Sare adimendunei buruzko erakusketa inauguratu du Lehendakariak Bizkaiko Zientzia eta Teknologia Parkean
- Gaur lehendakariak inauguratutako Bidelek Sareaken gune edo “showroom”aren bidez, sare elektrikoan sartzen ari diren berrikuntza teknologiko nagusiak erakutsi nahi zaizkie sektoreko beste enpresa batzuei, ekipo-fabrikatzaileei, administrazioei eta nazio zein nazioarteko beste erakunde batzuei. Azken finean, tour moduko bat da “showroom”a, berrikuntza horiek sistema elektrikoari eta azken erabiltzaileari ekarriko dizkieten onurak eta aplikazioak erakusteko, eta aldi berean, Euskadiko energia sektorearen ahalmen teknologikoaren erakusle.
- Sare elektriko adimendunek, sistema konbentzionalekin batera, azken belaunaldiko telekomunikazio-teknologiak erabiltzen dituzte; teknologia horiek sareak hobeto kudeatzea, energiaren erabilera optimizatzea, galerak murriztea eta energia berriztagarriak eta ibilgailu elektrikoa modu eraginkorragoan integratzea ahalbidetzen dute.
- Telekudeaketa ezartzeko Europako zuzentarauak bete beharraren ondorioz eratu zen Bidelek proiektua. Hala ere, kontagailu elektrikoak modernizatzeaz haratago doa egitasmoa; izan ere, banaketa sare elektriko osoa berritzea du helburu. Hartara, munduko sare elektriko adimendun aurreratuenetarikoak izango ditu Euskadik.
- Sare elektriko adimendunen ezarpena dela eta, azken urte hauetan, Iberdrola Distribución Eléctricak 300 milioi euroko balio izandako hainbat kontratu esleitu dizkie zenbait fabrikatzaile eta hornitzaileri, horietako gehienak Euskadin dihardutenak. Fabrikatzaile eta hornitzaile horiei negozio aukera berri bat dakarkie traktor efektua duen egitasmo horrek, enpresoi kanpora irtetera bultzaraziko diena, etorkizun itxaropentsua duen teknologia handiko merkatu batean jarduteko.
Eusko Jaurlaritzako lehendakari Iñigo Urkulluk, Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun sailburu Arantza Tapiak eta Iberdrolako kontseilari zuzendari nagusi José Luis San Pedrok Euskadiko sare elektriko adimendunen diseinu eta teknologiari buruzko erakusketa bat inauguratu dute gaur goizean, TECNALIAren instalazioetan kokatua, Bizkaiko Teknologi Parkean. Teknologia eta enpresa uztartzen dituen erakusketa hori Bidelek Sareak proiektuaren barruan dago. Iberdrola Distribución Eléctricaren eta Eusko Jaurlaritzaren, EEE Energiaren Euskal Erakundearen bidez, partaidetza duen ekimen horrek Bilbon eta Portugaleten elektrizitatea banatzeko sareak modernizatzea du helburu. Horretarako, 60 milioi euroko inbertsioa egingo da.
Aipatutako erakusketak Bidelek Sareak proiektuaren zabalkundea sustatzea du xede. Hala, erakusketan, benetako ekipamendu bidez, XXI. mendeko sare elektriko adimendun baten funtzionamenduaren nondik norakoa azaltzen da.
Euskadiko sare adimendunen inguruko showroom edo erakusketa horren bitartez, sare elektrikoan sartzen ari diren berrikuntza teknologiko nagusiak erakutsi nahi zaizkie sektoreko beste enpresa batzuei, ekipo-fabrikatzaileei, administrazioei eta nazio zein nazioarteko beste erakunde batzuei. Azken finean, tour moduko bat da “showroom”a, berrikuntza horiek sistema elektrikoari eta azken erabiltzaileari ekarriko dizkieten onurak eta aplikazioak erakusteko, eta aldi berean, Euskadiko energia sektorearen ahalmen teknologikoaren adierazgarri.
Erakusketaren inaugurazio ekitaldian Iñigo Urkullu lehendakariak hauxe adierazi du: “Euskadi kooperazio lan bikaina egiten ari da zenbait eragileren artean, sare elektriko adimendunen garapena zuzentzeko eta bideratzeko; horretarako, gainera, bertako enpresa, teknologia eta industria ehuna munduko onenetarikoa da”.
Iberdrolako kontseilari zuzendari nagusi José Luis San Pedrok, berriz, hauxe nabarmendu du: “Ekimen honek, beste behin ere, herri honekin dugun konpromisoa berresten du; izan ere, Euskadiko enpresa ehunari onura dakarkion traktor efektua eragiten jarraitu nahi dugu, oraingoan sare elektriko adimendunei esker, enpresei merkatu berri batean jarduteko abantaila erraztu eta eskainiz, mundu osoan milioi askotako inbertsioak aurreikusten dituen merkatuan, hain zuzen ere”.
