TECNALIAk 4.200 soluzio teknologiko baino gehiago garatu ditu 2.000 enpresarekin 2022an
Ikerketa eta garapen teknologikoko zentroak 128 milioi euroko fakturazioa izan du aurreko ekitaldian, 2021ean baino % 6,7 handiagoa.
Datu horiek TECNALIAk enpresei I+Ga transferitzeko duen estrategiaren emaitza dira, zeinaren helburua baita bi alderditan eragitea: alderdi ekonomikoan eta alderdi sozialean. Estrategia horren ondorioz, 9.500 enpresarekin lankidetzan aritu da bere 11 urteko historian (% 73 ETEak), eta bere jardunak 678 milioi euro sortu ditu Euskadiko BPGan 2022an.
Emaitza horiekin, sendotu egin du I+G+Bko bere lidergoa, eta Plan Estrategikoaren 2. etapari ekin dio, zeinaren helburua baita inpaktu ekonomikoa eta soziala ikerketa teknologikoaren eta berrikuntzaren bidez indartzea, eta enpresen eta gizartearen eraldaketa-eragile izatea etorkizuneko erronketara egokitu daitezen, hau da, fabrikazio adimendunera, eraldaketa digitalera, trantsizio energetikora, mugikortasun jasangarrira, osasun pertsonalizatura, hiri-ekosistemara eta ekonomia zirkularrera.
Horretarako, 13 milioi euro bideratuko ditu garapen, ekipamendu eta azpiegitura berrietarako, eta % 11,2 gehiago inbertituko du.
Hauek dira 2023rako apustu teknologiko nagusiak eta hazteko ahalmena dutenak: konputazio kuantikoa, adimen artifiziala, fabrikazio aurreratua, mugikortasun jasangarria eta hidrogenoa, deskarbonizazioa zeharkako ardatz gisa hartuta.
TECNALIA ikerketa eta garapen teknologikoko zentroak 128 milioi euroko fakturazioa izan du 2022an; hau da, aurreko ekitaldian baino % 6,7 gehiago fakturatu du, eta I+G+Bko erreferentziako zentro gisa duen lidergoa sendotu du enpresen artean. Hala, TECNALIAk industriarekin duen jarduera handitu egin du azken ekitaldian, eta 4.200 soluzio teknologiko baino gehiago garatu ditu 2.000 enpresarekin.
Hala aurkeztu dute gaur goizean TECNALIAko lehendakari Alex Belaustegik eta zentroko zuzendari nagusi Jesús Valerok. Azken horrek nabarmendu duenez, “datu horiek TECNALIAk enpresei I+G+Ba transferitzeko gauzatu duen estrategiaren emaitza dira”. Esan duenez, “estrategia horren helburua da bi alderditan eragitea: alderdi ekonomikoan eta alderdi sozialean. Eta estrategia horren ondorioz, 9.500 enpresarekin lankidetzan aritu gara gure 11 urteko historian; haietako % 73 ETEak dira. Hala, haren jarduerak 678 milioi euroko BPGa sortu du Euskadin 2022an.
Bestalde, lehendakariak hauxe gogorarazi du: “enpresen eta gizartearen zerbitzura dagoen tresna bat gara, eta 2022a erronka handia izan da guretzat eta enpresentzat, zeinek erresilientzia, egokitzapena eta ahalegina erakutsi baitituzte errealitate berri horri aurre egiteko; eta, zalantzarik gabe, giltzarrietako bat haien jarrera berritzailea izan da”.
Enplegua, aberastasuna eta balioa ingurunerako
Emaitza horiek TECNALIAko giza taldearen lanaren emaitza dira. Talde hori 1.500 adituk osatzen dute, eta, 2022an, % 2,5eko hazkundea izan da aurreko urtearekin alderatuta. Bikaintasun teknologikoaren bidez, I+G+Bko 4.235 soluzio teknologiko garatu dira, 2021ean baino % 1,4 gehiago. Talde horren osagarri, TECNALIAk 35 aliantza estrategiko ditu mundu osoko zenbait ikerketa-zentrorekin eta erreferentziako enpresarekin. Sare hori % 40 hazi da 2021ekin alderatuta.
