TECNALIAk eta UNESCOk eremu historiko klima-aldaketarekiko zaurgarriak leheneratzeko plataforma bat abiarazi dute
Arriskuan dauden eremu historiko eta kulturalen erresilientzia hobetzeko soluzioen bilduma bat da, eta dagoeneko hasiak dira Italiako, Turkiako, Herbehereetako, Europako hego-ekialdeko eta Galiziako eremu pilotuetan inplementatzen
Azken hamarkadetan, ondare kultural eta naturalak klima-aldaketatik eratorritako ondorio gero eta ugariagoen eragina jasan du. Hala, kontserbazio-arduradunek erronka berriak dituzte. Bestalde, bero-boladak, uholdeak, suteak, ekaitzak eta bestelako arrisku-gertaerak desberdinak dira Europako eskualde bakoitzean.
Komunitate zientifikoa eta ondarearen kudeatzaileak harremanetan jartzeko eta eremu historiko, kultural eta naturalak modu seguruan berreraikitzeko jarraibide egokiak partekatzea bultzatzeko, TECNALIA ikerketako eta garapen teknologikoko zentroak, Hezkuntza, Zientzia eta Kulturarako Nazio Batuen Erakundearen (UNESCO) laguntzarekin, klima-aldaketarekiko eremu zaurgarriak leheneratzeko plataforma bat jarri du martxan. Arriskuan dauden eremu historiko eta kulturalen erresilientzia hobetzeko soluzioen multzo bat da, eta, prozesuan, autodiagnostikoko tresnak eta monitorizazioa erabiliko dituzte erabakiak hartzeko. Euskal Herriko Unibertsitatea (EHU) eta EGIS euskal enpresa ere aritu dira sistema hori garatzeko lanetan.
Plataforma zuzentzen zaie tokiko agintariei, hiri-planifikatzaileei, kontserbazioko profesionalei, lehen laguntzako langileei (besteak beste, suhiltzaileak, medikuak eta polizia) eta ondare kulturalaren jabe eta administratzaileei, eta helburua da eremu historikoak erresiliente, zirkular, adimendun eta inklusiboagoak bihurtzeko prozesua gidatuko duten tresnak eskaintzea, kontzientzia, egokitzea eta arriskuen aurkako prestaketak aprobetxatuz.
Europako ikaskuntza-sarea
Sistema Europako ekimen baten barrukoa da, eta zenbait tokitan aplikatzen ari dira, Europako klima- eta ingurumen-erronka nagusiak kudeatzeko: Ravena (Italia), Seferihisar (Turkia), Dordrecht (Herbehereak), Sava ibaiaren arroa (Europako hego-ekialdea) eta Baixa Limia-Serra do Xurés Parke Naturala (Galizia). Ikerketa-kasu guztiak ikaskuntza-sare baten bidez lotzen dira. Hala, ezagutzak, esperientziak eta kudeaketako jardunbide egokiak etengabe trukatu ahal izango dira, eta ikaskuntza-prozesu onenetarako irispidea erraztuko da.