Pertsona eleanitz batek komunikatzeko darabilen hizkuntzaren kontrol osoa al dauka?
BCBLk, Yorkeko Unibertsitatearekin lankidetzan, hizkuntza desberdinen arteko interakzioa aztertu du pertsona hirueledunetan
Ikerlanak Donostian egin dira, gaztelaniaz, euskaraz eta ingelesez hitz egiten zuten parte-hartzaileekin, eta Erresuma Batuan ingelesez, frantsesez eta gaztelaniaz egiten zutenekin
Ikerketaren arabera, bigarren hizkuntza batean hitz egitean, probabilitate handiagoa dago lehena ez den beste hizkuntzak oztopatzeko, ama-hizkuntzaren kasuan baino
Kalkuluen arabera, Europako biztanleriaren laurdenak hiru hizkuntza edo gehiagotan hitz egin dezake, baina zein eragin dute hizkuntza horiek pertsona eleanitz batengan? Ama-hizkuntza ez den beste batean hitz egiterakoan, zein hizkuntzak oztopa dezake gehien hiztegia? Ba al dute pertsona hauek hitz egiten duten hizkuntza % 100ean kontrolatzeko gaitasunik, akatsik egin gabe?
Basque Center on Cognition, Brain and Language (BCBL) Donostiako ikerketa zentroak eta Yorkeko Unibertsitateak (Erresuma Batua) gidatutako ikerketa berri batek gai horiek aztertu ditu pertsona hirueledunen bi taldetan: bata Donostian, gaztelaniaz, euskaraz eta ingelesez hitz egiten zuten pertsonez osatua, eta bestea Yorken, ingelesez, frantsesez eta gaztelaniaz egiten zutenekin.
«Gure asmoa konbinazio linguistiko desberdinen emaitzak alderatzea zen, eta bi ikerketetan gauza bera aurkitu dugu: bigarren hizkuntzan hitz egiten dugunean, aukera gehiago dago gutxien dakigun hizkuntzak gure hiztegia oztopatzeko, ama-hizkuntzak baino», azaldu du Clara Martin BCBLko Ikerbasque ikertzailea denak.
Horretarako, ikerketa-taldeek boluntario hirueledunen gaitasunak probatu zituzten pantaila batean agertzen ziren irudi batzuen bidez. Parte-hartzaileek hizkuntza egokian erreproduzitu behar zuten pantailan agertzen zena.
Adibidez, sagar bat ikusten zutenean ondoan ikurrin batekin, hitza euskaraz esan behar zuten. Zeregina konplexuagoa izan zedin, argazkiak denbora-tarte laburretan ikus zitzaketen.
Ondoren, bigarren hizkuntza erabiltzeko orduan zein hizkuntza den gehien oztopatzen duena aztertu zen; BCBLko taldearen kasuan, euskara zen bigarren hizkuntza hori. «Irudi ezberdinak erritmo oso azkarrean aurkeztu genizkien, akatsak eragiteko, eta helburua irudiak euskaraz deskribatzea zen. Akats gutxi egiten zituzten, baina gehienetan ingelesa zen gehien oztopatzen zuen hizkuntza, eta ez lehen hizkuntza, gaztelania», gaineratu du adituak.
Inhibizioaren teoria
BCBLk eta Yorkeko Unibertsitateak elkarrekin egindako lanaren emaitzek berretsi egin dute pertsona hirueledun baten garuna ama-hizkuntza inhibitzeko gai dela. Horrela, beraien bigarren hizkuntzan komunikazio egokia ziurtatzen dute, baina, aldi berean, hirugarren hizkuntza-gaitasuna kontrolatzeko zailtasun gehiago dituztela ere ikusi da.
«Ikerketa honek erakusten du hizkuntza batean hitzak jakite hutsa agian ez dela nahikoa komunikazio arina bermatzeko. Halaber, funtsezkoa da une eta hizkuntza egokian hitzak aurkitzea, interferentzia saihestuz. Hirueledunek esperientzia gutxiago izan dezakete (edo okerragoak izan daitezke) ama-hizkuntza ez den hizkuntza bat inhibitzerako momentuan, eta, beraz, akats gehiago egin ditzakete», ondorioztatu du Angela De Bruin doktoreak, Britainia Handiko Unibertsitateko Psikologia Sailekoak.
Ikerketak, beraz, haurtzaroan eta nerabezaroan ikasten diren hizkuntzen arteko harremana hobeto ulertzearen garrantzia nabarmentzen du. Horrez gain, hizkuntza horietan komunikazio arina lortzeko hiztunek behar dituzten gaitasunak aztertu dira: hizkuntza-ezagutza maila jakin bat edukitzeaz gain, eskuratutako gainerako hizkuntzen gaineko kontrol eraginkorra izatea ere garrantzizkoa dela ikusi da.
Ikerketaren emaitzak Journal of Memory and Language aldizkari espezializatuak argitaratu ditu, eta Yorkeko Unibertsitatearen webgunean ere zabaldu dira.