Kopuru horri TECNALIAk parte hartzen duen enpresetan lan egiten duten 90 pertsonako taldea gehitu behar zaio; 2022an, zuzeneko lanpostuak % 29 gehitzea lortu dute. Izan ere, inguruko kalitatezko enpleguaren sortzaile nagusietako bat da. Nabarmentzekoa da, halaber, zentroko lanpostu bakoitzeko Euskadiko beste 6,88 lanpostu mantentzen direla, hau da, aurreko urtean baino % 9 gehiago (9.706 lanpostu guztira).
Jabetza Intelektualaren Salmentaren (JIS) atalean, zentroak 8,1 milioi euroko diru-sarrerak izan ditu; hau da, % 13,62ko igoera izan da 2021eko ekitaldiaren aldean. Gainera, 740 patente ditu zorroan, eta partaidetza du 14 OTEB edo Oinarri Teknologikoko Enpresa Berritan; horri esker, % 20 egin du gora fakturazioak, eta ia 8 milioi eurora iritsi da. Datu horiei esker, Jabetza Intelektualaren Salmentaren bidezko itzulkinari dagokionez, Europako zentro teknologikorik onenetako bat da TECNALIA. Bestalde, bosgarren urtez jarraian, Espainian Europako patente gehien eskatu dituzten erakundeen artean dago. Zehazki, Europako patente-eskaeretan, Espainiako laugarren erakunde pribatua da.
Hain zuzen, Europako esparruan, Espainiako erakunde pribatu nagusi gisa duen lidergoa finkatu du TECNALIAk, Europako Batzordearen Horizon Europe programako proiektuen kontratazioan, parte-hartzean eta lidergoan, eta 15. postuan dago Europako 1.822 ikerketa-erakunderen artean. Programak abian daramatzan 2 urteetan, 94 proiektu lortu ditu guztira, eta haietako 16tan izan da buru. Proiektu horietan, Espainiako 118 enpresarekin lankidetzan aritu da.
2023rako erronkak
TECNALIAk Plan Estrategikoaren 2. etapari ekin dio, zeinaren helburua baita inpaktu ekonomikoa eta soziala ikerketa teknologikoaren eta berrikuntzaren bidez indartzea, eta enpresen eta gizartearen eraldaketa-eragile izatea etorkizuneko erronketara egokitu daitezen, hau da, fabrikazio adimendunera, eraldaketa digitalera, trantsizio energetikora, mugikortasun jasangarrira, osasun pertsonalizatura, hiri-ekosistemara eta ekonomia zirkularrera. Gainera, 13 milioi euro bideratuko ditu aurtengo ekitaldirako, inbertsio, ekipamendu eta azpiegitura berrietarako; hau da, inbertsioa % 11,2 handituko da.
Hauek dira 2023rako apustu teknologiko nagusiak eta hazteko ahalmena dutenak: konputazio kuantikoa, adimen artifiziala, fabrikazio aurreratua, mugikortasun jasangarria eta hidrogenoa, deskarbonizazioa zeharkako ardatz gisa hartuta.
Hala, industria-arloan, nabarmentzekoa da Sidenor, Tubos Reunidos, Arcelor-Mittal, Ibarmia eta Furesa enpresekiko lankidetza, zeinaren helburua baita industriaren deskarbonizaziorantz aurrera egitea prozesu adimendunagoak, eraginkorragoak, jasangarriagoak eta ingurunea gehiago errespetatzen dutenak erabiliz.
