GJHetako bakoitzaren parte integrala da. Enpresaren eremuan funtsezkoa da emakumeek erabakitzeko eta eragina izateko postuetan duten zeregina. Enpresen lehiakortasuna antolakuntza- eta egitura-faktore askoren mende dago, eta horien guztien artean, talentua da lehiakortasuna baldintzatzen duen funtsezko elementua. Garrantzitsua da azpimarratzea talentu horren erdia edo gehiago emakumeengan dagoela.
“Mundua aldatu duten eta aldatzen ari diren emakumeak”
Era berean, eta zientziaren eta teknologiaren arloan emakumeek egiten duten lana ikusarazteko konpromisoarekin bat etorriz, Zamudio-Derioko, Donostiako eta Gasteizko campusetako eraikin zentraletan “Mundua aldatu zuten eta aldatzen ari diren emakumeak” erakusketa egongo da ikusgai. Erakusketaren bitartez, gizarteari ezinbesteko ekarpenak egin dizkioten eta gaur egun egiten jarraitzen duten emakume erreferenteen ibilbidea ezagutaraziko da.