TECNALIA buru da Mutrikun itsas zabaleko plataforma fotovoltaiko baterako ekohormigoizko egitura flotatzaile bat instalatzeko lanetan

Albisteak, Bizkaia

Karbono gutxiko ekohormigoia errendimendu handikoa da, eta inkrustazioen arukako oinarri biologikoko materialak ditu. Horrek ingurumena errespetatzen duen soluzio bihurtzen du

TECNALIA ikerketa eta garapen teknologikoko zentroa gidari izan da Mutrikun duen itsas laborategiko plataforma fotovoltaiko flotatzailerako egitura berri bat instalatzeko lanetan. Errendimendu handiko ekohormigoi berri batekin eraiki da egitura, zeinak, gainera, karbono gutxi igortzen baitu eta ingurumena errespetatzen baitu. Era berean, plataforma horri inkrustazioen aurkako estaldura berriak aplikatu zaizkio, biomasatik datozen konposatuekin garatuak, zeinek ingurumen-inpaktua murrizten eta sistemaren bizitza baliagarria luzatzen laguntzen baitute. Europako Natursea-PV proiektuaren barruan kokatzen da egitura hori instalatzea. Proiektu horrek eguzki-energia sortzeko itsas zabaleko egitura eta material berritzaileak eta jasangarriak bultzatzen ditu.

TECNALIAk, Natursea-PVko bazkideen laguntzarekin (Preffor, RDC, Polymat eta EHU), itsasoan jarri du eskalako egitura hori, era horretan itsasoan eguzki-energia sortzeko soluzio lehiakor eta jasangarriak baliozkotzeko. Haien efikazia aztertzeko, laborategiko probak egin zaizkie egiturari eta materialei, eta, haiei esker, Mutrikuko itsas laborategian instalatu aurretik, haien egiturazko portaera, jasangarritasuna eta efizientzia energetikoa ebaluatu dira.

Laborategi hori bakarra da bere kategorian, eta, gainera, energia-sektoreko enpresei aukera ematen die ingurune kontrolatu eta erreal batean baliozkotzeko itsas zabaleko teknologia fotovoltaikoetarako beren garapenak. Garapen berri horrekin, TECNALIAk indartu egiten du eguzki-energia flotatzailearen arloan soluzio berritzaileak bilatzen dituzten industria-eragileekin lankidetzan aritzeko duen gaitasuna.

Partekatu

Beste berri batzuk