Etorkizuneko beste joera nagusietako bat mugikortasun gero eta jasangarriagoa da, hiri-ingurunearen aldaketa sakona ekarriko duena. TECNALIAk honako hauen bidez landuko du hori: Concept Integrity aerotaxia, zeina industrializazio-fasean baitago Umiles Next enpresaren eskutik, eta 2022an lehen aldiz egin ditu probak eremu irekian Frantzian eta Espainian; autobus adimenduna, konektatua eta zero emisio eragiten dituena, zeina Irizarrekin ari baita garatzen eta Zaragozan ari baitira probatzen; ibilgailuen automatizazioa, Renault eta Alda enpresen eskutik, besteak beste; eta MUBIL mugikortasun-poloa, Gipuzkoan, non TECNALIAk mugikortasun jasangarrirako eta trantsizio energetikorako eraikin bat izango baitu.
Energiaren-arloan, 2022an HarshLab-aren bertsio berria jarri da martxan, offshore industriara zuzendutako saiakuntza laborategi flotatzailerik handiena, eta bertan enpresek euren lehiakortasuna hobetzeko material eta garapenak ingurune erreal batean probatzeko aukera dute.
Hidrogenoari dagokionez, aurten, energia-bektore hori sortzeko eta metatzeko osagaiak eta materialak probatu eta ebaluatzeko laborategi aitzindari bat jarriko du martxan Donostian.
Teknologia emergente handi berria konputazio kuantikoa da. Teknologia horretan, TECNALIA garapen tekniko berriak sortzen ari da mekanika kuantikoaren propietateak aprobetxatzeko eta adimen artifizialeko eredu hibrido klasiko-kuantikoak inplementatzeko, optimizazio kuantikoko algoritmoetan eta ikasketa automatikoan indar berezia eginez, Quantum Mads eta Ibermática enpresekin lankidetzan, besteak beste.
Hiri-ekosistemaren esparruan, hauen aldeko apustua egin du: fabrikazio aditiboa eraikuntzan, biki digitalak eraikinetarako, baliabideen zirkulartasuna eraikinak eraikitzeko, eta efizientzia energetikoa eraikingintzan. Horretarako, datu-eredu adimendun bat sortu du, Smart City zerbitzuak eta ekimenak garatzen laguntzeko.
Osasunaren arloan, doitasunezko medikuntzarekiko konpromisoa azpimarratu behar da. Euskal Herriko Unibertsitatearekin batera, Euskadiko funtzio anitzeko lehen bioinprimagailua jarri du abian farmazia-industriarako. Hari esker, terapia pertsonalizatuak garatu ahal izango dira esparru pediatrikoan, zahartze osasungarrian eta medikuntza birsortzailearen eta ehun-ingeniaritzaren arloan, fabrikazio aditiboko teknologien bidez.
Aldi berean, enpresak azeleratzeko programa propioa jarri du abian TECNALIAk, DeepTech4Impact, zeinak, gaikako deialdien bidez, enpresa berriak sustatuko baititu teknologikoki. Teknologia sofistikatuetan (deeptech) oinarritutako startupak ditu jomuga, eta zentroaren garapen teknologikorako gaitasun guztia eskaintzen die. Horretaz gain, ibilbide luzeko bazkide-zerrenda bat du, zeinekin arriskuak eta onurak partekatzen baititu.
Ekimen horien guztien eragin ekonomikoari, eragin soziala gehitu behar zaio, Belgikako IDEA aholkularitza-enpresak 2022an egindako “Tecnaliaren inpaktu soziala: I+G+Baz haragoko eraldaketetarako ekarpena” txostenean adierazten den bezala. Han ondorioztatzen denez, TECNALIAk, I+G+Bko jardueraz gain, Garapen Jasangarrirako Helburuak lortzeko beharrezko aldaketak egiten laguntzen du, administrazioekin, enpresekin eta gizartearekin batera etorkizuna bideratzen eta helburu horiek lortzeko beharrezkoak diren aldaketak sustatzen eta bizkortzen laguntzen duten jardueren bidez.