Produktu ekologikoekin osatutako lehen otzara aurkeztu du Bioeskola BBKk

Bizkaia

  • 70 familia inguru hasi da astean behin barazki sorta bana jasotzen. Sortako elikagaiek garaian garaikoak izan behar dute, eta irizpide jasangarrien arabera ekoiztuak.
  • Emaús Bilbaoren ekimen honek BBK Gizarte Ekintzaren eta Teknologia Parkearen laguntza jaso du. Lan egiteko aukera ematen die ekimenak gaixotasun mentala duten eta gizarte bazterketa arriskuan dauden pertsonei.

Gaur goizean aurkeztu dira BIOESKOLA BBKk ekoizten dituen produktuekin osatutako lehen otzara ekologikoak; Bilboko BBK Salan izan da ekitaldia. Ortu ekologikoaren proiektua urte honen erdi aldera hasi da, lurzorua egokitu eta berotegiak instalatzeko lanekin; gaixotasun mentala duten eta gizarte bazterketa arriskuan dauden pertsonek egiten dute lan bertan. Maiatzean landatu zituzten lehen haziak eta, nahiz eta eguraldia ez den behar bezain ona izan, udaren amaieran banatzeko prest zeuden lehen kalabazin, tomate, uraza, piper eta zerba uztak, besteak beste.

Bizkaiko 70 familia inguruk eman zuen izena programan, eta hasi dira dagoeneko astean behin barazki sorta bana jasotzen. Barazkiak nekazaritza ekologiko eta jasangarriaren irizpideen arabera hazi dira, eta sortak 10 eta 16 euro bitarteko prezioan saltzen dira.

Lehen aldi honetan produktu ugari sartu dira otzaretan: uraza, hainbat tomate mota (Raf, Cherry eta Muchamiel), kalabazina, berenjena, hainbat piper mota (piper berdea, pipermorro gorria eta Gernikako piperra) eta zerba gorri eta horia.

Errafiazko poltsetan ematen dira sortak ostiralero, Bizkaiko Teknologia Parkean eta Emaúsek Bilbon dituen dendetan (Sabino Arana eta Santa Maria kaleetan).

Aurkezpenean izan da Leire Aragón, BBK Gizarte Ekintzaren zuzendari laguntzailea; bere hitzetan, BIOESKOLA BBK Gizarte Ekintzak zuzenean edo zeharka laguntzen dituen hainbat alor uztartzen dituen proiektua da: gizarte bazterketa arriskuan dauden pertsonen gizarteratzea eta lan munduan sartzeko laguntza; lehen sektorearen sustapena; garapen jasangarriaren alorreko prestakuntza eta sentsibilizazioa. Gainera, ikuspegi berritzaile baten moldetan uztartzen ditu.

Bizkaiko Zientzia eta Teknologia Parkeko Zuzendari den Jose Miguel Corresek bere aldetik, azpimarratu du ekimen honen arrakasta, Parkeak duela urte batzuk abiarazitako gizarte berrikuntzako politikaren meritua dela; hainbat eragileren laguntza izan duen politika horren helburu nagusia, Zamudioko Ospitaleko gaixoak gizarteratzea izan da.

Bestalde, Emaús Bilbaoko zuzendari José Gómezek ekimenaren harrera ona azpimarratu du; izan ere, jende gehiago izena ematen ari delarik, hasierako aurreikuspenak bete egingo direla uste du, hau da, urtean 8.000 otzara banatzea 100 bat kontsumitzaileren artean.

BIOESKOLA BBKko langile batzuk ere izan dira aurkezpen ekitaldian, eta harro erakutsi dute laneko lehen hilabete hauetako emaitzak. Arduradunen aburuz, pertsona horiek «bikain egokitu dira lanera», nahiz ez zuten aurretiaz nekazaritzarekin harremanik batere. Lanerako «motibazio handia» lagun, ortua zaintzen ikasi dute eta, hartara, lehen sektorean enpleguren bat aurkitzen lagunduko dien lanerako prestakuntza eskuratu dute.

BioCultura azokan izango da BBK BIOESKOLA

Asteburu honetan Bilbon lehen aldiz egingo den produktu ekologikoen eta kontsumo arduratsuaren BioCultura 2013 izeneko azokan izango da BBK BIOESKOLA, bere ekoizpena erakutsi asmoz. Aurreikuspenen arabera, milaka pertsona bilduko ditu BECen urriaren 4tik 7ra bitartean BioCulturak, produktu ekologikoen kontsumoa sustatu nahi duen, eta publikoaren eta elikagai horien ekoizpen eta banaketa alorretako profesionalak harremanetan jarriko dituen azokak.

BIOESKOLA BBKren produktuak eskuratu nahi duena harremanetan jar daiteke Emaús Bilbaorekin, dela telefonoz (656 794 533), dela e-postaz: (saskiak@emausnet.org).

Partekatu

Beste berri batzuk