Sei enpresa berri aurkeztu dira Euskadiko Parke Teknologikoko enpresak konektatzeko K·business ekimenean

Albisteak, Araba, Bizkaia, Gipuzkoa, K·business

  • Calvera Hydrogen Innovation, Euskorpora, Oncomatryx Biopharma, Playgress Labs, Taktomat eta ZwickRoell Euskadiko Parke Teknologikoan sartu diren enpresa berrietako sei dira, eta protagonistak izan dira euren jardueren, produktuen eta zerbitzuen berri eman duten jardunaldian.

2025eko uztailaren 4a. Euskadiko Parke Teknologikoak ongietorria eman die gaur, K·business topaketaren barruan, duela gutxi enpresa ekosisteman sartu diren sei erakunde berriri. Calvera Hydrogen Innovation, Euskorpora, Oncomatryx Biopharma, Playgress Labs, Taktomat eta ZwickRoell enpresak izan dira protagonista Parke Teknologikoko erakundeen arteko lotura eta lankidetza sustatzen duen saioan. Guztira, Euskadiko Parke Teknologikoan instalatutako 26 erakundetako 30 pertsona baino gehiago bildu dira topaketan, eta aldebiko 31 bilera itxi dira.

Abian jarri zenetik, K·business programak 21 edizio egin ditu, 300 enpresa baino gehiagoren partaidetzarekin, eta lankidetza eta negozio akordio ugari ekarri dituzten alde biko 600 topaketa baino gehiago ahalbidetu ditu.

Jardunaldian, sei enpresa berriek euren lan ildoen aurkezpen laburrak egin dituzte. Ondoren, aldebiko topaketak egin dira sinergiak aztertzeko eta Parke ekosisteman lankidetzarako aukerak detektatzeko.

Aurkezpena eta topaketak

Ekimenak enpresa bakoitzaren aurkezpen erronda bat izan du, eta, ondoren, alde biko topaketak egin dira, negozioen erronka berrietarako baliozko kontaktuak aurkitzeko.

Calvera Hidrogen Innovation Abanto Campusean dago, eta industriaren, mugikortasunaren eta logistikaren sektoreetarako hidrogenoa biltegiratzeko, garraiatzeko, banatzeko eta hornitzeko presio handiko ekipamenduan soluzio aurreratuetan eta neurrira egindakoetan dago espezializatuta. Hidrogenorako, biometanorako eta beste gas konprimitu batzuetarako presio handiko ekipamenduen ingeniaritzan, fabrikazioan eta mantentze lanetan ibilbide sendoa eginda, helburua iturri garbiago eta jasangarriagoetarako energia-trantsizioa bultzatzea da, hainbat sektorerekin lankidetza estuan arituz, hala nola mugikortasunarekin, logistikarekin, industriarekin edo energiaren sorkuntzarekin.

Euskorpora, Donostia Campusean dago eta euskarazko corpus digitala sortzeko eta kudeatzeko elkartea da. Helburua hizkuntza teknologiak eta hizkuntzaren adimen artifiziala garatzeko behar diren datuak biltzea eta prozesatzea da.

Oncomatryx Biopharma, Donostia campusean dago eta minbiziaren aurkako terapia aurreratuak garatzen ditu. Helburua tumore solido metastasiko oldarkorrenetako batzuen tratamenduan paradigma aldatzea da. Mikroingurune tumoralean minbiziari lotutako fibroblastoei zuzendutako doitasunezko farmako berriak garatzen egiten du lan.

PlayGress Labs bioteknologia kognitiboko startup bat da, Vitoria-Gasteiz campusean du egoitza eta neurogarapeneko eta ikaskuntzako nahasmenduen lanketa ez-farmakologikoan espezializatuta dago, hala nola TDAH, dislexia eta AEN. Teknologia aurreratuak erabiltzen ditu, hala nola EEG, ikusmen artifiziala, erregulazio autonomikoko biomarkatzaileak eta jokabide-metrika digitalizatuak, 5 eta 99 urte bitarteko haur eta helduengan funtsezko funtzio exekutiboak entrenatzeko –arreta, kontrol inhibitzailea, malgutasun kognitiboa eta erregulazio emozionala–. Bere ikuspegiak ebidentzia neuropsikologikoa eta esku hartzeko ingurune interaktiboak integratzen ditu, denbora errealeko analisi multimodalaren bidez pertsonalizazioa optimizatuz.

Taktomat Zamudio/Derio campusean dago, eta automatizaziorako biraketa sistemak eta ekoizpen lerroetarako soluzio mekanikoak diseinatzen eta fabrikatzen ditu, batez ere automobilgintzara bideratutako sektoreetan, besteak beste. Bere portfolioak doitasun eta eraginkortasun estandar altuekin prozesu industrialak optimizatzen dituzten mahai birakariak, indexatzaile linealak eta soluzio pertsonalizatuak ditu.

ZwickRoell, Vitoria-Gasteiz campusean, lider globala da materialak entseiatzeko sistemetan. Enpresak trakzio, konpresio, flexio eta neke probetarako soluzioak eskaintzen ditu automobilgintza, aeronautika, biomedikuntza eta material aurreratuen sektoreetan. Berrikuntzarekin, kalitatearekin eta prestakuntza teknikoarekin duen konpromisoa erreferentea da nazioarteko laborategi eta industrientzat.

K·business Euskadiko Parke Teknologikoaren Networking zerbitzua da, eta enpresei inguruko beste enpresa eta eragile batzuekin elkar ezagutzen eta harremanetan jartzen laguntzea du helburu, lankidetzan aritzeko eta negozioa garatzeko aukerak identifikatuz eta sortuz.

K·business-ek, Euskadiko Parke Teknologikoaren BEParke ekimenaren barruan, enpresen arteko loturak erraztea, erakundeen arteko elkar ezagutza sustatzea eta negoziorako aukera berriak sortzea du helburu. Networking zerbitzu horrez gain, BEParkek, Parke ekosistemaren parte diren enpresen talentuaren, berrikuntzaren, jasangarritasunaren eta ikusgaitasunaren garapena bultzatzeko diseinatutako funtsezko beste lau zerbitzu eskaintzen ditu: K·talent, K·impulse, K·future eta K·media.

Partekatu

Beste berri batzuk