Tecnaliak eta IK4k 2,3 euroko ekarpena egin diote EAEko BPGari eurengan inbertitutako euro publiko bakoitzeko
Euskadiko sei zentro teknologiko Tecnalian bat egitearen ondorioz –eta etorkizunean Euskadin dagoen beste talde teknologiko handiaren, IK4 kasu, balizko integrazioaren zain–, mota horretako zentroek garatzen duten I+G lanaren garrantzia mahaigaineratzen da. Nahiz eta Euskal Autonomia Erkidegoan I+Gn egiten den inbertsioak Espainiako batez bestekoaren gainetik egon, oraindik urruti dago Europako erreferente nagusietatik, Suediatik eta Finlandiatik, alegia. Herrialde eskandinaviar horiek beren BPGaren %3,4 baino gehiago zuzentzen dute berrikuntza eta garapen lanetarako.
Testuinguru horretan, Patxi López lehendakariak dei egin zuen pasaden astean EAEk Barne Produktu Gordinaren %2,5 I+Gra zuzen dezan lau urteren buruan. Hala, egungo %1,6 gaindituko eta Alemaniaren maila berean, %2,5 inguruan, kokatuko litzateke eta Europako batez bestekoa, %2,5, gaindituko luke. Euskal zentroek duela pare bat urte Deloitte aholkularitzari eskatu zioten azkeneko hamarkadan aipatu erakundeen lanak euskal ekonomiara egindako ekarpenari buruzko azterlana gauzatzeko. 1997-2006 epealdia islatzen zuen txosten horren arabera, euskal zentro teknologikoetan inbertitutako diru publikoko euro bakoitzeko zentro teknologikoek 2,3 euroko ekarpena egin zuten EAEko BPGra.
Kopuru absolutuetan, euskal zentroek Euskal Autonomia Erkidegoko BPGari egindako ekarpena 1.000 milioi euro ingurukoa izan zen eta oinarri teknologikoko ehun enpresa baino gehiago sortzen lagundu zuten. Azterlanean zentro teknologikoek egindako geroz eta ahalegin handiagoa islatzen zen ere bai. Hala, aztertutako epealdian, zentro horiek sortutako BPGa nahikoa areagotu egin zen, 2006an %45eko igoera izan baitzuen 1997rekin alderatuta. Era berean, zentroen jarduerak azkeneko hamar urteetan 3.400 lanpostu baino gehiago ekarri zituen.