Bidelek Sareak proiektua
Partaidetza publikoa eta pribatua bateratu duen ekimen bat da Bidelek Sareak proiektua. Haren bidez, Eusko Jaurlaritzak eta Iberdrola Distribución Eléctricak Bilbo eta Portugaleteko sare elektrikoak modernizatu nahi dituzte, sare digital adimendun bihurtzeko asmoz. Lan horiek guztiak egiteko inbertsioa 60 milioi eurokoa da eta lanen amaiera 2014. urtean aurreikusten da.
Gaurko egunez, 140.000 kontagailu ordezkatu dira eta 640 eraldaketa zentro baino gehiago berritu dira, adimen eta teknologia maila ezberdinarekin. Zentro horietan, telekudeaketa eta ikuskatze sistemekin batera, urrutiko eragiketa automatizatua egiteko aukera izango da.
Aurreikuspenen arabera, guztira, 230.000 kontagailu elektriko konbentzional ordezkatuko dira Bilbon eta Portugaleten Bidelek proiektuari esker. Kontagailu horien ordez teknologia digitaleko kontagailuak instalatuko dira, eta, aldi berean, 1.000 eraldaketa zentro adimendun egokituko dira; bertan, telekudeaketa, ikuskatze eta urrutiko eragiketa automatizatua egiteko sistemak jarriko dira. Era berean, azpiestazio elektrikoak egokituko dira Ondarroa, Lekeitio eta Aulestiko landa ingurunean.
Hori guztia aurrera eramateko, euskal enpresek garatutako teknologiak ezartzen ari dira, hornidura elektriko eraginkorrago, seguruago eta gorabeherei eta arazoei aurre egiteko denbora laburragoan erantzutea ahalbidetuko duten teknologiak. Bidelek Sareak egitasmoak erreferente teknologikoa izan nahi du munduan. Horrekin batera, energia alorreko azpiegitura enpresei begira, proiektu traktor gisa baliagarri izateko eratu da.
Kontagailuen telekudeaketa ezartzeko Europako zuzentarauak bete beharraren ondorioz eratu zen Bidelek proiektua. Hala ere, kontagailu elektrikoak modernizatzeaz haratago doa egitasmoa; izan ere, banaketa sare elektriko osoa berritzea du helburu. Hartara, munduko sare elektriko adimendun aurreratuenetarikoak izango ditu Euskadik.
Sare elektriko adimendunak
Sare elektriko adimendunek hobekuntza teknologiko handia dakarte sare tradizionalen aldean; izan ere, teknologia digitalaz baliatzen dira ikuskatzea egiteko, informazioa bideratzeko eta telekomunikazioak gauzatzeko. Era horretan, azpiegitura konbentzionalekin batera, komunikazio sistema aurreratuenak integratzen dira teknologia digital horren bidez, eta, ondorioz, kontsumoez, sarean izaten diren kargez, arazoez edo gorabeherez informazio zehatza eta denbora errealean izateko aukera dugu.
Sare elektrikoek ematen dituzten informazio eta prestazio horiei esker, horniduraren kalitatea eta energiaren erabilera hobetzeaz gain, galerak murrizten dira. Horrekin batera, ekoizpen elektriko banatua era eraginkorragoan integratzen da, adibidez, eskala txikiko energia berriztagarrien bidezko ekoizpen guneak, edo ibilgailu elektrikoen pixkanakako integrazioa sisteman.
Dibertsifikazio adimendunaren estrategia
Euskadin, Eusko Jaurlaritzak sare elektriko adimendunen garapenaren alde egindako apustua bat dator 2020ko Euskadiko Energia Estrategian ezarritako helburuekin, goraka ari diren energiaren arloko esparruetan garapen teknologikoa sustatzeko estrategiaren barruan. Eraginkortasun handiko energia-teknologiak ezartzea da helburua, eta, aldi berean, kualifikazio handiko euskal industria teknologikoak sendotzea. Horretaz gain, merkatuak garatzeko aukera handia duten esparruetan garapen teknologiko berriak sortzeko traktore moduan jokatu nahi da.
Alde horretatik, sare elektriko adimendunak lehentasunezko esparruetako bat da, erabat garatutako industria teknologikoaren jabe den Euskadin jarduteko. Horrelako teknologia fabrikatzen eta garatzen duten euskal enpresa horiek beren produktu eta zerbitzuei balio erantsi handia eskaintzen diete eta euren ahalmen eta lidergoari esker, arlo horretan lehiatzeko eta erreferente izateko moduan daude nazioartean.
Adimenduna deitzen zaion espezializazio horrek, hazkunde-perspektibak dituzten alorrei arreta berezia eta ahalegina eskaintzen baitzaie, sinergia berriak eratu eta merkatu berriak jorratu nahi izateaz gain, Euskadin aberastasuna eta enplegua ere sortu nahi ditu.