TECNALIA, zibersegurtasunaren maila guztietako saiakuntzak egiteko akreditazioa lortu duen lehen erakunde nazionala

Ikerketa eta garapen teknologikoko zentroak ENACen (Egiaztatze Erakunde Nazionala) akreditazioa lortu du, nazioarteko IEC 62443-4-2 arauaren arabera industria segurtasun-maila handienean ziurtatzeko.
TECNALIA ikerketa eta garapen teknologikoko zentroa izan da ENACek (Egiaztatze Erakunde Nazionala) akreditatu duen lehen erakunde nazionala IEC 62443-4-2 nazioarteko arauaren arabera segurtasun-maila guztietan zibersegurtasun-saiakuntzak egiteko,. Automatizazio eta kontrol industrialeko sistemak babesteko oinarrietako bat da arau hori, eta zibersegurtasuneko baldintza tekniko zorrotzak ezartzen dizkie sistema horietako osagaiei. Akreditazioak aitortzen du laborategiak gaitasun teknikoa duela produktu horiek ebaluatzeko gero eta sofistikatuagoak diren mehatxuen aurrean.
Hala, TECNALIAk arauak ezartzen dituen lau segurtasun-mailetan saiakuntzak egiteko akreditazioa lortu du, eta, horri esker, mehatxu zuzenduetatik babesteko eskakizun handiagoak dituzten inguruneei erantzuna eman diezaieke. Ondorioz, laborategia erreferentzia da estatuan eta nazioartean industria-osagai kritikoen ebaluazioan.
IEC 62443-4-2 arauak osagai industrialen zibersegurtasun-baldintzak ezartzeko esparru zehatz eta eskalagarri bat eskaintzen du, hala nola gailu txertatuak, aplikazio-softwarea eta sareko gailuak, eta horiek mehatxu ugarien aurka babesteko balio du. Baldintza horiek lau segurtasun-mailatan egituratzen dira, ustekabeko mehatxuetatik hasita baliabide esanguratsuak dituzten aurkariek egindako eraso sofistikatuetaraino babesteko. Maila batetik bestera, zorroztu egiten dira bete beharreko neurri teknikoak: sistema gotortzea, roletan oinarritutako sarbide-kontrola, gertaeren erregistro segurua, zifratze sendoa eta osotasuna eta benetakotasuna baliozkotzea.
“Akreditazio horrek Europako abangoardian kokatzen gaitu zibersegurtasun industrialaren ebaluazioari dagokionez. Konfiantzazko bermea da fabrikatzaileentzat, integratzaileentzat eta azpiegitura kritikoen operadoreentzat. Zalantzarik gabe, funtsezko aurrerapena da industria-ingurune seguruagoak sustatzeko, bai estatuan, bai nazioartean”, adierazi du Digital Labseko zuzendari eta TECNALIAko Zibersegurtasuna Ebaluatzeko Laborategiko arduradun Marta Castrok.
Funtsezkoa da industria-ingurune seguruagoak sustatzeko, bai Espainian, bai nazioartean, eta merkatu globalaren eskakizunekin eta erregulazioekin (adibidez, Europako Ziberresilientzia Arauarekin) bat datorren ziurtapen-bide bat eskaintzen die enpresei.