TECNALIA eta Irizar, mugikortasun jasangarrirako soluzioak bultzatzen floten egiturak eta osagaiak arintzeko
IRIZAR eta TECNALIA ikerketa eta garapen teknologikoko zentroa elkarrekin arituko dira lanean zenbait arlotan, hala nola propultsio-sistema multiteknologikoetan, arinduran, mugikortasun adimendunean edo teknologia digitalak ezartzen
IRIZAR eta TECNALIA ikerketa eta garapen teknologikoko zentroak aliantza indartu dute, eta beste esparru-akordio bat sinatu dute automobilgintza-sektorean mugikortasun jasangarrirako soluzioak bultzatzeko. Bi erakundeek urteak daramatzate lankidetzan; besteak beste, mugikortasun jasangarrirako teknologia berritzaileak ikertzen eta garatzen. Aurrerantzean, sakondu egingo dute lankidetza hori, beste zenbait alor ere landuko baitituzte, hala nola egiturak eta osagaiak arintzea, propultsio elektriko eta hibridorako kontrol-sistemak, konektibitate eta mugikortasun adimenduna, eta digitalizazioa. David Sánchez TECNALIAko Industria eta Mugikortasuneko zuzendariak eta Imanol Rego Irizar Taldeko zuzendari nagusiak sinatu dituzte lankidetza-alor berriok.
Egiturak eta osagaiak arintzeari dagokionez, IRIZAR eta TECNALIA soluzio berritzaileen bila ari dira, dela etorkizuneko ibilgailu-lineek efizientzia energetiko handiagoa izateko, dela kostuak murrizteko. Bi erakundeek alternatibak garatzen dihardute material konposatuen bitartez, etorkizuneko autobus-gaman txertatzeko. Bien bitartean, egiturak arintzeko aukerak identifikatzen jarraitzen dute.
Propultsio elektriko eta hibridoetarako kontrol-sistemen alorreko ikerketari eta garapenari dagokienez, IRIZAR eta TECNALIA orpoz orpo ari dira kontrol-algoritmo aurreratuak eta energia-kudeaketaren diseinua eta garapena lantzen, bai autobusetarako, bai IRIZARREN ieTruck kamioi % 100 elektrikorako. Kontrol-sistema horien bidez, energia-kontsumoa optimizatzea eta ibilgailuen efizientzia hobetzea lortzen da, eta, horren ondorioz, murriztu egiten dira emisioak, eta ibilgailuen autonomia, berriz, areagotu.
Gainera, lankidetza horrek kudeaketa termikoa behar duten sistema ontziratuen energia optimizatzeari ere heltzen dio. Horretarako, ereduak eta algoritmoak garatzen dituzte, soluzio efizienteagoak eta jasangarriagoak bilatzen jarraitzeko.
IRIZAR eta TECNALIA lankidetzan ikusteak frogatzen du industriak eta ikerketak jardun dezaketela elkarlanean, automobilgintzaren sektorean berrikuntza eta garapen jasangarria bultzatzeko. Bi erakundeek konpromisoa hartzen dute elkarrekin lanean jarraitzeko, eta, hala, merkatuaren eta bezeroaren beharrei erantzuten dieten soluzio berritzaileak diseinatzeko eta garatzeko.